Euskararen kale erabilera neurtu zuten joan den urtean, eta haren emaitzen berri Altsasuko Iortia kultur gunea emanen dituzte asteartean, 19:00etan. Gauza jakina eta ikertua da Euskaraldiak irauten duen bitartean jendeak euskara gehiago hitz egiten duela euskaraz. Ariketa kolektiboa horretarako baita, pertsonak aktibatuz, euskararen erabilera soziala handitzeko.
Euskaraldia azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an despedituko da. 42 egun falta dira Euskaraldia hasteko. Beti bezala bi rolen artean aukeratzeko aukera izanen dute herritarrek: belarriprest eta ahobizi. Aurreko edizioetan izena eman zutenek, parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko, www.euskaraldia.eus gunean sartuta edo posta elektronikoan jasoko dituzten mezuen bidez. Gainera, euskaraz hizketatzeko espazio seguruak, ariguneak, sortzeko aukera dago lastailaren 31ra arte. Arigune izan daitezke mota guztietako elkarteak, entitateak, dendak, lantokiak, enpresak kuadrillak… Antolatzaileen esanetan, “beste behin ere, lortu nahi dugu herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta leku zabalagoa izan dezan”. Horretarako, Sakanako herrietako batzordeek Euskaraldia hasi bitartean informazioa eta aholkuak zabalduko dituzte, “belarriprest eta ahobizi guztiek ariketa ahalik eta modu prestatu eta erosoenean” egiteko.
Adierazpenak
Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek aurkezpenean esan zuenez, “Euskaraldia indartsu datorrela eta aurten ere Euskal Herri osoan ariketa egingo duten milaka pertsona eta arigune prestatzen ari direla sumatzen dugu. Beraz, gizarte osoari, gizarteko sektore eta erakunde guztiei dei egiten diegu aurtengo ariketan parte hartzeko″. Euskaraldia maila indibidualean nahiz kolektiboan egin daitekeela nabarmendu zuen, eta, bide batez, ariketa sozialaren helburua gogorarazi zuen: ″erabilera-dinamikak abiatzeko edo indartzeko aukera paregabea da″. Gainera, ″bakoitzak gure lorpenak eta erronkak plazaratzera″ animatu zuen, ″hau ez baita euskararen aldeko egitasmo bat, erabileran pauso zehatzak emateko ariketa baizik: bai herritarrendako eta baita erakunde eta gizarte eragileendako ere”.
Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta bozeramaileak, ariguneen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “aurreko edizioan pandemiaren momentu latzenetan jarri genituen martxan ariguneak. Bagenekien ez zela erraza izango ariguneak martxan jartzea. Baina, hala ere, 8.000 egoitzak baino gehiagok eman zuten izena Euskaraldian eta 24.000 arigune sortu ziren″. Bide horretan jarraitzeko deia egin zuen, zeren ″ariguneen eragina handia da, arigunea osatzen duten partaideengan eragiteaz aparte, entitatean euskararen erabileran pausoak emateko abiapuntu izan daitezkeelako eta entitateetatik kanpora herritar multzo zabalagoetara heltzeko aukera ematen duelako″. Ariguneek duten garrantziaz jabetuta, bultzada handiagoa eman behar zaiola nabarmendu zuen Zupiriak, eta ″ariguneetan salto kuantitatibo eta kualitatiboa emateko aukera izango″ dela azaldu zuen.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariaren iritziz Euskaraldiak hiru edizioetan ″oso bilakaera oparoa″ izan du. Ollok nabarmendu zuenez, ″elkarlana da Euskaraldiaren abiapuntua eta oinarria, eta honetan denok gara beharrezko eta dugu zeregina: erakunde publikoak, Euskaltzaleen Topagunearen bidez antolatutako gizarte zibila eta haien borondatez, eta gogotsu, animatzen diren tokiko erakundeak, era guztietako entitateak eta askotariko norbanakoak”.