Pilota

Asteburu pilotazalea

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 30a, 12:00
Joanes Bakaikoak hitzordu bikoitza du. Larunbatean Lau eta Erdiko atarikoa jokatuko du Tolosan, eta igandean Etxarri Aranazko ferietako pilota jaialdian ariko da.

Ezkurdia eta Zabaleta CaixaBank Masterseko finaleko txartelagatik lehiatuko dira gaur, ostirala, Nafarroa Arenan. Bakaikoak Lau eta Erdiko atarikoa jokatuko du larunbatean Agirreren kontra, eta Etxarrik kaiolako txapelketako beste atariko bat hartuko du igandean

Pilota mundua bor-borka dago. Batetik, CaixaBank Mastersa erabakiko da, eta, bestetik, Lau era Erdiko bi atariko jokatuko dira, bata Tolosan eta bestea Etxarri Aranatzen.

CaixaBank Masterseko finalerdiek ikusmin handia piztu dute, eta Nafarroa Arenak sarrera polita izango duela aurreikusten da. Izan ere, gaur jokatuko diren finalerdietan egungo pilotari onenetakoak lehiatuko dira: Ezkurdia eta Mariezkurrena Jakaren eta Zabaletaren kontra, batetik, eta Altuna III.a-Imaz Irribarriaren eta Albisuren kontra, bestetik. Lau bikoteek igandeko final handian egon nahi dute eta, horregatik, partida ederrak espero dira. Sakandarrek finalista ziurtatu dugu, Ezkurdia edo Zabaleta, bietako bat igandean Nafarroa Arenan egongo delako. 

Joanes Bakaikoa, kaiolan
Txapelketa bat bukatu, eta bestea hasi. Nahiz eta oraindik aurkezpen formala ez egin, asteburu honetan hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, bi atarikoekin. Joanes Bakaikoa etxarriarra izango da lehian sartuko den pilotarietako bat. Bakaikoak Agirre izango du aurkari larunbatean Tolosan. Etxarriarra sasoian dago, sentsazio onekin –Elordiri 18 eta 12 irabazi zion larunbatean Logroñon–  eta txapelketan hasteko gogoz dago.

Etxarri Aranazko jaialdi profesionala
Etxarri Aranatzek hartuko du Lau eta Erdiko beste atarikoa, igandean. Ferietarako antolatu den jaialdiaren barruan, Zubizarreta III.ak Larrazabal izango du aurkari. Txapelketako partida bukatuta, Peña II.ak eta Aaron Arbizu etxarriarrak Joanes Bakaikoa etxarriarra eta Eskiroz izanen dituzte aurkari.

Olaztin, afizionatuak
Olaztin San Miguelak ospatzen dituzte, eta afizionatuen mailako pilota jaialdia antolatu dute gaur, ostirala, 19:30ean. Emakumezkoetan, Mendiburu-Ibarrolak Oskoz-Zabaletaren kontra jokatuko dute, eta gizonezkoetan Olaetxea-Lazkozek Nazabal-Apezetxearen kontra.