Mendi lasterketak

Traileko korrikalariek hitzordu bikotza Urbasa-Andian

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 30a, 14:00
Bi urteren ondoren, Olatzagutia-Urbasa lasterketa bueltan da. Igandean, Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorriak hartuko du lekukoa.

Larunbatean 10:30ean jokatuko da Sutegik antolatutako XIV. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa eta igandean, 11:00etan, Etxarri Aranatzek hartuko du lekukoa, Udaberrik prestatutako 47. Mendira Joan Etorrian

Udazkenean bete betean gauden honetan, mendi korrikalariek bi hitzordu garrantzitsu dituzte asteburuan, biak Urbasa-Andia mendizerran jokatuko direnak.

Olazti, berrikuntzekin
Lehena larunbatean 10:30ean abiatuko den XIV. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa da. Sutegik Olaztiko Udalaren laguntzarekin antolatutako proba bi urteren ondoren bueltan da, pandemia dela eta azken bi edizioak ez baitziren jokatu. Eta bueltan da nobedade garrantzitsuekin.

Lehena da Olatzagutia-Urbasak ibilbide bakarra izango duela, (15,23 km eta 900 m desnibel +), aurreko lasterketako ibilbide laburra. Izena eman duten 102 partaideak Olaztiko San Miguel plazatik abiatuko dira Urbasako txoko zoragarrietatik barna ibiliko dira korrika: portu zaharretik Tontorraundira igoko dira, eta Portugain, Morterutxo, Zelai handi, Bargagain eta atzera ere Morterutxotik pasa eta gero, Urbasako Parkeko harrerako etxearen atzetik Olaztirantz jaitsiko dira, San Miguel plazara.

Beste berrikuntza da, mendi lasterketa jokatzen ari den bitartean Olaztin haurrendako lasterketak antolatu dituztela: GP motorrak (0-4 urte bitarteko haurrendako), eta 4 eta 7 urte bitarteko, 7 eta 10 urte arteko eta 10 eta 13 urte arteko haurrendako lasterketak. San Miguel festak direnez, haurrendako puzgarriak eta beste izanen dira.

Etxarrin, 47 urtez
Etxarri Aranazko feriak ezin dira ulertu Udaberri elkarteak hainbat entitateren laguntzarekin igandean antolatutako Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria mendi lasterketarik gabe. Aurten 47. edizioa jokatuko da, 11:00etan abiatuko da eta lasterketak ez du aldaketarik: Etxarriko plazatik abiatuta, Urbasa-Andiako Bargara igo beharko dira korrikalariak, Hartzabalera, Maiatza jartzen den tokira, eta handik plazara jaitsi. 10 km eta 557 m desnibel + dituen lasterketan izena ematea zabalik dago, Kronoak webgunean. 
Joan zen urtean euria gogotik ari zela jokatu zen lasterketa eta duela bi aste Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean bigarren sailkatu ziren Mikel Beunza (45:24) eta Maria Ordoñez (52:14) gailendu ziren. Ordoñezek errekorra apurtu zuen, lau segundotan.