Futbola

Derbiko hiru puntuak Etxarri Aranatzen geratu ziren

Guaixe 2022ko urr. 4a, 12:30

Etxarri Aranatzek irabazi zuen derbia.

Preferente maila. Lehen multzoa. Laugarren jardunaldia: Etxarri Aranatz 3 – Lagun Artea 1 / Salesianos 0 – Altsasu 2

Asteburuan Preferente mailako laugarren jardunaldia jokatu zen eta jardunaldi honek talde sakandarren arteko lehen derbia ekarri zuen, Etxarri Aranatzek eta Lakuntzako Lagun Arteak larunbatean San Donato zelaian jokatu zutena. Ikusmina handia zen, bi taldeek aspalditik ez baitzuten elkarrekin jokatzen, baina Lagun Artea Lehen Maila Autonomikotik jaitsi denez, hemendik aurrera ez da hala izango. 

Arratsalde eguzkitsuan eta giro onean jokatu zen derbia, zaletu etxarriarrak eta lakuntzarrak bildu zituena. Lagun Arteak talde gazte zeharo eraberritua du, lakuntzarrak oraindik talde hori josten eta egokitzen ari dira, eta nabaritu zen, Etxarri Aranatzek talde egonkorragoa baitu. Partida hasi eta berehala Iñigo Arratibelek Etxarri Aranatz aurreratu zuen, eta 20 minutu beranduago Xabat Goikoetxeak bigarrena sartu zuen. Lakuntzarrak saiatzen ziren, baina ezin izan zioten buelta eman. Bigarren zatian Etxarriren hirugarren gola sartu zuen Xabier Ormazabalek, eta partida bukatzear zegoela, 90. minutuan Yonatan Davilak Lagun Artearen ohorezko gola sartu zuen. Horrela, 3 eta 1 irabazita, hiru puntuak Etxarri Aranatzen geratu ziren. 

Bestalde, aurten mailaz igo den Altsasuk garaipenaren xendan jarraitzen du. Larunbatean salestarretan jokatutako partida azken unean erabaki zen. Ordura arte, Salesianosek eta Altsasuk euren saiakerak izan zituzten, baina ez zituzten gauzatu. 82. minutuan Jose Joaquin Montoyak Altsasuaren markagailua mustu zuen, eta partida bukatzear zegoela, 90. minutuan Javier Morrasek bigarren gola sartu zuen. 

Bigarren derbia, Altsasun
Universidad de Navarra taldeak eusten dio ligako sailkapenaren buruari (10 puntu). Altsasu laugarren da (9 puntu), Etxarri Aranatz zazpigarren postura igo da (7 puntu) eta Lagun Artea hamabosgarren da (2 puntu). Asteburuan bosgarren jardunaldia dago jokoan eta sakandarren arteko bigarren derbia egongo da jokoan, Altsasuk eta Etxarri Aranatzek Dantzalekun jokatuko dutena. Lagun Arteak, bestalde, igandean sailkapenean bosgarren den Lezkairu hartuko du, 16:30ean, Zelai Berrin.