Aixitaren berpiztea

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko urr. 5a, 15:00

Iñaki Sagredo historialaria Etxeberriko Aixitako gazteluaren aztarnen erakusketan.

Duela hamar urte inguru hasi zen Iñaki Sagredo Garde historialaria Bi Ahizpen dagoen gaztelua ikertzen eta arkeologia indusketetan. 'Aixitako gaztelua: Arakilgo zaindari' erakusketan bildu dute jasotakoa. 

Aixita gazteluaren lehenengo dokumentazioa Antxo VII. Azkarrarenak dira. XIII. mendean zenbait foru eman zituen: Irurtzun, Etxeberri… "Eta Aixita gazteluaz hitz egiten du". Dena dela, Iñaki Sagredo historialariak azaldu duenez, gazteluan egindako arkeologia indusketetan aurkitutako arrastoen carbono-14 probak 1.180-1.190 urteetan, gutxi gorabehera, gaztelua bertan zegoela erakusten dute. Erreferentzia dokumental "asko" dagoela esan du Sagredok. XV. mendean Johan de Erasok gaztelua konkistatu zuen erregearendako, eta 1512. urtean Albako Dukearen tropak Nafarroa konkistatzera sartu zirenean, eraistea erabaki zuten lehenengotariko gazteluetakoa Aixita izan zen.


Aixita Gazteluaren berregitea. UTZITAKOA

XXI. mendera arte. Sagredo Nafarroako Erreinuko gazteluetan aditua da, eta, besteak beste, Navarra, Castillos que defendieron el Reino liburua kaleratu du. 2010 urtean Arakilgo Udalarekin bildu zen Aixita gaztelua oso interesgarria iruditzen zitzaiolako, eta garaiko alkatea zen Ruben Goñik "aurrera" egiteko esan zion. "Arakilek asko bultzatu du Aixita, oso berea bezala hartzen du".

2010 eta 2020 urte bitartean indusketak egin dituzte Aixita gazteluan, eta bertan aurkitutakoa Aixitako gaztelua: Arakilgo zaindari erakusketan eta Sagredok Etxeberrin egin zuen hitzaldi batean bildu dute. Gainera, urriaren 2an ere Aixita gaztelura bisita gidatua antolatu zuten. Ekimen hauek 2022ko Ondarearen Europako Jardunaldiak, Ondare jasangarria programaren barruan antolatu ditu Arakilgo Udalak, Irurtzungo Udalaren laguntzarekin.


Erakusketa ikus zitekeen argazki bat; aljibearen berreskuratzea.

"Ruben Goñiri komentatu nion, garai hartan Arakilgo alkatea zena, bertan gaztelu bat zegoela eta garai hartan hasi ginen garrantzitsutzat jotzen Nafarroako Erresumako gazteluak. Adibidez, Iruritakoarekin urtebete lehenago hasiak ginen, eta orduan jendeak bertan zegoena ikus zezan aztarnak ateratzen hasi behar ginela esan genion, oso gutxi ikusten zelako". Aixita gaztelua zegoen lekura joan eta indusketak egiten hasi ziren, "eta arrastoak ateratzen hasi ziren, horiekin egiten genuena kontsolidatzen zen". Esaterako, gaur egun aljibea dagoen tokian, "ez zegoen ezer". Dena estalita zegoela azaldu du Sagredok, "zenbait zuhaitz zeuden, eta garbitzean eta indusketa egin ondoren, aztarnak atera ziren". Gaur egun aljibearen zati handi bat ikusten da. Denbora luzea pasa zuten harriak eta lurra ateratzen, "izugarria" izan zen. "Azkenean, nahiko ongi geratu da".

Indusketetan ateratako beste elementu bat dorrea izan da. "Bakarrik ilara bat ikusten zen, eta guk handitu dugu dorrea ongi ikusteko". Oso gutxi ikusten zenez, "jendeak ongi ulertzeko" forma mantenduz luzatu dute dorrea. "Agian pixka bat gehiago egin genezakeen, baina horrela utzi dugu".

Aurkikuntzak
"Gauzak" aurkitu zituztela bazekiten, "adibidez aljibea aurkikuntza bat izan zen ez genekielako bertan halakorik egongo zenik". Dorrea gutxi gorabehera non zegoen bazekitela azaldu du historialariak, "belarren artean harriak ikusten ziren". Baina arrasto eta harri asko desagertu direla aipatu du. "Adibidez, gaztelu guztiaren inguruan harresi bat zegoen eta seguruenik beste dorre bat zegoen". Jasotako informazioarekin Aixita gazteluaren berregitea egin dute. "Dorrea egon zitekeen tokian jarri dugu gutxi gorabehera, baina ez dakigu zehazki non zegoen".

"Nahiko ongi zegoen; bertan aztarnak aurkitu ditugu, eta hori oso ongi dago"

Sukaldeetan ohikoak ziren zeramika zatiak; ur edo ardo pitxer baten zatiak; elikadura arrastoak, esaterako, ahuntzen, behien eta txerri "askoren" hezurrak… Aixita gazteluan egindako indusketetan egunerokotasunean erabiltzen zituzten materialen zati asko aurkitu dituzte, eta Etxeberriko erakusketan "zati bat" baino ez dute jarri, deigarriena edo nabarmenena, bi erakusleihotan bilduta. Objektu nabarmenenetako bat ezpata da. "Ezpata bat agertu zen; ez da oso ohikoa ezpatak agertzea".

Nafarroan ezohikoa den beste aurkikuntzetako bat brontzezko pieza bat da, gerrikoan eramaten zena eta arkuarekin geziak botatzeko erabiltzen zena. "Gerrikoan jartzen zuten eta ballesta kargatzen zuenak kordarekin atzera botatzen zuen eta arkuaren tirantea kargatzen zuen. Aurkikuntza ikusgarria zela esan zuten. Izugarria da, oso aurkikuntza polita".


Aurkikuntzak erakusketan. 

Eraztun pare bat, azken urtean agertutako txanbil zati handi bat eta iltze asko ere ikus daitezke erakusketan. "Iltze asko agertzen dira. Estruktura guztiak egurrezkoa ziren eta uste dugu gaztelua ere egurrezkoa zela". Oholez egindako hesi bat dokumentatuta dago, eta sortu duten berregitean jarri nahi zuten, baina gaztelua ez zelako ongi ikusiko ez zuten jarri, "ikusiko dugu aurrerago jarriko dugun ala ez".

"Dorrearen zati bat aurkitu genuen, oso erabilgarria izan zaiguna, edo aljibearen harri guztiak. Hainbeste aurkitzea ez da ohikoena horrelako gaztelu txikietan". Kakotxen artean "nahiko ongi" zegoela esan du Sagredok, "aztarnak aurkitu ditugu, eta hori oso ongi dago". Iruritakoarekin alderatuta aljibearen hutsune hori dagoela eta haitza landuta dagoela esan du, "baina ez dago gehiago".

"Orain interesgarriena da jendea Aixitako gaztelura igotzea eta ezagutzea da"

Principe de Viana erakundeak ematen ditu gazteluan indusketak egiteko baimenak. "Udan etortzen ginen. Egon dira urteak ez garenak etorri, eta badaramatzagu pare bat edo hiru urte aurkikuntzaren garrantzia nabarmentzen". Esaterako, fase honetan berregitea egin dute, duela lau urte inguru ibilbidean eskailerak eta informazio panelak jarri zituzten eta horri guztiari "buelta" ematen ari zaizkio. "Interesgarriena da jendea igotzea eta gaztelua ezagutzea".


Indusketa lan asko auzolanean egin dira; erakusketan ikus zitekeen argazki bat. 

Arakilgo eta Irurtzungo udalak proiektuaren atzean egon dira "beti" eta "garbi izan dute garrantzitsua dela". Indusketa lanak egiteko auzolanak egin dira, "eta eskatu dugun bakoitzean jendea gustura joan da, historia kontatzen diegu, eta gero auzatea dago". Lan "gogorra" izan dela aitortu du Sagredok, "goraino igo behar da, haitzetik, eta nahiko gogorra da. Oraindik zakuak atera behar ditugu".

Historia
Aixita gazteluaz hitz egiten duen lehenengo dokumentua Antxo VII. Azkarrarena da, 1210ekoa. "Askoz gehiago daude". Dokumentu horietan alkaideak edo gazteluen arduradunak nor ziren agertzen da, baita Aixitakoak zein ziren eta nondik zetozen ere: "Latasa, Arbizu… hemengo jendea zen. Horregatik da garrantzitsua". Gazteluak izan zituen obren datak eta bertan bizi ziren soldadu taldeen eta bertan izan zituzten gauzen informazioa ere jasota dago. "Egon zen garai bat gaztelua erdi abandonatuta egon zena erregeak ez zeukalako dirurik, eta giltza arduradun bati eman zion bera noizbehinka gaztelua begiratzera joan zedin".

XV. mendean Johan Erasokoak gaztelua konkistatu zuen. Latasako pertsona oso garrantzitsua zen, eta garai hartan nafarren arteko borroka zibil bat zegoen. Johanek agramondarren alde borrokatzen zuen eta gaztelua erregearendako konkistatu zuen. "Badakigu urte hartan eraberritu zutela; beraz, garai hartara arte gehienbat egurrezkoa zen, eta urte hartatik aurrera harrizkoa egin zuten".

1512an Albako Dukearen tropak Nafarroa konkistatzera sartu zirenean, Aixita gaztelua eraistea erabaki zuten: "Behera botatzen lehenengotarikoa izan zen beldurra ematen baitzien haien bizkarraldean gaztelu bat izateak".

"Aixita bezalako gazteluak kontrol gazteluak ziren, defentsarako. Jendeari esaten diozu bertan gaztelu bat dagoela eta ez du sinisten toki txikiak izaten direlako". Gehienez hamar gizon bizi ziren bertan, eta bere misioa haranetako pasabideak kontrolatzea zen, baita arrisku egoeratan abisatzea ere. "Jendeak bertan gaztelu bat zegoela eta bertakoa zela ikusteko ere erabiltzen ziren". Mugarri defentsiboak ziren. "Oso bertakoa zen gauza bat zen, ez zen gizontxo feudalen zerbait". Aixitatik Iruñerriko sarrera, Larraungo pasabidea eta Sakanako harana kontrolatzen zuten, baita Ororregiko eta Garañoko gazteluekin, Oskiako pasabidea kontrolatzen zutenak. Aixitatik ikusten dira.

Oso xumeak ziren eta konponketetan emakumeek eta haurrek parte hartzen zutela azaldu du Sagredok. "Denek kobratzen zuten Foru Orokorraren bidez kontrolatuta zegoelako, oso garrantzitsua zena". Dena ekonomikoki erregulatzen zela azaldu du historialariak, "eta harritzekoa zen XIII. mendean obren kontrol hain handia egotea eta nola egiten ziren gauzak hain ongi". Obra maisua Aixitara joaten zen, zer konpondu behar zen begiratzen zuen, eta ondoren informatzen zuen, "gastuekin eta guztiarekin".

Aixita gazteluan egindako indusketak amaitu dituzte, eta orain hurrengo fase batean sartu da: balioa azpimarratzearena. 2013an Nafarroa Bizirik fundazioak mugarria jarri zuen, Nafarroako Erresumaren defentsa sistemako zenbait eraikinetan egin bezala. Sagredoren taldeak informazio panela jarri zuen, txapazkoa, eguraldiari aurre egin ziezaion. Ibilbidea seinaleztatuta dago, "landa ingurunea kontuan izanik, inguruarekin bat eginez", eta mendizale aditua izatea beharrezkoa ez den arren, "badu bere arriskua bideak". Haitz batean dagoela kontuan izan behar da, beraz, haur txikiekin joatea ez dela oso gomendagarria esan du historialarik.

Etorkizuna
"Zer geratzen zaio? Garrantzitsuena orain mantentze plan bat diseinatzea da. Guk bukatu dugu, baina landareak haziko dira berriro, harresiaren artean, natura horrelakoa delako". Festa bat antolatzea proposatu du Sagredok: "Marutegin, Araian edo Garañon, hori egiten dute. Esatea, adibidez: ‘Apirilaren 17an Aixita eguna ospatuko dugu’ eta aurretik auzolanean garbitzen eta argamasa jartzen eta abarretan hastea". Bi data finkatuko lituzke, beraz, historialariak, "bestela galduko da".

Irurtzunen eta Arakilen hasieratik prestutasuna izan dutela esan du Sagredok. "Egia da beste zenbait herritan sorpresa txarrak izan ditugula, hasieran bazirudielako baietz, baina gero beste alkate bat iristen zen eta ezetz esaten zuen haien kontuengatik". Baina Arakilen "beti" bat egiten dutela esan du.

Aixitaren historia laburra

Etxeberriko erakusketan irakur zitekeen informazioa:

1210
Gaztelua lehen aldiz Antso VII.a Azkarrak Arraiçega, Guiçairudiaga, Echaverri, Irurçun, Latorlegui, Aiçorbe Iruniuta-ri emandako foruetan.

1280-1378
XII. mendearen amaieran eraiki zen, bi ahizpen haitzaren gainean, Larraun ibaiaren igarobidean Arakilgo korridorearen igarobide estrategikoa babesteko. Gertu zegoen Oskiako pasabidea babesten zuten, Orarregi eta Garañoko gotorlekuak ikus zitezkeen. Konponketak jasan ditu urteetan zehar.

1405
1440. urtea baino lehen bota eta berreraiki behar izan zuten gaztelua; kalitate txarragokoa.

1461
Agramondarren eta beaumontarren arteko gerra zibilean Johan de Eraso agramondarrak Nafarroako erregearentzat bereganatu zuen. Eskerrak emateko, erregeak Etxeberriren ohiko petxak eman zizkion eta Goldaratzen errenta batzuk ordaindu zizkion.

1512
Gaztelako tropek Nafarroa konkistatu bezain lster suntsitzeko agindu zuten. Indusketa arkologikoetan, sute geruza bat aurkitu da gaztelua eta haren inguruak hartzen zituen gainazalean.

2010
Iñaki Sagredok zuzendutako Gestión Cultural Larrate taldeak ikerketa arkeologikoko lanak hasi zituen.