Ikasleek sortutako ipuina

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko urr. 5a, 13:07

'Liburu ibiltaria' proiektuan parte hartu duten zenbait ikasle eta irakasleak.

Ikastolen Elkarteak 'Liburu ibiltaria' ekimenaren bigarren edizioa egin du aurten. Jarduera honetan Euskal Herriko 28 ikastolako DBH3ko ikasleek ipuin bat osatu behar dute, klase bakoitzak istorioari nahi dion jarraipena ematen.

Asteotan Liburu ibiltaria Sakanako ikastoletan egon da, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan lehenengo eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan ondoren. Lizarrako ikastolan jarraitu du bidaia eta helmuga Tafallako Garces de los Fayos ikastola da, Nafarroa Oinezeko aurtengo antolatzailea. Oinez egunean "panel" batzuk jarriko dituzte eta liburua erakutsiko dute. "Liburu ibiltaria Ikastolen elkarteak sortutako ekimen bat da. Liburu nahiko handi bat da, egia esan, eta hutsik zegoen; ez zeukan ezer idatzirik", azaldu du Sonia Morentin Andra Mari ikastolako ikasleak. Bilboko Abusu ikastolako DBH hirugarren mailako ikasleak osatzen hasi ziren, aurtengo Ibilaldi-ko ikastola antolatzaileak, eta banan-banan Euskal Herriko 28 ikastoletatik pasako da. "Ikasleak gutxinaka idazten eta marrazten joan dira". Klase bakoitzak aurretik kontatutakoa irakurtzen zuen, eta ondoren istorioarekin jarraitzen zuen.

Helburuak
Amaia Orbegozo Iñigo Aritza ikastolako irakasleak azaldu duenez, ikastolen elkarteak helburu du, "euskaraz bizi, pentsatu, ondo pasa eta euskaraz aritzeko guneak eta ekimenak sortzea, zabaltzea eta sustatzea", eta horren barruan Liburu ibiltaria sartzen da. "Honen helburu nagusia da, batez ere DBH3ko ikasleei nolabaiteko gune bat euskaraz sortzea, beraien artean elkarlana sustatzea, baita liburu honen pasarte desberdinak irakurriz eremu soziolinguistiko desberdinen berri izatea". Euskal Herriko ikastola bakoitzak bere inguruari dagozkion ekarpenak egin ditu liburuan eta euskalki desberdinak agertzen dira, "eta oso aberasgarria izan da. Mamia badu".

Liburu ibiltaria-n DBH hirugarren mailako ikasleek parte hartzen dute. Andra Mari ikastolaren kasuan bi talde daudenez, gela batek istorioa idatzi zuen eta besteak ilustrazioak egin zituela azaldu du Morentinek. "Lehenengo taldearekin aurretik zeuden kapitulu guztiak irakurri genituen eta taldeka bildu ziren. Guztira, sei edo zazpi talde egin genituen, eta bakoitzak beraien bertsioa idatzi behar zuten, nahi zutena, beraien pasarteak sartuz; gustatzen zitzaizkien gauzak...". Behin pasarteak idatzi zituztenean, klasean ahozgora irakurri zituzten, eta bozketa bidez gehien gustatu zitzaiena aukeratu zuten eta hori jarri zuten liburuan. Hurrengo egunean, beste klasearekin aurreko guztia irakurri zuten, baita beste gelakoen bertsioa ere, eta horren arabera marrazkia egin zuten. "Bakoitzak bere marrazkia egin zuen, eta gehien gustatu zitzaiguna jarri genuen".

Iñigo Aritza ikastolaren kasuan gela bakarra dagoenez gela horrek landu zuen guztia. Orbegozo: "Aipatzekoa da oso garrantzitsua iruditzen zitzaigula ikasleei testuinguru egoki bat ematea, baita liburu hau zer zen eta zer helbururekin parte hartuko genuen ekimen honetan adieraztea". Hasteko, ipuina ulertzeko ekintzak egin zituzten. "Horretarako eskema bat egin genuen pertsonaia motekin, zer euskal idazle, zer musikari agertzen ziren, tokiak eta abar". Modu horretara ikasleek zituzten aurre ezagutzak aktibatzen direla esan du irakasleak, "eta euskal kulturan eta munduan barneratzen dira lehenengo momentutik eta irudimena lantzeko aukera izaten zuten ere".


Liburu ibiltaria' osatzen. UTZITAKOA

Talde handian egin zuten eskema, eta gero talde txikitan banatu ziren eta bakoitzak rol bat zuen: idazkaria, bozeramailea, elkarrekintza arduraduna eta abar. "Ideia zaparrada talde txikietan egin zuten". Taldetan sortutakoarekin bateratze bat egin zuten eta "ideia politenak" hartuz pasarte bat jarri zuten liburuan. "Jakinaren gainean geunden liburua amaitzear zegoela, eta nahi genuen ondoren zetozen ikastolei bukaera hori erraztea". Liburuan idazteko bi idazkari izendatu zituzten, eta marrazkiak egin zituzten ere. Istoria amaitzear zegoela eta Morentinek ere aipatu du ondoren etortzen zirenak laguntzeko, "pertsonaia gehiago ez hiltzen" saiatu zirela. Emaitzarekin "pozik" gelditu dira irakasleak, "oso polita gelditu zen". "Oso ikasle abilak ditugu, irakasleok baino abilagoak".

Esperientzia
Morentin eta Orbegozo irakasleak, eta Iñigo Aritza ikastolako Beñat Andueza eta Magali Urteaga eta Andra Mari ikastolako Elene Andueza, Sugaitz Bumiller eta June Ganboa ikasleak Beleixe Irratian Liburu ibiltaria proiektuaren inguruan eta bertan parte hartzen izan duten esperientziaz hizketan aritu ziren, eta aitortu dutenez, liburua osatzeko orduan ez dira eztabaidak egon. "Ongi ibili gara, ez dugu eztabaidarik izan". Proiektuaren ideia gustatu zaiela esan dute ere.

Lier eta Laia dira Liburu ibiltaria-ren protagonistak, ikasleek kontatu dutenez. Izan ere, aurretik idatzitako guztia irakurri behar izan dute. "Euskararekin lotura duen ibilbide bat egiten ari dira, eta Euskal Herriko herri desberdinetatik pasatu dira". Liburua Etxarri Aranatzera Berako Labiaga ikastolatik iritsi zenean, musikari bat kontratatu behar dute protagonistek, kontzertu bat eman behar dutelako. Istorioan zehar ere izaki mitologikoak agertzen direla aipatu dute. "Guk istorioa jarraitu genuen", eta Altsasura "musikari pila bat" iritsi zirela azaldu dute Iñigo Aritzako ikasleek. "Etxarrikoek Basajaunen koban amaitu zuten beraien pasartea, eta guk Euskal Herriko erdigunera ekarriko ditugu musikari, idazle eta poeta guztiak". Beriainen bilera bat osatzera "bidali" dituzte.

Ipuinak, beraz, jarraipena izan du, eta bukatzear dagoen arren, oraindik zenbait kapitulu gehituko diote. Altsasutik Lizarrara bidaiatu du, eta bertatik Iruñeko Jasora joanen da, bidaia Tafallan amaitzeko. Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du aurtengo Nafarroa Oinez, urriaren 16an, eta bertako DBH3ko ikasleei dagokie ipuinari amaiera ematea.

Ondoren, parte hartu duten ikastolek liburuaren aletxo bat jasoko dute, oroigarri gisa.