Lehen mailako osasun arreta berregiteko babes eske

Guaixe 2022ko urr. 11a, 08:46

Olatzagutian osasun publikoaren aldeko kontzentrazioa egin zuten festetan. ARTXIBOA

Sakanako Osasun Publikoaren aldeko plataformak eragileen artean idatzia zabaldu du.

Nafarroako Parlamentuan osasunari buruzko Foru Lege berriaren oinarriak zirriborratuko duen batzordea hilabete honetan eratuko da. Sakanako Osasun Publikoaren aldeko plataformako kideen iritziz "asko dago babesteko eta hobetzeko, besteak beste, arrisku larrian dagoen lehen mailako arreta bermatzea". Horregatik, erakunde eta gizarte mugimenduen ahotsa entzuna izan behar duela uste dute plataforman, "pertsona guztiondako osasun sistema publiko, duina, kalitatezkoa eta unibertsala eratzeko eta mantentzeko". Eskaeraren aldeko babesa jasotzeko idatzia zabaldu dute, eragileen atxikimendua lortzeko asmoz. 

Plataformatik gogorarazi dutenez, "finantza krisiaren aitzakiarekin gastu publikoa murriztu zutela eta, ondorioz, osasun publikoa nahikoa ukituta gelditu zen: hutsik gelditutako lanpostuak ez ziren bete eta normaltzat hartzen hasi zen plaza huts horiek plantillakoekin betetzea, horrek dakarren lan karga handiagoarekin, arreta egokia eman ezinik ibiltzea eta itxaron zerrendak handitzea". Plataformako kideen iritziz, pandemiak agerian utzi duenez, "osasun sistema publikoa indartu behar da, edo lur jota geratuko da". 

Burunda mendebaldeko osasun eremuan dagoen profesionalen faltaz gaztigatu dute. Nafarroako Gobernuak iraila erdialdean iragarri zuen bost mediku zeudela dagoeneko. Baina Altsasuko osasun etxean zenbat mediku dauden jakinarazten duten kartelak jartzen segitzen dute langileek. Egun batetik bestera mediku kopurua aldatzen da: duela bi aste lau mediku besterik ez ziren egon bi egunetan, eta gutxiago egon direnak ere badaude. Horregatik exijitu dute, "plantilla osatzea, %100ean martxan jartzeko".