Euskara praktikatzeko Mintzakide programa hastear da

Guaixe 2022ko urr. 10a, 13:01

Mintzakideek egindako ibilaldia. ARTXIBOA

Euskaraz hitz egin ohi dutenak euskaraz egin nahi dutenekin elkartzen dituen programa da.

Hitz egitean norberak erabiltzen duen euskara hobetzeko, gehiago erabiltzeko, euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu, jende berria ezagutu eta ondo pasatzeko, ingurune euskalduna sortu, indartu edo zabaltzeko… helburuak ditu Mintzakide programak. Konpromiso bakarra eskatzen die Mintzakidek parte hartzaileei: ordubete astean eta gutxienez ikasturte batean egotea, ez da besterik eskatzen. Talde txikietan elkartzen dira partaideak. Tabernan, paseoan, plazan, kirola egiten, dantzan… talde bakoitzak erabakitzen du zer ekimen egin nahi dituen. Guztia euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko. Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Sakanako Mintzakiden izena eman nahi duenak 600 482 024 telefono zenbakira hots egin edo Whatsapp mezua bidali edo sakana_mintza@aek.eus e-postara mezua idatzi besterik ez da egin behar. Izen ematea dohainik da. 

Aurten Mintzakiden izena emateko beste arrazoia Euskaraldia da, euskararen erabilera soziala handitzeko ariketa kolektiboa azaroaren 18tik abenduaren 2ra eginen dena.