Mendi lasterketak

Olaztin eta Etxarrin Urbasa-Andiara begira

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 10a, 11:00

Aritz Munarriz eta Etxarri Aranazko errekorra apurtu zuen Maria Ordoñez, Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorrian Urbasako Bargan gora.

Eki Imaz eta Izaskun Beunza gailendu ziren Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketan eta Ion Sola eta Maria Ordoñez Mendira Joan Etorrian, goizeko lainoari eguzki ederrak lekukoa hartu eta gero. Olaztin etxekoak izan ziren protagonista, eta Etxarri Aranatzen Ordoñezek bigarren urtez jarrian errekorra apurtu zuen

Asteburuan bi mendi lasterketa jokatu ziren Sakanan: larunbatean Sutegik antolatutako XIV. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa (15,23 km eta 900 m desnibel +) eta igandean Udaberri elkarteak antolatutako 47. Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria (10 km, 557 m desnibel +). Biak baldintza ia antzekoetan erabaki ziren, hau da, lainoarekin hasi, eta eguzkia ondoren, eguraldi fresko, sano eta korrika egiteko aparta.

Olaztin, giro berezia
Olaztin 102 korrikalarik eman zuten izena eta horietatik 88 sailkatu ziren, tartean 21 sakandar. “Lehen, Olaztitik aterata Urbasako zuloraino igo eta jaisten zen lasterketa izaten zen Olaztin. Zazpi urte inguru iraun zuen. Eta ondoren antolatu zuten Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa, aurten 14. edizioa izan duena. Hasieran proba luzea eta motza zeuden, baina azken hiru edizioetan proba motzaren alde egin dugu eta uste dut asmatu dugula. Ibarreko eta inguruko jendea poliki dator eta giro polita egoten da. Lasterketetako partaidetzak behera egin duela kontuan hartuta, 102k izena eman dute gurean eta pozik gaude” azaldu du antolakuntzako Fermin Zornozak. “Sutegik eta herriko korrikalariek antolatzen dugu” gaineratu du.

Alde handiz
Pandemiagatik azken bi edizioak jokatu ez zirenez, giro bereziagoa izan zuen lasterketak, San Migel festek festa giroz jantzi zuena. Antolatzaileak pozik, eta korrikalariak baita ere, Urbasako paraje zoragarrietatik korrika egitea gozamen hutsa delako. Aita olaztiarra duen Eki Imaz Ruiz de Egino aguraindarra iritsi zen lehena helmugara (1:24:29), “oso pozik. Hiruzpalau aldiz aritu naiz lasterketa honetan, baina gauza batengatik edo bestearengatik ez nintzen aurrean iristen. Aurten lasterketa ongi egiteko gogoa nuen, propio prestatu dut eta dena ongi atera da” azaldu zuen. Lasterketa erdian aurreratu zuen bigarren sailkatu zen Garikoitz Bravo lazkaotarra (1:27:51), “eta hortik aurrera buruan jarri naiz. Nire erritmoari eutsi diot, goiko zatian pixka bat estutu dut eta aldapan behera dena eman dut” zehaztu zuen. Eskuin besoan zauria zuela iritsi zen helmugara, “jaisten ari nintzela azken aldapan behera estropezu egin eta erori naizelako, baina ez da aparteko ezer. Txapa eta pintura” zioen irribarrez. Aitaren herrian irabazi izanagatik “oso kontentu” zegoela berretsi zuen 2022ra arte inolako garaipenik ezagutu ez zuen eta aurten bizpahiru lortu dituen gazte aguraindarrak. Hirugarren Borja Villar mendiolarra sailkatu zen (1:29:49).

Helmugara laugarren postuan iritsi zen Jabi Gasanz altsasuarra izan zen lehen sakandarra (1:31:00). “Gaizki ibili naiz, hasieran aldapan gora ezin korrika egin. Lagun batzuek esan didatenez 20. postuan iritsi naiz gora. Pisutsu sentitu naiz. Baina gero hobera egin dut eta asko erremontatu dut” azaldu zuen. Lehen beteranoa bosgarren postuan sartu zen Jose Luis Beraza uharte arakildarra izan zen (1:31:52), eta lehen olaztiarra hamahirugarren sailkatu zen Raul Audikana (1:39:23).

Emakumezkoetan, Izaskun Beunza Azazeta olaztiarrak bere herriko mendi lasterketan lehen garaipena lortu zuen, eta pozez zoratzen zegoen (1:47:04). Hiru minutu baino gehiago atera zizkion Janire Agirre ataundarrari (1:50:25). Maria Ibarrola subizarrak osatu zuen podiuma (1:55:18) eta Ines Aguado izan zen lehen beteranoa (2:03:28).

Mendi lasterketa jokatzen zen bitartean 0-4 urte bitarteko haurrendako GP Motor lasterketa, eta 4 eta 7 urte bitarteko, 7 eta 10 urte arteko eta 10 eta 13 urte arteko haurrendako probak jokatu ziren. Guztira 55 partaide animatu ziren.

Sakandarrak XIV. Olatzagutia Urbasan (15 km, 900 desnibel+)
Gizonak
1. Eki Imaz 1:24:29
4. Jabi Gasanz 1:31:00
5. Jose Luis Beraza 1:31:52
13. Raul Audikana 1:39:23
19. Ioseba Iza 1:43:52
26. Fran Araña 1:47:46
45. Asier Leiza 1:56:07
55. Ander Orabengoa 2:02:01
56.Ruben Izko 2:02:09
57. Roberto Zornoza 2:02:11
58.Iurgi Flores 2:02:12
61. Alberto Arrizabalaga 2:03:29
66. Iñaki Ganuza 2:11:29
67. Ioni Araña 2:11:57
75. Iker Zeberio 2:19:51
77. Juanjo Otsoa 2:20:39
79. Iñaki Lacalle 2:21:58
82. Raul Mendoza 2:24:58
84. Sergio Goñi 2:31:05

Emakumeak
24.Izaskun Beunza 1:47:04
85. Silvia Perez 2:35:35
86. Txaro Ondarra 2:39:07

 

Etxarri, errekorrak apurtuz
Igandean ferietan murgilduta zegoen Etxarri Aranatzek 47. Mendira Joan Etorria hartu zuen, plazatik abiatuta Urbasa-Andiako Bargara, Hartzabalera igo eta handik plazara jaisten zen proba. Guztira 86 korrikalari zeuden izena emanda eta horietatik 77k osatu zuten 10 km eta 557 m desnibel + zuen lasterketa gorabeheratsua. Ohi denez, jendetza bildu zen plazan, eta korrikalariak txalo zaparrada artean iritsi ziren helmugara. Korrikalariek, bezperan Olatzagutia-Urbasan gertatu bezala, lainoa izan zuten bidaide lasterketako lehen zatian, baina gero eguzki eder askoa atera zen.

Lasterketa perfektua
Lehena Ion Sola Torralba anozdarra izan zen (46:47). Ez zen Juan Mari Garinen errekorrera (42:50) gerturatu ere egin, baina minutu pasa atera zion Txantreako Aitor Blancori (47:32). Narbarteko Jokin Arretxeak osatu zuen podiuma (47:48). “Topera atera naiz eta gora minutu bat baino gehiagoko alderekin iritsi naiz. Jaitsieran alde gehiago ere atera dut, baina 2 kilometroren faltan ez naiz ongi sentitu eta eskerrik tarte handia nuela, helmugara iristea asko kosta egin zaidalako” aitortu zuen. Etxarrikoa lasterketa “polita eta osoa” zela adierazi zuen, “denetatik duelako”. Lehen sakandarra Aritz Munarriz etxarriarra izan zen, helmugara bosgarren iritsita (49:58), eta lehen beteranoa Mikel Altadill leitzarra (53:15).

Emakumezkoetan bigarren urtez jarraian Maria Ordoñezek eman zuen sorpresa. Joan zen urtean errekorra 52:14an ezarri zuen, eta aurten bere errekor propioa 46 segundotan hautsi zuen (51:28). Ikaragarria izan zen Ordoñezen lana, errekorra apurtzeaz gain sailkapen absolutuan hamaikagarren sailkatu baitzen. Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean bigarren sailkatu zen Ordoñez, eta Etxarri Aranatzen lortutakoarekin “oso pozik” zegoen, “ez nuelako konfiantza handirik. Joan zen urtean baino askoz ere lokatz gutxiago zegoen eta alde horretatik errekorra gainditu zitekeela uste nuen, baina igoeran pattal antza sentitu nintzen eta okerrago nengoela, sentsazio hori nuen”. Baina bere usteak ustel izan ziren, Valladoliden jaio eta Iruñean bizi den 29 urteko gazteak errekorra alde handiz apurtu zuelako. Zortzi minutu pasa atera zizkion Laiane Arrospideri (59:34). “Niretako Etxarrikoa lasterketa perfektua da. Gogorra da, 51 minutu topera, baina igoera du, jaitsiera, laua den eremua… denetatik du” nabarmendu zuen. Hirugarren Maite Beregaña uharte arakildarra sartu zen (1:01:07), eta lehen beteranoa Nerea Amilibia izan zen (1:01:19). Eneritz Karasatorre izan zen lehen etxarriarra (1:03:22).

Nabarmentzekoa da parte hartu zuten sakandarren kopurua handia izan zela: 77 sailkatuetatik 36 ziren sakandarrak.

Sakandarrak 47. Mendira Joan Etorrian (10 km, 557 m desnibel +)
Gizonak
1. Ion Sola 46:47
5. Aritz Munarriz 49:58
9. Iñaki Garmendia 51:01
13. Ekhi Congil 52:34
17. Mikel Satrustegi 53:50
18. Ander Unzurrunzaga I. 54:10
19. Beñat Anda 54:48
20. Ander Unzurrunzaga G. 55:02
21. Unai Razkin 55:38
22. Joseba Galarza 56:20
25. Aimar Araña 58:01
26. Andoni Goikoetxea 58:01
27. Santi Galarza 58:25
28. Ivan L. De Sabando 59:03
29. Iban Verdugo 59:19
31. Juan Mariñelarena 59:40
33. Iñigo Orradre 1:00:54
34. Ibon Ubeda 1:01:03
37. Bernardo Garziandia 1:01:47
38. Jose Antonio Salgado 1:02:06
42. Unai Kintana 1:03:48
43. Iosu Jaka 1:03:48
44. Jon Zabaleta 1:03:51
47. Goyo Rodriguez 1:05:21
50. Jon Igoa 1:07:14
51. Iñaki Agirre 1:07:30
56. Ismael L. De Goikoetxea 1:07:59
57. David Oroz 1:08:03
62. Rafael Lakuntza 1:10:40
69. Patxi Atxa 1:17:24

Emakumeak
11. Maria Ordoñez 51:28
35. Maite Beregaña 1:01:07
40. Eneritz Karasatorre 1:03:22
59. Erkuden S. Martin 1:09:18
60. Maite Zabaleta 1:09:19
66. Gurutze Ubeda 1:12:46
67. Marta Irañeta 1:13:32
74. Sarabe Arakama 1:25:36



“Orain arte izan dudan garaipenik politena izan da”
Izaskun Beunza Azazeta

Hainbat podiumetan ikusi zaitugu, baina lehen aldiz irabazi duzu Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa, jaioterrian. 
Bai, ilusio handia dut. Berezia izan da, agian oraintxe esango nizuke orain arte izan dudan garaipenik politena dela. 

Hainbesterako?
Une honetan hala sentitzen naiz, oso pozik. 

Pistan eta asfaltoan ibiltzen zara gehiago eta, horregatik, agian, zapore bereziagoa du garaipen honek. 
Zapore ezberdina. Orain hasiko naiz krosa denboraldia prestatzen eta beste entrenamendu mota batzuk egiten, baina egia da abuztutik hona lasterketa hau buruan dudala. Herrikoa da eta ongi egin nahi izaten dut. Udan prestatzen dudan proba da. 

Azken bi urteetan ez da egin, pandemiarengatik eta agian, horregatik aurten bueltatu izanaren kutsu hori sumatzen zen, San Migel festak direlako duen festa ukitu horri gehituta.
Azkeneko bi urte hauetan lasterketa ez antolatu izana pena handia izan da. San Migeletan giro polita jartzen du, kanpoko jendea dator, eta hori herriarendako polita da. Proba bueltatu da eta familia eta lagunek inguratuta irabaztea amets polit bat izan da. Gorputzak jarraitzen badit, ospatuko dut (kar, kar).

Nola planteatu duzu lasterketa? 
Ni goraka oso ongi joaten naiz. Asfaltozko entrenamendu horiek ongi datozkit, pisu gutxi dut, eta, orduan, goraka ongi noa. Aldiz, beheraka ez noa ongi, teknikarik ez dudalako. Beraz, argi nuen zer egin behar nuen: goraka estutu eta aldea hartu, gero jaisterakoan lasaiago ibiltzeko. 

Alde asko atera duzu.
Atzean zer zegoen ez nuen ikusten eta bigarren jaitsiera horretan bikiak kargatuta neuzkan, baina lasai hartu dut. Olaztira iristea, herriko jendea ikustea eta halako aldearekin irabazi izana, gozatu dut.

Gainera, sekulako saski ederra jaso duzu opari. 
Bai. Eskerrak eman nahi dizkiet antolakuntzan daudenei eta lasterketa aurrera atera ahal izateko bere laguntza ematen duten herriko eta gertuko komertzioei. Herriko jendeak urtero laguntzen du, laguntzaileek ere sari ederrak eman dituzte, eta horri esker lortu ditugu saski eder horiek. 

Mendiko lasterketak utzi eta bestelako egutegia duzu orain aurretik.
Olaztiko lasterketarako mendiko zapatillak erosi ditut eta pena ematen dit, gutxienez beste lasterketaren bat egin nahiko nuke (kar, kar). Pena dut Etxarriko Mendira Joan eta Etorria batera izatea, bestela animatuko nintzateke, baina zer egingo diogu. Hilabete bukaeran Nafarroako Kros Txapelketa jokatuko dut eta krosaren zurrunbilo horretan sartuko naiz buru belarri.  

 

“Aurten egon den giroa ikusgarria izan da”
Aritz Munarriz

Herriko proban bosgarren (49:58). Egindakoarekin kontentu?
Herriko proba da, hau izan zen nire lehendabiziko lasterketa, eta beti berezia da. Denbora hobea egin nahi nuen, baina ibilbidean ustekabe pare bat izan nituen. 

Zer gertatu zitzaizun, bada?
Katarroarekin ibili nintzen eta gorpuzkera aldetik sentsazio nahiko arraroa nuen. Lasterketa honetan beti oso azkar ateratzen gara. Erritmoari eutsi, eta goraka hasten garenean erremontatzen hasten naiz. Baina igandean ez nituen Km Bertikalean Beriainen gora nabaritu nituen sentsazio horiek sentitu; ez nuen puntu hori. Hala ere, Hartzabalera nahiko ongi iritsi nintzen. Beheraka pixka bat arriskatu nuen, baina buruarekin adar bat jo eta hortik aurrera gurutzatuta ibili nintzen. Herrira iristeko kilometro baten faltan zapatilaren soka askatu, beste hankarekin zapatu eta muturrez erori nintzen. Denbora, berez, ez da txarra, 50 minututik jaisteko asko eman beharra dagoelako, baina badakit denbora hobea egin ahal nuela. Dena den, horrela atera zen eta kitto. Ez zaio buelta gehiagorik eman behar. 

Sekulako giroa zegoen.
Ikusgarria. Ez dakit urtetik urtera giro gehiago ote dagoen, baina aurtengoa sekulakoa izan da. Herrian jende pila zegoen, mendian ere... Plazara sarrera sekulakoa izan zen. 

Hemendik aurrera, zer?
Bertako lasterketak eginda, pozik nago. Pena Olaztikoa egin ahal ez izatea. Aurki maratoi bat egingo dut, baina beste txip batekin.