Bertsolari txapelketa nagusia 2022

Lehen faseko azkena jokatuta, erabakita gelditu dira finalaurrekoak

Guaixe 2022ko urr. 10a, 09:24
Lizarrako saioa. ALBERTO ELOSEGI / XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Jone Uriak eta Aitor Bizkarrak irabazi dute Bertsolari Txapelketa Nagusiko Donostiako eta Lizarrako saioak, hurrenez hurren. Eneko Lazkoz ez da finalaurrekoetara pasa. 

Bertsolari Txapelketaren Nagusiko lehen fasearen bi azken saioak jokatu dira asteburuan, Donostian eta Lizarran, eta erabaki da zeintzuk izanen diren finalaurrekoetan kantatuko duten bertsolariak. Donostian Jone Uria izan zen irabazlea eta Aitor Bizkarra Lizarran. Eneko Lazkozek, 649,5 punturekin, ez da finalaurrekoetarako sailkatu. 
 
Donostiako saioa
Goraino bete zen Victoria Eugenia antzokia Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen fasearen bosgarren saioa entzuteko. Sei bertsolari izan ziren protagonistak: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Iguaran Amondarain, Onintza Enbeitia Maguregi, Maddalen Arzallus Antia, Eñaut Martikorena Lizaso eta Jone Uria Albizuri. 
 
Jone Uria izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria, 706, eta, beraz, Irungo finalaurrekoan, azaroaren 5ean, kantatuko du. Haren atzetik geratu ziren Onintza Enbeita (688), Aitor Etxebarriazarraga (682,5), Maddalen Arzallus (678), Eñaut Martikorena (674,5) eta Beñat Iguaran (659). 
 
Azken saioa
Lizarrako Los Llanos aretoan 500 bertsozaletik gora elkartu ziren lehen faseko azken saioa ikusteko. Sei bertsolariek kantatu zuten Amaiur Lujanbio Agirre gai emaileak gidatutako saioan: Imanol Uria Albizuri, Asier Azpiroz Iztueta, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Unai Gaztelumendi Arandia, Aitor Bizkarra Ruiz eta Maialen Akizu Bidegain. 
 

Aitor Bizkarrak lortu dut puntu gehien, 693,5 puntu, eta zuzenean lortu finalaurrekoetarako txartela. Durangoko finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 12an. Bizkarraren atzetik gelditu dira Asier Azpiroz (666), Maialen Akizu, (658,5), Imanol Uria (652), Unai Gaztelumendi (630,5) eta Iñigo Manitzizidor Mantxi (622,5). 

Finalaurrekoak
Lehen faseko sei saioak jokatuta, finalaurrekoetan, hurrengo fasean, parte hartzeko aukera lortu duten bertsolarien zerrenda osatuta gelditu da: 

Saioetako irabazleak: 

  • Alaia Martin Etxebeste
  • Joanes Illarregi Marzol
  • Nerea Ibarzabal Salegi
  • Haritz Mujika Lasa
  • Jone Uria Albizuri
  • Aitor Bizkarra Ruiz

Puntuazioz sailkatu direnak: 

  • Oihana Iguaran Barandiaran
  • Nerea Elustondo Plazaola
  • Ane Labaka Mayoz
  • Julio Soto Ezkurdia
  • Onintza Enbeita Maguregi
  • Agin Laburu Rezola
  • Aitor Etxebarriazarraga Gabiola
  • Maddalen Arzallus Antia
  • Eñaut Martikorena Lizaso
  • Saioa Alkaiza Guallar
  • Miren Artetxe Sarasola
  • Asier Azpiroz Iztueta
  • Iñaki Apalategi Astigarraga

Sailkatutako hemeretzi bertsolariei duela lau urte finalista izandako bost bertsolari batuko zaizkie: 

  • Aitor Mendiluze Gonzalez
  • Amets Arzallus Antia
  • Beñat Gaztelumendi Arandia
  • Sustrai Colina Acordarrementeria
  • Unai Agirre Goia