Sindikatu, alderdi eta eragileak osasun publikoaren alde

Guaixe 2022ko urr. 14a, 08:48

Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak atzo egindako prentsaurrekoa.

Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformaren 'Osasun publikoaren defentsan. Lehen mailako arreta berregin eta sendotu' manifestuarekin bat egin dute. 

Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformako kideen iritziz, lehen arretako osasun zerbitzua "arrisku larrian" dago. Horregatik, giza eta material baliabideez egoki hornituta egotea aldarrikatzen ari da. Plataformaren osasun sistema publiko, duina, kalitatezkoa eta unibertsala eratzeko eta mantentzeko eskaerekin bat egin dute ELA, LAB, UGT, Geroa Bai, EH Bildu, IU, Sortu, Altsasuko Feministak, Bilgune Feminista, Errafailak, Sakanako pentsiodunen mugimendua, Adavan eta Olatzagutiko gaztetxea. Bat egin dute ere Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko alkate Javier Ollo Martinezek, Joseba Vizuete Askargortak eta Olatz Irizar Martinezek, baita Burunda mendebaldeko osasun kontseiluko presidente Javier Paz Miñok.

Parlamentuak lastailean eratuko du Osasunari buruzko Foru Lege berriaren oinarriak zirriborratuko dituen batzordea. Sinatzaileen iritziz, "asko dago babesteko eta hobetzeko. Izan ere, sistema publikoa indartu beharrean zerbitzuak azpikontratatzen ari dira (kontsultak, tratamenduak, probak, ebakuntzak…) Horrela, mutua, ospitale pribatu,  mediko aseguru eta korporazio handien esku bukatzen du diru publikoak". Eta horrek dakarren arriskuaz gaztigatu dute: "etorkizunean osasun sistema publikorik gabeko herrialdeen antzera egon gaitezke. Aberatsak artatuko dituzte, ordaintzen dutelako, eta gainontzekoei arreta minimoa eta masifikatua emango digute".