Etxarri Aranatzek Itaroa Huarte B taldea hartu zuen San Donato zelaian. Bi taldeek lehia ederra izan zuten eta gauzak ongi hasi ziren etxarriarrendako, Mattin Altzelaik 19. minutuan Etxarri aurreratu baitzuen. Etxarri Aranatzek aldeari eutsi zion baina ez zuen bigarren gola egitea lortu, gerora garesti ordaindu zutena, 84. minutuan Itaroa Huartek partida berdindu eta puntu banaketarekin despeditu baitzen partida.
Lagun Arteak Lezkairun jokatu zuen Soto Ibarbasoren kontra. Partida borrokatuan Soto aurreratu zen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatia hasi eta berehala bigarrena sartu zuten Lezkairukoek, baina Lagun Arteak ongi erantzun zuen eta sei minutuko tartean bina berdintzea lortu zuen, Mikel Corderoren eta Unai Zubiriaren golei esker. Tamalez, Sotok berdinketa hautsi zuen 60. minutuan, eta nahiz eta Lagun Artea modu guztietara saiatu, baloia ez zen sartu eta lakuntzarrak 3 eta 2 galduta itzuli ziren etxera.
Altsasuk jardunaldia aurreratu zuen, aurreko asteazkenean jokatu zuen partida eta bana berdindu zuen Lezkairurekin.
Gauzak horrela, Universidad de Navarrak jarraitzen du lider (14 puntu) eta Altsasu hirugarren postuan dago (11 puntu). Etxarri Aranatz zortzigarren da (9 puntu) eta Lagun Artea hamaseigarren (3 puntu).
Asteburuan zazpigarren jardunaldia dago jokoan. Altsasuk Soto Ibarbasoren kontra jokatuko du, Burlades B izango du aurkari Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak Valle de Egues hartuko du.