"Euskarazko software edo lanabesak garatzea, jendeak horiek instalatzea eta euskarazko edukiak sortzeko eta elkarbanatzeko erabiltzea da programaren helburuetako bat. Horrekin batera, beste hainbat helburu ere baditu, jendeak elkargune bat izatea eta aisialdia euskaraz eskaintzea, besteak beste". Iñigo Martinez Sarean Euskaraz egitasmoaren koordinatzailea da. Proiektua Nafarroako Gobernuak bultzatzen du, Euskarabidea Euskara Institutuaren bitartez, eta bi ildo ditu: jardunaldiak eta ikastaroak. Jardunaldiak Iruñeko Baluarten egiten ari dira aurreko ostegunean eta ostiralean, eta DBH4 eta Batxiler 1. mailetako 900 bat ikaslek izan zuten parte hartzeko aukera. Ikastaroen alorrean, Sakanan bi antolatu zituzten: telefono mugikorraren bidez musika aplikazioak erabiltzen ikasteko ikastaroa urriaren 8an, Altsasun, eta 3D inprimagailuen ikastaroa urriaren 15ean, Arbizun.
Egitasmoak Baluarten du jatorria: "2017an egin zen lehenengo aldiz, jardunaldi formatuarekin. Urtero egin da, 2020. urtean izan ezik". Pandemiaren garaian, programaren formatua aldatu zuten, eta Iruñerritik kanpo atera zuten, "lantegiak ikastetxetara eraman genituen, eta aldaketa horri esker asko hazi zen". Hortaz, Baluarteko jardunaldia ez ezik, formatu berria ere mantendu dute (modu erdi presentziala) "Eskarmendu handia daukagu, Baluarten antolatzen den seigarren edizioa izango da, eta horrelakoak Donostian, Barakaldon eta beste hainbat tokitan ere egin ditugu . Lantaldeak eskarmentu handia du, eta Euskal Herrian kultura digitalean lan egiten duten hainbat pertsona biltzen ditu". Proiektua "bilgune" ere badela esan du Martinezek.
Sarean Euskaraz programaren helburuekin jarraituz, 2019an lantegiak antolatzen hasi ziren Nafarroako hainbat herritan. Hemezortzi herritara zabalduko dute proiektua: Altsasu, Arbizu, Antsoain, Artika, Barañain, Bidaurreta, Burlata, Etxalar, Goizueta, Uharte, Iruñea, Gares, Tafalla, Urroz Hiria eta Atarrabian ere izanen dira ikastaroak. Urriaren 8an, Intxostiapunta gazte gunea aukeratu zuten ikastaroa egiteko, Altsasun egiten den hirugarrena da; DJ Makalak musika sortzeko eta nahasteko aplikazioak erabiltzen erakutsi zuen. "Oso ikastaro entretenigarria da eta harrigarria da mugikor batekin zenbat gauza egin ahal diren". Martinezek gaineratu duenez, "luxu bat da" DJ Makala bezalako aditu eta ezagun baten eskutik "hau guztiaren" berri izatea. Urriaren 15ean, Xabier Leonardo Protomakers elkarteko kideak 3D inprimagailuak erabiltzeko ikastaroa eman zuen. "Ikastaroak irekiak dira, ez dago adin mugarik. Gutxieneko adin muga 12 urte jarri dugu, hortik gorakoek hartu dezakete parte, beraz. Gainera, sorpresak hartu ditugu adin guztietako jendea agertzen delako". Ikastaroak doakoak dira.
Tekonologia euskaraz
"Orokorrean proposatzen ditugun ikastaroak laburrak dira, gutxi gorabehera bi ordukoak. Gaiaren gaineko lehen hurbilpena da. Interesa pizten zaionari hortik tiraka hasteko aukera izango du". Arbizun 3D inprimagailuak erabiltzen hasteko gutxieneko prestakuntza egingo dute. Hala ere, hiru dimentsiotan inprimitzeko prozesu guztia erakutsiko du Xabier Leonardok: "3D modelajea ikusiko dugu, elementuak nola diseinatzen diren: ikusiko dugu nola egiten den fabrikazioa, 3D inpresorak erabiliko ditugu eta gauzak egingo ditugu".
Leonardo Protomakers elkarteko kidea da. Protomakers gazte talde bat da, astero edo hilabetero elkartzen dira, "eta gure helburua da XXI. mendeko teknologiarekin aritzea, ulertzea eta erabiltzea". Haien artean proiektuak martxan jarri, tailerrak egin eta, orokorrean, gaur egungo tekonologiarekin aritzeko gauzak egiten dituzte. "Adibide bat jartzeko, errealitate birtualeko programekin aritzen gara, programazio askorekin, 3D inprimagailuekin eta modelajearekin, laser gailuekin...". Gailu eta teknologia hauek oso garestiak direnez, finantzatzeko, besteak beste, tailerrak egiten dituzte. Eta hori guztia euskaraz: "Tekonologia hauen hedapena euskaraz izatea izugarri baloratzen dugu. Horregatik egiten ditugu tailer asko euskaraz. Batzuetan badirudi mundu hau euskaratik oso aparte dagoela, eta Sarean Euskaraz bezalako proiektuek egiten dutena da euskara teknologiara gerturatzea, lotuta dauden bi gai baitira.
Arbizuko liburutegian 3D munduko fabrikazio prozesuosoa ikusteko aukera izan zuten: piezak hiru dimentsiotan diseinatu edo modelatzen direnetik, produktuak inprimituta ikusi arte.