Gazte Kultura Bonua Correos bulegoetan eskuratu daiteke

Guaixe 2022ko urr. 24a, 09:01

Iortia kultur gunea jendez beteta. ARTXIBOA

2004an jaiotako gazteei kulturaz gozatzeko 400 euroko laguntza ematen laguntza dute. Eskaerak hilaren 31ra arte egin daitezke. Nafarroan 2.700 gaztek baino gehiagok eskatu dute. 

Gazteen Kultura Bonua eskuratzen dutenek 400 euro kulturan inbertitzeko aukera dute, horrela banatuta: 100 euro produktu fisikoendako (liburuak, prentsa edo diskoak); 100 euro produktu digitalendako  (prentsa digitala, podcasta edo lineako bideojokoak) eta 200 euro arte eszenikoetarako (antzerkia, opera, zinema, dantza, museoak). 

Bonuak berez Correosek emanen duen aurreordainketako txartel batekin funtzionatuko du, eta txartel hori birtualki eduki ahal izanen dute onuradunek mugikorrean, edo fisikoki. Kasu horretan, Espainiako edozein posta bulegotan jaso ahal izanen da. Txartel horrekin esperientzia eta produktu kulturalez gozatu ahal izanen dute gazteek. Aktibatzen direnetik, onuradunek urtebete dute 400 euroak gastatzeko.

Eskuratzeko 
Internet bidez eskatzeko aukera dago bonoculturajoven.gob.es webgunearen bidez. Kasu horretan, eskatzaileek ziurtagiri digitala izan behar dute, aldez aurretik Diruaren eta Zerga zigiluaren Fabrikan eska daitekeena. Oraindik ez badute, Cl@ve autentifikazio sistema ere erabil dezakete. 

Kultura eta Kirol Ministerioak eskabideak aurkeztea bizkortzeko eta errazteko beste erabaki bat hartu du: tramitazioa postetxeetan egin ahal izatea. Nafarroako 50 postetxeetan eska daiteke bonua, tartean dira Irurtzungoa eta Altsasukoa. Horretarako, onuradun potentzialak Espainiako Gobernuaren Bono Cultura Joven-aren webgunean sartu beharko dira.

Erregistrora sartzean, Bonua Correosen bidez eskatzeko aukera izanen dute, Correoseko edozein bulegotan bete, sinatu, inprimatu eta aurkeztu beharko duten formulario baten bidez, nortasun agiriarekin batera. Formularioa aurkeztu eta datu pertsonalak erkatu ondoren, Correosek Kultura eta Kirol Ministerioari helaraziko dizkio eskaerak, ebatz ditzan. Eskabideak hilaren 31ra arte egin daitezke.