Astekaria

Uholdeen kalteei aurre egiteko dirulaguntza

Guaixe 2022ko urr. 25a, 14:30

Lizarragabengoan ubeledeak gainezka egin zuen. ART

Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko Udalek 969,697,13 euro jasoko dituzte Estatutik. Laguntzaren %57,47 Uharte Arakilgo Udalak jasoko du, 557.274,99 euro. Gainontzeko %42,53, 412.422,14 euro, gainontzeko bederatzi udalek jasoko dute.

Abenduaren 10ean uholdeak izan ziren ibarrean. Euriteek eta ibai eta erreken emari handiek kalteak eragin zituzten. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak bederatzi erkidego, Nafarroa barne, Gizarte Babeseko larrialdi bategatik larriki erasandako eremu izendatu zituen. Dirulaguntzak emateko epea 26 hilabetetik 9ra laburtu ondoren, Estatuak 24.474.452,35 euro eman dizkie bederatzi erkidegoetako udalei. Horietako 5.914.355,66 euro udal nafarrek jasoko dute (%24,16). Nafarroako kopuru horren %9,42 jasoko dute Sakanako hamar udalek. 

Dirulaguntza jasota ere, udalek lanak egiteko dirua aurreratu behar dute eta haiek despedituta daudenean jasoko dute laguntza. Horrek udal arduradunak diru kontuekin oreka bilatzera behartzen ditu. Gainera, foru administrazioaren atean ere jo dute batzuek, lan zehatzetarako beste laguntza batzuk lortzeko asmoz. 

Herriz herri
Arakilgo Udalak Izurdiagara bideratuko du jasotako dirulaguntza. Arakil eta Larraun ubeldeek herriaren mendebaldean bat egiten dute, eta uholdeak izaten direnean Izurdiagako San Joan auzoari zuzenean eragiten dio. Abenduko uholdeek hondatutako hiru bide konponduko ditu udalak: Txopordi, Arranbide eta Zapardi. Aurreneko bi bideak porlanezkoak eginen dira. 

Irañetako Udalak ibai gaineko zubiaren paretan uholdeak sortutako kalteak konponduko ditu. Baita gaztainadirako bidean euriteak eragindakoak ere. 

Uharte Arakilgo Udalak 25 lanetarako dirulaguntza jaso du, 557.274,99 euro. Udalak lan horiek egiteko 1.114.738,01 euroko inbertsioa egitea aurreikusten du. Lanen artean hiru zubiren konponketa dago: Arakil gaineko Zubiaurre eta Zubialde eta Iberralde kaleko zubi zaharra. Udal eraikinetan dauden hezetasunak ere kendu nahi ditu udalak: eskoletakoak eta osasun kontsultategikoak. Mugerri erreka San Joan kalearen azpitik pasatzen da, eta lurperatutako zatia garbitu eta junturak konpondu nahi ditu udalak. Bestalde, Zubialde aisialdi gunea egokitu eta Itsesian dauden jolas eremua eta futbol zelaia egokitu eta konpondu nahi ditu. Azkenik, udalak honako bideak konpondu nahi ditu: Amurgin, Azekipekoa, Berastegikoa, Errekazar, Iberaskoa, San Bartolomekoa, Ardantzarretakoa, Bizkaingaingoa, Auzeleta-Katizanokoa, Itxesi-Kamioxar-Berroa, Ostrakakoa, Sargaizekoa, Telleriakoa, Zerradoakoa.  

Arbizuko Udalak jasotako dirulaguntzarekin Zizkerte eta Bidaul arteko dermioko bidea konpondu du. Ergoienako Udalak dirulaguntza eskatu du, ondoren kontzejuei dirua emateko. Abenduko euriteek eragindako kalteak konpontzea premiazkoa zenez, kontzejuek dagoeneko lanak eginak dituzte. Lizarragan urak lurra mugitu zuen ur biltegitik Motxaleren errebueltara arte, eta hura konpondu zuten. Unanun Lezizako pista konpontzeko lanak egin zituzten, eta Dorraon San Pedrorako, Gaztañei, Alkarte eta Elizbide pistak konpondu zituzten.

Etxarri Aranazko Udalak Oporo, Ustille eta Kanpozelei-Baxateko bideak konponduko ditu. Azken horri dagokionez, udalak uholdeak izan diren bakoitzean konpondu du. Orain hura asfaltatuko du. Ustilleko bidea 2021ean konpondu zuen udalak, baina erabat hondatuta gelditu zen. Berritu eta euri urak ibaira bideratzeko hodia jarriko da. Oporoko bidean, berriz, ezpondak eta bidea konponduko ditu. Iturmendiko Udalak oraindik zehaztu gabe du zein lan eginen dituen. 

Altsasuko Udalak zazpi bide konponduko ditu: Erreguarte, Dermau, Beikolar, Larrunza, Isasia, Izarte eta Torretxiki. Guztietan ezpondak garbitu eta zorua berrituko dira. Bestelako lanak ere eginen dira, esaterako, bide bazterreko sasiak kendu edo elementuren bat konpondu edo ordezkatu. Lan horietaz aparte, ibaiaren ibilguan erosioa izan den ertzetan harri lubetak eginen ditu udalak: Zangituko bidearen ondoan, ibaiaren bi aldetan; Ondarria industrialdean, espaloitik gertuen dagoen ertzean eta Beheko Bentan eraikinetatik gertuen dagoen ubelde ertzean. Azken horretan, gainera, ibilgura eroritako zuhaitzak kenduko dira. Isasia industrialdean, berriz, ezpondak garbitu eta konponduko dira, lehen bezala uzteko. Aldi berean, Errotatxikiko hustubidean ibilguan erosionatutako zatia eta hustubide bera konponduko dira. 

Olatzagutiko Udalak jasotako dirulaguntzaz aparte Nafarroako Gobernuaren atean ere jo du. Ahalik eta laguntza handiena jaso nahi dute urak eragindako kalteei aurre egiteko. Horiek gehienbat dermioko bideetan izan ziren. Hala ere, lehentasunak orain zehaztuko ditu udalak. 

Ziordiko Udalak, batetik, txipudiko eta gazteluko parkeetan urak sortutako kalteak konpontzera bideratuko du dirulaguntza. Eta, bestetik, euri jasek mendirako hainbat bide hondatu zituzten, eta horiek konponduko ditu orain. 

Uholdeengatik estatuak emandako dirulaguntzak
Udala Proiektuaren aurrekontua Dirulaguntza
Arakil 47.344,54 23.672,27
Irañeta 42.375,31 21.187,65
Uharte Arakil 1.114.738,01 557.274,99
Arbizu 17.647,11 8.823,55
Ergoiena 44.763,11 21.856,16
Etxarri Aranatz 168.007,25 81.691,59
Iturmendi 25.424,79 12.362,51
Altsasu 273.255,11 136.627,55
Olatzagutia 104.648,65 50.884,20
Ziordia 121.063,52 55.316,66
Guztira 1.959.267,40 969.697,13