Automobilismoa

Errepikatzeko moduko esperientzia

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 26a, 11:20
Arkaitz Irigoien eta Patxu Lopez, Gernika Lumo Rallyan. UTZITAKOA

Sakana Motorsporteko Arkaitz Irigoien pilotuak eta Raul Lopez kopilotuak lehen aldiz parte hartu zuten elkarrekin rally batean, Gernika Lumokoan. Rallya bukatu izana positibotzat jo dute, auto askok ezin izan baitzuten proba bukatu

"Orain arte ez ginen elkarrekin rally batean aritu eta probatzera joan ginen". Raul Lopez "Patxu" kopilotuaren hitzak dira. Arkaitz Irigoien pilotu bakaikuarrarekin (Renault Clio) urriaren 15ean XXIX. Gernika Lumo Rallyan aritu zen, eta Sakana Motorsporteko bikotea txukun aritu zen. "Kontuan hartuta hamasei taldek ezin izan zutela proba bukatu eta gu lehenengo aldiz aritzen ginela, kontentu gaude" gaineratu du. 27. postuan sailkatu ziren (1:02:45), baina hori gutxienekoa da. 

Rallya larunbatean jokatu zen. 174 km ziren guztira, 89 abiadurakoak, zortzi eremutan banatuta, lau goizez eta beste lau arratsaldez. "Zerrendan atzetik atera ginenez, aurreikusitakoa gertatu zen, ibilbidean istripuak eta matxurak topatu genituela, baina gutxika elkar ulertzen hasi ginen, geure lehen aldia baitzen. Lasterketari erritmoa hartu genion eta oso pozik bukatu genuen, eremu azkarrak eta toki estu eta zailak tartekatzen dituen Gernika Lumokoa bezalako rally zaila bukatzea ez baita gutxi" dio kopilotu olaztiarrak. 

Halaber, izan zuten asistentzia eta laguntza bikaina eskertu du Lopezek, "guztiek elkarrekin talde bikaina osatu genuelako", baita babesleak ere –BP tailerrak, Gruas Kintin; Jule moda eta serigrafia eta Juga Racing–.