Pilota

Garaipena, ez dago besterik

Guaixe 2022ko urr. 21a, 10:30

Lau eta Erdiko finalerdietara sailkatzeko Elezkano mendean hartu beharra du arbizuarrak

Sorpresarekin hasi zen Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxka. Aitor Elordik 22 eta 17 irabazi zion Joseba Ezkurdia faborito nagusiari lotsagabe jokatuz. "Ezkurdiari irabazteak titulu bat baino gehiago balio du" azaldu du bizkaitarrak, eta ez da gutxiagorako. Kontua da puntu hori lortu ez izanagatik presio gehiago duela aurrelari arbizuarrak eta txapelketan aurrera egiteko bigarren jardunaldian irabaztera behartuta dago. Gaur, ostirala, Tafallan, Danel Elezkano izango du aurkari. Elezkano Lasoren kontra jipoi ederra jasotzetik dator eta Ezkurdia da irabazteko faborito argia, baina Tafallak erabakiko du. Beste partidei dagokienez, Lasok Elordi izango du aurkari, Dariok Peña II.a eta Altunak Peio Etxeberria. 

Bakaikoaren bigarren puntua
Joanes Bakaikoak hanka eta erdia baino gehiago du Promozioko Lau eta Erdiko finalerdietan. Astelehenean 7 tantotan utzi zuen Exposito eta bere bigarren puntua lortu zuen. Larunbatean Alberdi izango du aurkari, Labriten.