Sakana Saritarako hautagaiak aurkezteko garaia da

Guaixe 2022ko urr. 24a, 14:01

Aurreko edizio batean banatutako saria. ARTXIBOA

Ibarrean eragin sozial, ingurumeneko edo ekonomiko positiboa izan duen erakunde edo ekimen kolektibo bati, irabazi asmoa izan edo ez aitortzea dute helburu sariek. Hautagai proposamenak igandera arte egin daitezke. 

 

Hirugarren urtez Sakana Sariak banatuko dira. Sakanako Sozioekonomia Behatokiak (SSB) antolatu eta deitu du sariketa. Sariketaren bidez ibarrean garatu diren ekimenak ezagutarazi eta haiei aitortza publikoa egin nahi die. Sakandarrek proposaturiko ekimen guztien artean, bi sari banatuko dira. Bata Sakana sari nagusia da. Jasotako proposamen guztien artean ordezkaritza zabal batek osatutako epaimahaiak aukeratuko du sari hori nori eman. Bestea, Sakana aipamen berezia, sakandarren boto bidez aukeratutako da. HAutagaitzak jasotzeko epea despeditu ondoren, haien berri Sakanako Garapen Agentziaren (SGA) sakanagaratzen.com webguneak emanen du eta han botoa emateko aukera izanen da. 

Sari nagusia banatzerakoan, SSBk hiru balio izanen ditu kontuan egitasmo kolektiboak aitortzeko. Batetik, dinamismoa eta erresilientzia gaitasuna oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Bestetik, aniztasuna aberastasun kolektibo gisa ikusia. Eta, azkenik, elkartasuna eta onura komuna bilatzea komunitatearen beharrak lehenetsiz. Horretarako funtsezko elementuak dira komunitatearen lana (auzolana) eta herri-ondasunak (komunala). SSBko ordezkariek azaldu dutenez, "pasatako egoerek erakutsi digute, Sakanan gure gureak ditugun balio horiek inoiz baino beharrezkoago zaizkigu etorkizun partekatu bat berreraikitzeko". 

Bestalde, sari banaketa ekitaldia sakandar guztiei irekia izanen da. Joan nahi dutenek aurretik izena eman beharko da SGAren webgunearen bidez, 647 864 239 telefonora deituz edo info@sakanagaratzen.com helbidera posta bat bidaliz.

Sariketaren egutegia

  • Lastailak 19 Proposamenak jasotzeko epea zabaldu da.

  • Lastailak 30 Proposamenak jasotzeko epea itxiko da.

  • Lastailak 31 Proposamenak argitaratu eta bozketa publikoa abiatuko da.

  • Azaroak 8 Bozkatzeko epea despedituko da.

  • Azaroak 10 Sari banaketa ekitaldia.