Areto futbola

Hirugarren mailan, bi porrot gogor

Guaixe 2022ko urr. 26a, 10:21
Ibararte Xota taldea. XOTA

Areto Futboleko Hirugarren maila. Hirugarren jardunaldia: Bonel Construcciones Ablitas 6 – Aralar Mendi 3 / Gazte Berriak 3 – Ibararte 1

Areto futboleko hirugarren mailan gauzak ez ziren batere ongi joan talde sakandarrendako. Uharte Arakilgo Aralar Mendik Ablitasen jokatu zuen, Bonel Construcciones Ablitas taldearen kontra. Partida oso lehiatuan, ia konturatu gabe 4 eta 0 aurreratu zen Ablitas, baina Aralar Mendik ez zuen etsi eta bi gol sartu zituen –Jon Iribarren eta Mounir El Akkari izan ziren golegileak–, 3 eta 2 gerturatuz eta partidan sartuz. Tamalez, Ablitasek bosgarren gola sartu zuen, eta nahiz eta Aralar Mendiko Jon Arenazak hirugarrena lortu, azken minutuan seigarren gola sartuta 6 eta 3 gailendu zen Ablitas. 

Bestalde, Gazte Berriak taldeak 3 eta 1 irabazi zion Ibararte izenarekin lehiatzen ari den Xotari. Antsoaingo taldea partida hasi eta berehala aurreratu zen. Ibararte saiatu zen, baina Gazte Berriakeko atezainak ongi babestu zuen atea. Atsedenaldirako minutu baten faltan, ia konturatu gabe bi gol jaso zituen talde irurtzundarrak. “Minutu bateko deskonexioak ondorio latza izan du” aipatu dute talde berdean. Bigarren zatian Ibararte-Xotak Gazte Berriak estutu zuen eta Jonek sartutako golari esker 3 eta 1 gerturatu ziren irurtzundarrak, baina ez zen gehiagorako astirik egon eta azkenean 3 eta 1 gailendu ziren iruindarrak. 

Sailkapenean San Juan da liderra (9 puntu), Ibararte zazpigarren (3) eta Aralar Mendi hamargarren, punturik gabe. Larunbatean, 19:00etan, Aralar Mendik Universidad de Navarra hartuko du eta azaroaren 1ean, asteartea, Ibarartek Anaitasunaren kontra jokatuko du, Irurtzungo Atakondoa pabilioian, 19:30ean.