Erdialde eta hegoaldeko euskalgintza laguntzeko hiru kutxa aukeran

Guaixe 2022ko urr. 31a, 09:05
Ablitasen auzolana egin zutenen talde argazkia. UTZITAKOA

Errigorak ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpaina abiatu du. Tokiko 24 ekoizleren produktuz osatutako kutxen irabazien laurdena euskalgintzarendako izanen da. Eskaerak azaroaren 10era arte eska daitezke www.errigora.eus webgunean eta ohiko tokietan.

Errigorak hamargarren aldiz antolatu duen kanpainaren bidez Nafarroa hegoalde eta erdialdeko hainbat produktu makina bat etxeetara zabalduko ditu hiru kutxa motetan. Aldi berean, kutxa horien salmentaren %25 eremu bereko euskalgintzari bideratuko diote; ikastolek haurrak euskalduntzen segi dezaten, AEK-k helduen alfabetatzea susta dezan, Sortzen-ek D eredua bultza dezan eta Agerraldiak, bitartekoak izan ditzan eta euskararendako aro berri bat ireki dezan ere.

Udazkeneko kanpainaren leloa da Bat egiteko garaia da. Errigorakoek bat egitearena lau zentzutan ikusten dute. Batetik, badelako garaia euskarak lurraldean mugarik izan ez dezan eta herritar guztiek eskubide berak izan ditzaten. Bestetik, badelako garaia Nafarroa hegoalde eta erdialdeko sektore zabalak euskararekin berradiskidetzeko eta euskararendako aldekotasun berriak biltzeko. Errigorakoen iritziz, eskualdeko ″geografia eta bizitzaren esparru guztietan euskaraz naturaltasunez aritzea dagokigu, euskara eta bizilagunen behar zein interes askotarikoak ekuazioaren batugai bihurtuz gainera″. Agerraldia ″askoren artean, dagoena bultzatuz, eta ez dagoena sortzen″ aritzen dela nabarmendu dute. 

Horrekin batera, erdialde eta hegoaldeko euskaltzaleak bat egiteko garaia dela ere iritzi diote Errigorakoek. ″nork bere eremuan eta bere tresnen bidez eremu zabal horretan euskalgintzak izan beharreko lehentasunak adosteko eta norabidea bateratzeko″. Eta, azkenik, ″euskal herritarrek eta eragileek Nafarroarekin bat egiteko garaia″ ere badela uste dute. Errigoraren kanpainak elkartasunaz eta babesaz aparte, eremuko euskalgintzari ekonomia baliabideak eskaintzen dizkiola gaineratu dute. 

Kutxak 
Aurreko urteetan bezala, Errigorak udazkeneko kanpainan hiru kutxa eskaintzen ditu Nafarroa erdialde eta hegoaldeko 24 ekoizleren produktuz osatuta. Kutxa beltzak 55 euro balio ditu, berdeak (ekologikoa) 65 eta txuriak (berezia) 75. Guztietan heldu den urteko egutegia dago. 

Edukia

  • Beltza 
    Oliba olio birjina estra
    Orburuak
    Zainzuri txuriak
    Pikillo piperrak
    Ardo botila
    Eztia 
    Kardua
    Mahats zukua
    Piper mamia
    Teilak
    Morenitoak
    2023ko egutegia

  • Berdea, ekologikoa
    Olio olio birjina estra
    Orburuak
    Zainzuri txuriak
    Pikillo piperrak
    Ardo botila
    Ardo ozpina
    Tomate frijitua
    Arroz integrala
    Pasta
    Konbutxa tea
    Teilak
    Sagar zukua
    Txitxirioak 
    2023ko egutegia

  • Txuria, berezia
    Olio olio birjina estra
    Orburuak
    Zainzuri txuriak
    Pikillo piperrak
    Ardo botila (ondua)
    Ardo txuri apartsua
    Patxarana
    Ardi gasta
    Patxaran pastak 
    Polboroiak
    2023ko egutegia


Datuak 

  • 1.635.000 euro bideratu ditugu eremu horretan euskarari laguntzera Errigorak 2013tik.
  • 10.000 kutxa bete zituzten Ablitasen egindako auzolanean larunbatean.