Errigorako kutxak eskatzeko epea despeditzear da

Guaixe 2022ko aza. 8a, 09:04

Errigoraren auzolanean parte hartu zutenen talde argazkia. ARTXIBOA

Errigorak ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpaina abiatu du. Tokiko 24 ekoizleren produktuz osatutako kutxen irabazien laurdena euskalgintzarendako izanen da.

Errigorak hamargarren aldiz antolatu duen kanpainaren bidez Nafarroa hegoalde eta erdialdeko hainbat produktu makina bat etxeetara zabalduko ditu hiru kutxa motetan. Aldi berean, kutxa horien salmentaren %25 eremu bereko euskalgintzari bideratuko diote; ikastolek haurrak euskalduntzen segi dezaten, AEK-k helduen alfabetatzea susta dezan, Sortzen-ek D eredua bultza dezan eta Agerraldiak, bitartekoak izan ditzan eta euskararendako aro berri bat ireki dezan ere. Eskaerak ostegunera arte eska daitezke Errigora-ren webgunean eta ohiko tokietan 

Udazkeneko kanpainaren leloa da Bat egiteko garaia da. Errigorakoek bat egitearena lau zentzutan ikusten dute. Lehenik, zonifikazioa gainditzeko garaia delako. Bigarrenik, Agerrean bereziki, euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzako aldekotasun berriak biltzeko garaia delako. Hirugarrenik, Agerreko euskaltzaleak bildu eta aurrerako bidea bateratzeko garaia delako. Eta laugarrenik, Nafarroarekin bat egiteko garaia dugulako euskal herritarrok orohar, herri senez, euskarari mugak kentzeko eta elkarrekin aritzeko.

Kutxak 
Aurreko urteetan bezala, Errigorak udazkeneko kanpainan hiru kutxa eskaintzen ditu Nafarroa erdialde eta hegoaldeko 24 ekoizleren produktuz osatuta. Kutxa beltzak 55 euro balio ditu, berdeak (ekologikoa) 65 eta txuriak (berezia) 75. Guztietan heldu den urteko egutegia dago.