Mendi lasterketak

Berazaren, Munarrizen eta Razkinen Basajaun Traila

Guaixe 2022ko urr. 31a, 11:01
Beraza, lehen beteranoaren saria jasotzen. UTZITAKOA

Jose Luis Beraza beteranoa bigarren sailkatu zen 23 km-ko proban, Aritz Munarriz 43 km-ko podiumera sartzear egon zen eta Amaia Razkin ere laugarren sailkatu zen 43 km-ko emakumezkoetan

Galdeanok Lokizko mendizerran jokatutako Basajaun Trail Race lasterketa hartu zuen urriaren 16an, bi distantziatan, 43 km eta 23 km. 

23 kilometroko proban lehia bizia izan zuten lehendabiziko hiru postuetan sailkatutako korrikalariek, Jose Luis Beraza Lacallek tartean. Beterano uharte arakildarrak sekulako maila eman zuen, bigarren sailkatu baitzen (2:02:02), Pablo Gonzalezen atzetik (1:59:10). Alvaro Iruritak osatu zuen podiuma (2:03:27). Emakumezkoetan Oihana Zubillaga gailendu zen (2:17:31). 

Bigarren sailkatzeaz gain, lehen beteranoaren saria jaso zuen lasterketarekin “oso pozik” dagoen sakandarrak. “Oso kontentu nago, joan den urteko denbora 4 minututan jaitsi dudalako. Nire kirol ibilbidean izan ditudan sentsazio hoberenak sentitu nituen lasterketa horretan, eta hori asko esatea da, 53 urte ditudalako” nabarmendu du Berazak. Bost asteko epean lau probatan aritu da eta hanketan pandemia aurretik zuen “txispa” berreskuratu duela gaineratu du korrikalariak. 

43 kilometroko proba Jokin Lizeagak irabazi zuen, nagusitasunez (3:51:56), Iñaki Olanoren (3:54:25) eta Xabier Zarranzen (4:07:17). Aritz Munarriz laugarren sailkatu zen (4:33:48). Emakumezkoetan Naiara Irigoienek sekulako lasterketa egin zuen, seigarren sailkatu baitzen proba absolutuan, lehen emakumea (4:44:36). Amaia Razkin uharte arakildarra laugarren sartu zen (4:59:30).