Futbola

Altsasu, pozik; Etxarri eta Lagun Artea, ez ordea

Guaixe 2022ko aza. 1a, 12:00
Altsasu izan zen garaipena lortu zuen talde bakarra.

Preferente maila. Zortzigarren jardunaldia: Valle de Egües 2 – Altsasu 3 / Etxarri Aranatz 2 – Aibares 4 / Doneztebe 4 – Lagun Artea 1

Preferente mailan txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte talde sakandarrek. 

Sarrigurenen jokatutako partidan Valle de Egüesi 2 eta 3 irabazi zion Altsasuk, partida bizian. Xabier Aiestaranek seigarren minuturako aurreratu zuen Altsasuk, eta Julen Floresek bigarrena sartu zuen 32. minutuan. Bigarren zatian Egüesek gola sartu zuen eta partidan sartu zen berriz, baina Jon Lanzek Altsasuren hirugarren gola sartu zuen 86. minutuan eta partida erabakita utzi zuen, nahiz eta Egüesek azken gola 90. minutuan sartu. Hiru punturekin, pozik itzuli zen Altsasu. 

Etxarri Aranatzek Aibares taldea hartu zuen eta jokoan zeuden hiru puntuak ihesi joan ziren, Aibaresek 2 eta 4 irabazi ostean. Lehen zatia borrokatua izan zen eta 33. minutuan Xabier Garrek Aibares aurreratu zuen. Bigarren zatia hasi eta berehala bigarren gola lortu zuten Oibarkoek, baina Javier Fernandez de Garaialde Lazkanok sartutako golari esker 1 eta 2 gerturatu zen Etxarri. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen eta Aibaresek berriro etxarriarren atea zulatu zuen. Mattin Alzelaik sartutako golari esker atzera ere partidan sartu zen Etxarri, 2 eta 3 hurbilduz, baina Aibaresek laugarren gola egin zuen eta partida erabakita utzi zuen. 

Bukatzeko, Lagun Artea punturik gabe etorri zen Doneztebetik. Doneztebe zortzigarren minuturako aurreratu egin zen eta nahiz eta Lagun Artea saiatu, ez zuen berdintzea. Bigarren zatian bere agintaldia ezarri zuen Doneztebek. Jon Ekizak Lagun Artearen gol bakarra sartu zuen, eta jipoi ederra hartuta, 4 eta 1 galduta itzuli ziren lakuntzarrak Iñaki Indart zelaitik. 

Sailkapena eta datorrena
Sailkapenean Beti Casedano da liderra (18 puntu) eta Altsasu bosgarren postuan dago (14 puntu). Etxarri Aranatz hamahirugarren da (9 puntu) eta Lagun Artea hamazazpigarren (3 puntu). Asteburuan bederatzigarren jardunaldia dago jokoan. Altsasuk Doneztebe hartuko du Dantzalekun, Amigoren kontra jokatuko du Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak Arrotxapea hartuko du Zelai Berrin.