Sortuko kideek adierazi dutenez, ″behar-beharrezkoa dugu errotikako aldaketa bat, energia-trantsizio justua eta demokratikoa behar dugu″. Horregatik, honako neurriak hartzea proposatu du ezker abertzaleko alderdiak: energia sektorean berehalako esku-hartzea, herritarrek eta enpresa txiki eta ertainek energiagatik prezio justua ordaintzea, gutxi batzuek denon kontura negozioa egitea galaraztea, berriztagarrietan oinarritzea, CO2 isuriak gelditzea eta oligopolio handiek nuklearra eta gasa bezalako energiak berdez ez margotzea.
Egungo ereduaren aurrean Sortuko kideek diotenez, ″energia burujabetza behar dugu, hau da, hemen ekoiztea hemen behar dugun energia″. Gaztigatu dutenez,Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzen den energiaren %90 kanpotik inportatzen da eta Nafarroan, %79. ″Menpekotasun horrek gure herria zaurgarri egiten du. Oligopolioen interesetatik at, gure energia beharrak planifikatu eta berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetikoaren alde borrokatzeko″ dei egin du Sortuk. Eta, horregatik, azaroaren 12an Bilbon EH Bilduk ‘Abante’ lelopean egingo duen manifestazioan parte hartzera deitu du.