Astekaria

″Astebetez bakarrik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitu edo sortzera animatu nahi ditugu herritarrak″

Guaixe 2022ko aza. 10a, 09:03

Pantailak Euskaraz ekimeneko kide Alex Aginalde Lopez.

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko ekimeneko, Pantailak Euskaraz, Alex Aginagalde Lopezek Pantailaldiaren helburuak eta parte hartzeko modua argitu du.

Euskaraldiaren atariko, Pantailak Euskarazek Pantaialdia antolatu du eta euskaldun komunitate osoari parte hartzeko deia luzatu dio. 

Zer da Pantaialdia? 
Euskaraldiaren testuinguruan, euskararen aldeko aktibazio sozialeko ariketa erraldoi horren sinergiak aprobetxatu nahi ditugu eta azaroaren 11tik 18ra antolatu dugu Pantailaldia. Astebetez bakarrik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitu edo sortzera animatu nahi ditugu herritarrak. 

Zergatik?
Bi helburu ditu Pantaialdiak. Batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea, eta jendearen ohituretan aldaketa sortzeko eta kontzientziak pizteko. Baina, bestalde, baita ere agerian uzteko zein muga ditugun euskaldunok geure aisialdian, pantailetan, euskara soilik bizitzeko. Eta beraz, agintariei dei egiteko benetan estrategikoa dela kontu honi adarretatik heltzea eta benetan beharrezkoak direla legeak eta arauak euskararen presentzia pantailetan biderkatzeko. 

Sortu hitza ere esan duzu. 
Pantailetan eduki asko sortzen ditugu, batez ere sare sozialetan. Gazteek batez ere Tik-Tok, baina Twitter, Instagram eta horrelako sare sozialetan bideo laburrak, edo luzeagoak, edo Youtuberako edukiak… Gero eta gehiago sortzen dituzte. Egia da ez dugula horiek euskaraz sortzeko ohiturarik. Azkenean pantaila mundua hain dago erdaldunduta, gazteek ere uste dutela sare sozialen mundu hori ez dela euskararena. Esate baterako, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk egindako azken ikerketan, beraien udalerritan nerabeek sare sozialetarako sortzen dituzten edukien %97 gazteleraz sortzen dituzte. Hori udalerri euskaldunetan, euskaraz bizi diren familietan eta nerabe horiek interneterako edukiak %97an gazteleraz edo ingelesez sortzen dituzte. Horregatik, Pantailaldiaren bidez jendea edukiak euskaraz sortzea animatu nahi dugu. 

Geroz, edozeinek parte hartu dezake. 
Hori da. Gure web orrian izena emateko formularioa edo eskaera orria dago. Izena ematen dutenei baliabide zerrenda bat bidaliko diegu, astebetez pantailetan euskaraz bakarrik bizirauteko. Eskura zer dagoen jakin dezaten. Era berean, animatuko ditugu aste horretan zehar egunero, #Pantailaldia traola erabiliz, sare sozialetan beraien esperientzien berri eman dezaten: zer ikusi duten, zer sortu duten, zer zailtasun izan dituzten… Esate baterako, zinemara joan baldin badira eta kartelera guztia soilik gaztelerazko pelikulaz beteta baldin bazegoen, esatea: gaur zinemara joaten saiatu naiz, baina ezin izan naiz sartu, ez zegoelako euskarazko eskaintzarik. #Pantailaldia traola erabiliz herritarrek beraien esperientziak partekatzera animatuko ditugu.