Euskararen alde lan egiten duten hainbat erakunde eta ekimen daude Euskal Herriko luze zabalean barna. Eta berrienetako bat Pantailak Euskaraz da.
Zuen izeneko pantailez ari zaretenean, zertaz ari zarete?
Pantailez orokorrean, ikus-entzunezkoez zentzu zabalenean ari gara. Izan ere, pantailek gure bizitzan gero eta leku gehiago daukate. Ez soilik telebistak edo zinema, baizik eta tabletak, smartphone-ak, bideo jokoak… Horri guztiari begirako ekimena da gurea.
Eta zergatik egon beharko lukete euskaraz?
Kontua da soziolinguistikako ikerketek frogatzen dutela gure aisialdiko bizipenek eragin zuzena daukatela gure hizkuntza ohituretan. Eta, gaur egun, zoritxarrez edo zorionez, bakoitzak egiten duen irakurketaren arabera, gure aisialdia pantailei gero eta lotuagoa dago. Esandakoa, tabletak, smartphone-ak, bideo jokoak, streaming plataformak, telebista tradizionala eta zinema. Horietan guztietan euskarak duen presentzia oso-oso txikia da. Horrek esan nahi du gure aisialdia euskara ez den hizkuntzetan, batez ere gazteleraz edo frantsesez, bizitzen baldin badugu, horrek eragina du geure hizkuntza ohituretan.
Geroz, helburua litzateke pantaila horiek guztiak euskalduntzea eta, horrela, hizkuntza ohituretan eragitea?
Duela 30 urte, 90eko hamarkadan ez zegoen pantailen iraultza hau; ez zeuden mugikorrak, tabletak edota streaming plataformak. Telebista tradizionala zegoen bakarrik, eta han lauzpabost telebista kate behar zituen eta horietatik bat euskaraz zen. Eta, gainera, marrazki bizidunen oso eskaintza oparoarekin eta abarrez. Testuinguru horretan, batez ere haur eta gazteak oso ohituta zeuden aisialdiko pantailetako kontsumo hori euskaraz egitera. Zer gertatu da? 90eko hamarkada bukaeran Interneten iraultza etorri zen; Internet etxe guztietan sartu da. 2006an smartphone-ak sortu ziren, 2010ean Youtube sortu zen eta beste sare sozial batzuk. 2016an Netflix eta ordutik hona beste streaming plataforma batzuk (Amazon, HDO, Disney Plus eta abar). Eta azken 20 urteetako iraultza digital horretan erakundeen aldetik ez zegoen benetako apustu estrategikorik euskara egoera berrira egokitzeko. Ondorioz, euskararen presentzia erabat diluitu egin da panorama berri honetan guztian, ia-ia desagertu arte.
Nolako neurriak hartu beharko lirateke euskarak berriro ere presentzia irabazteko pantailetan?
Alde batetik, streaming plataformetan, estatu mailako Ikus-entzunezko Legea zela eta, euskalgintzako beste eragile batzuekin eta kataluniarrekin eta galiziarrekin eragiten saiatzen aritu ginen. Estatuko Ikus-entzunezko Legea ez baitzen guk nahi genuen hori. Baina lortu da zarata ateratzea eta legean aipamen batzuk egitea esanez plataformek ere hizkuntza gutxituei lekua egin behar dietela. Zarata guzti horren ondoren lortu da gutxienez Netflix eta Amazon Prime Video, adibidez, hastea euskaraz edukiak eskaintzen. Guk uste dugu legez behartu beharko liratekeela kuota batzuk emanaldi batzuk hizkuntza gutxituetan izateko. Azkenean Ikus-entzunezko Legeak ez du guk nahi genuen bezala jaso. Egia da hemengo erakundeek ere Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroako Foru Erkidegoan badutela arautzeko eta legeak egiteko ahalmena. Horregatik uste dugu hemen betebehar gehigarriak jarri beharko liratekeela streaming plataformendako esate baterako.
Zerbait gehiago?
Guretako funtsezkoa erakundeek sustatzea euskarazko edukiak, bai hemengo sortzaile sortutakoak, bai nazioarteko eduki arrakastatsuenak euskaratuta, bilduko dituen plataforma propio bat sortzea, euskaldunentzat erreferente izango dena. Badirudi EITB badabilela plataforma bat sortzen. Euskal erakundeak oso berandu iritsi dira. Katalanek, esate baterako, 2010eko hamarkadan jada www.filmin.cat webgunea sortu zuten eta hor badituzte 2000 eduki katalanez. Orain badirudi plataforma bat datorrela. Oraindik ez dakigu euskarazkoa %100ean izango den, baina badaukagu esperantza puntu bat. Guk uste dugu plataforma horrek euskaraz izan beharko lukeela.
Plataformetaz aparte, aipatu dituzun pantaila guztietan, ezta?
Hori da. Zinemetan, esate baterako, euskararen presentzia Euskal Herriko zinema aretoetan emanaldi guztien %1ekoa da. EAEko euskararen normalkuntzarako legeak eta Nafarroako Foru Dekretuak aipatzen dute erakundeek neurriak hartu behar dituztela euskara ikus-entzunezkoetan eta zinemetan sustatzeko. Aipatzen dute hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna eta begira zein urruti dagoen berdintasun hori zinemetan: %1 euskaraz eta %99 gazteleraz. Horretaz aparte, gazteen artean arrakasta handia duen aisialdi mota bat da bideo jokoena. Hor ere euskara sustatu beharko litzateke, eta kanpoko bideo joko arrakastatsuak euskaratzeko neurriak hartu, dirulaguntzak sortu eta estrategiak sustatu.
Herritarrok hizkuntza kontzientzia dugu pantaila baten aurrean jartzen garenean?
Azken 20 urteetan ohitu gaituzte pantailen mundu hori beste hizkuntzetan bizitzea. Ez gu nahi genuelako, baizik eta erakundeen aldetik ez delako benetako apustu estrategikorik egon. Horren ondorioz, inertziaz, ohituta gaude gutako asko gazteleraz, ingelesez edo frantsesez kontsumitu eta normaltzat hartzera. Kontzientzia galera bat bai egon da, baina herritarrei ezin zaie erru guztia bota. Azkenean, erakundeen akzio faltaren ondorioz herritarrok hartu dugun ohitura bat da. Baina etxe askotan badaude pertsona asko saiatzen direnak aukera dagoenean euskarazko ikus-entzunezkoak hautatzen, edo haurrei beti ETB3 jartzen… Badago herritar kontzientziatu multzo handi bat. Baina egia da zaila dela dagoen eskaintza txikiarekin denbora guztian koherente izatea eta bakarrik euskarazko edukiak kontsumitzea.