Ibarrean jasotako 700 sinadura Kongresuan

Guaixe 2022ko aza. 7a, 08:43

Pentsio duinen aldeko kontzentrazioa Altsasuko Zumalakarregi plazan eginen da gaur. ARTXIBOA

Pentsio duinen aldeko mugimenduak guztira 220.000 sinadura aurkeztu zituen eta Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten talde guztiei, Vox ez beste, zuzendutako gutuna ere eraman zuten. Mugimenduak soldatak eta pentsioak benetako KPIrekin batera eguneratzeko eskatuko duen hilaren 19ko manifestaziora deitu du.

Joan den urteko eta aurtengo pentsioak urte arteko Kontsumo Prezioen Indize (KPI) metatuaren pare eguneratzea. 2021ean eta 2022an jaso ez zuten dirua urtea despeditu aurretik kobratzea. Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuko den gutxieneko pentsioa. Lanbide arteko Gutxieneko Soldata bataz besteko soldataren %60 izatea. Aldarrikapen horiek jasotzen dituen gutuna eta bilera eskaera egin die pentsio duinen aldeko mugimenduak Kongresuan ordezkatutako talde guztiei, Vox-i izan ezik. Eskaera 220.000 sinaduraren babesarekin aurkeztu zuten. Haietako 700 Sakanan jasotakoak. 

Bestalde, pentsio duinen aldeko mugimenduak azaroaren 19an, larunbatarekin, mobilizatzera deitu du. Deialdia hainbat gizarte erakunde eta sindikaturekin batera egin dute. "Pentsiodunen eta langile klaseen bizi baldintzak larriki okertzen ari diren inflazioaren eta prezioen igoera eskandalagarriaren aurrean" hainbat aldarrikapen zabaldu nahi dituzte, esaterako: "pentsioen eta soldaten erosteko ahalmena berreskuratzeko premia larria, horretarako, horiek urteko KPI metatuaren arabera handituz; soldata eta pentsioen genero arrakala ezabatzea eta zerbitzu publiko unibertsalak bermatu eta hobetzea". Horregatik, aberastasuna zuzen banatzea eskatu dute. 

Pentsio duinen aldeko mugimendutik Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei eskatu die "beste alde batera begiratzeari" uzteko eta "pentsio publiko duin eta nahikoak bermatzeko 2023ko aurrekontuetan gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko erabakia har dezatela".