Ludopatia betidanik existitu izan den gaitza da, baina adituak kezkatuta daude jendea geroz eta gazteago sartzen delako jokoaren adikzioak dakarren zulo beltzean. Telefono mugikorrek edonork edozein momentuan jokatu ahal izatea ekarri dute, eta emakumezkoak gehiago estigmatizatzen dira. Saioa Yeregi Casado etxarriarra Nafarroako Aralar Ludopatia Elkarteko psikologoa da, eta elkarteak ateak zabalik dituela adierazi nahi die jokoaren gaitzan murgiltzen direnei eta senitartekoei. Jokoaren atzaparretatik ateratzea posible delako.
Nola iritsi zinen Aralar Nafarroako Ludopatia Elkartean lan egitera?
Donostian Psikologia ikasi nuen eta praktikak Altsasun egin nituen, drogamenpekotasun zentroan. Ondoren, Logroñon Psikologia Profesional Sanitario masterra egin nuen eta segidan Proyecto Hombre-Gizakia Helburun lan egiten hasi nintzen, Donostian. Duela bi urte Aralar Nafarroako Ludopatia Elkartean psikologo lana egiteko aukera sortu zen eta hala hasi nintzen, elkarteak Iruñeko Arrotxapean duen egoitzan. Adikzioen inguruan lan egin izan dut beti.
Noiz sortu zen Aralar Nafarroako Ludopatia Elkartea?
1996 urtean sortu zen, 26 urte dauzka, eta kuriosoa bada ere, ez da ezaguna. Ludopatia zuten pertsonek eta haien familiek sortu zuten, osasun departamentua halako gaixotasun bat laguntzen hasten denerako denbora asko pasatzen delako. Gaur egun koordinatzaile batek eta bi psikologok lan egiten dugu elkartean, eta 10-15 boluntario ditugu, gaixotasunaren prozesua pasa duten pertsonak. Eta elkarteko junta.
ESTIGMATIZAZIOA
Zergatik da zuen elkartea horren ezezaguna?
Esango nuke %90 dela gaiak duen estigmagatik. Elkarteak barne aldera egin du lan, hau da, norbaitek laguntza behar bazuen laguntza ematen zitzaion. Baina kanpo aldera, hau da, gaixotasuna gizarteratzera ez da lan egin. Horregatik ere ez da ezaguna. Orain kanpo aldera lan egiten saiatzen ari gara, ludopatia zer den, dituen eraginak eta dauden arriskuen berri azaltzeko. Jokoaren inguruan arazoak baditugu edo halako egoera batean bagaude, jakin dezagun elkartea existitzen dela eta beharrezko laguntza guztia emango digutela.
Elkartea behar batetik sortu zen. Osasun Departamentuaren gabezia bat erakusten du.
Bai. Aldi berean, elkarteak aurrera egiteko duen zailtasuna nabarmendu nahi nuke. Dirulaguntza eskas batzuk ditugu eta bazkideen kuotak, baina hala ere gutxika aurrera segitzen dugu.
Osasun Departamentuak ez badu gaixotasun hori tratatzen, elkarteari dirua bideratu beharko lioke.
Elkartera datozen gaixo asko medikuetatik eta psikiatretatik bideratuta etortzen zaizkigula kontuan hartuta, askoz ere gehiago. Bestalde, Osasun Departamentuak ez ditu gaixoen familiak atenditzen, eta guk bai, zerbitzu integrala eskaintzen diogu pertsonari eta familiari. Beharrezkoa delako. Ludopatia betidanik existitzen den gaitza da, baina gaixotasun eta adikzio gisa 1980. urtean jaso zen. Ez zegoen inolako tratamendurik.
PORTAERA ADIKZIOA
Zer da ludopatia?
Zaila da azaltzen. Adikzio bat da, portaera adikzio bat. Badaude substantziarik gabeko adikzioak, eta horietatik ludopatia da gaixotasun gisa kontsideratuta dagoen bakarra. Jokoarekiko kontrol falta adierazten du. Pertsona batek edozein gauza egiten du jokatzeko, bere lana, familia, lagunak eta duen guztia arriskuan jarrita. Hasieran beti diru gutxirekin jokatzen du, eta gero kopurua handitzen doa. Adikzio guztiak prozesu bat dira: beti ematen da erabilera bat, gero abusua dago eta azkenean adikzioan bilakatzen da. Frekuentzia gero eta handiagoa da, eta kontrola galtzen dute. Gezur asko esaten dituzte adikzioa ezkutatzeko.
Fikziozko zerbait balitz bezala.
Bi bizitza biziko balituzte bezala. Ludopatia ez da erraza antzematen. Kokaina adikzioa duen bati azkenean fisikoki nabaritzen zaio. Antzeman daiteke, baina jokoarekin ez. Bost urtez egon zaitezke jokatzen, kristoren sarraskiak egin eta ondokoek zerbait arraro dagoela sumatzen dute, baina sarritan ez dakite zer den. Familia gehienek esaten digute: "bagenekien zerbait zuela, arraro zegoela, baina ez genekien zer zen". Burura etortzen zaizkigun balizko arazoen artean normalean jokoa ez delako agertzen. Eta hori arazo handia da. Azkenean euren emozioetan desfaseak ematen dira, oso-oso pozik daude edo oso-oso triste, eta gezurretan. Ludopatia diagnostikatzeko ezaugarrietako bat gezurra esaten dutela da. Eta dirua faltatzen hasten denean…
"Jokoa sozialki onartuta dago. Toki guztietan dago. Arriskutsua da, eta ez gara kontziente"
DIRUA, BETI TARTEAN
Ludopatia kasu guztietan diru falta dago?
Dirua tartean dago beti. Jokatzeko dirua behar da, eta kontrola galtzen dute. Kasu batzuetan zor erraldoiak sortzen dituzte, 100.000 eurotara ailegatu daitezkeenak, edo gehiago. Beste kasu batzuetan duten dirua jokatzen dute, baina ikusten dute kontrola galdu dutela eta laguntza eske etortzen dira. Izan daiteke ere mikrokredituak eskatzen dituztela eta mailegu emaileen eskuetan erortzen direla. Denetatik.
Mailegu-etxeena, beste arrisku bat.
Bi mailegu multzo daude: bankuan eskatzen diren maileguak, legalak direnak, eta mikrokredituak, interes oso handiak dituztenak eta legalak ez direnak. 1.000 euroko mikrokreditua eska dezakezu eta hilabete batean agian 5.000 euro zor ditzakezu. Eta agian beste kreditu bat eskatuko duzu. Ludopata batek beti baitu buruan jokatuz gero diru hori berreskuratzeko aukera izango duela. Eta horrela arazo guztia konponduko dela. Eta lortzen duen bakarra da sorgin gurpil horretan gehiago sartzea. Duela gutxi emazte batek esaten zigun: "bizi guztia daramat berarekin, haur txikiak ditugu eta orain konturatu naiz 10 urte daramatzala jokoan, azken 5 urtetan genuen diru guztia gastatu duela, azken 5 hilabeteko alokairua ordaindu gabe dugula eta ez dugula zerekin ordaindu. Norekin bizi izan naiz? Nor da pertsona hau?".
Badirudi ezinezkoa dela halakoez ez konturatzea.
Egunero ikusten dugu. Pertsona bati gertatu ahal zaizkion balizko arazoen aukeren artean jokoa ez badago, nola ikusiko duzu?
Jokoaren adikzioa ikusezina den gaitza da.
Ikusezina den gaitza eta mila profil dituena. Adikzioak sarrera gutxi dituzten familietan eta familia desegituratuetan gertatzen direla uste da askotan, baina ludopatia ez doa hortik. Edozeinek gara dezake gaixotasun hau, ez dago profilik. Ludopatia txanpon makinan jokatzen duen gizon helduarekin lotu ohi izan da. Eta gaur egun ez da horrela. Txanpon makinan jokatzen duen ludopatak daude, baina orain laguntza eskatzera datozen pertsona gehienek 30 urte baino gutxiago dituzte, gehienbat gizonezkoak dira, kirolari oso lotuta daude eta bereziki kirol apustuetara jokatzen dute.
MUGIKORRA, BONBA HUTSA
Badirudi garai batean publikoki jokatzen zela gehiago, tabernetako txanpon makinetan eta joko aretoetan, baina orain agian pribatuki jokatzen da gehiago. Apustuak etxetik egiten dira.
Ordenagailuek eta telefono mugikorrek ekarri dute edonork edozein momentutan eta edozein tokian jokatu ahal izatea. Adikzio prozesua izugarri azkartzea ekarri dute. Guztiek mugikorra dugu, zertan ari garen inork ez du ikusten eta edozein unetan egon ahal gara jokatzen edo apustuetan. Gure sareetan eta posta elektronikoan apustu etxeen edo joko etxeen informazioa jasoko dugu etengabe. Adikzioa badugu eta mugikorra beti gainean badugu, sekulako bonba dugu esku artean. Jokatzeko moduari dagokionez, jokoa presentzialki hasten da, lagunekin, baina adikzioa duenak isolatzen bukatzen du, ezkutatzen da, jendeak mugikorrarekin etengabe dabilela ez ikusteko.
"Joko adikzioa badugu eta mugikorra gainean badugu, sekulako bonba dugu esku artean"
Nola iristen da pertsona bat ludopata izatera?
Faktore pila bat nahasten dira, baina jokoak zeinen arriskutsuak diren ez gara kontziente. Jokoa toki guztietan dago eta sozialki onartuta dago. Orain Gabonetako loteriarekin gabiltza bueltaka eta ongi ikusita dago. Ea tokatzen zaigun! Hori ere transmititu egiten da. Alkoholaren antza du, alkohola ere sozialki ongi ikusita baitago. Jokoa ere sozializatzeko erabiltzen dugu. Adin txikiko askok kuadrillan jokatzen dute. Apustu bat egiten dute, partidari emozio txiki hori emateko. Gehiengoa erabilera bakarrarekin geratzen da eta hortik ez dira pasatzen, baina badago pasatzen den jendea. Pentsa, noizbait apustu batean 2.000 euro irabazi baditugu, eta ondoren autoa konpontzeko diru asko gastatu badugu zergatik ez dugu beste apustutxo bat egingo diru hori berreskuratzeko? Hori da adikzioa duten bati buruan aktibatzen zaiona: "goazen joko aretora dirua berreskuratzera".
Zerk bulkatzen gaitu jokatzera?
Normalean hiru arrazoirengatik jokatzen da. Lehena, dirua lortzeko. Bigarrena, emozio negatiboak kudeatzeko. Jokoa beste substantzia batzuk bezalakoa baita, anestesia handia; jokatzen hasten zarenean zure burua lasaitzen da eta dituzun arazoetan ez duzu pentsatzen. Eta hirugarrena, euforiarengatik. Partidaren emaitza asmatzen badut eta lagunek irabazi dudala ikusten badute, a ze subidoia. Sarritan, hiru arrazoi horiek nahasten dira, eta gero eta gehiago barneratuta, konturatu gabe adikzio bat izatera pasa zaitezke. Ez beti, baina kasu askotan bai.
FAMILIAK, EZINBESTEKOAK
Zein paper jokatzen dute familiek?
Oso garrantzitsua. Gaixo batzuk kontziente dira duten arazoaz eta eurak dira guregana etortzen direnak, baina gutxi dira. Gehienetan familiak edo gertukoak dira elkartera etortzeko lehendabiziko pausoa ematen dutenak. Guk lan asko egiten dugu familiekin. Batetik, gaixoari ezinbesteko laguntza ematen dielako. Gaixo guztiek babes pertsona izeneko figura bat dute, euren sendabide prozesuan bidelagun dutena. Bestetik, senitartekoak ere gaizki daudelako.
Zein da osatze prozesua?
Hasteko, monitore batek gaixoari prozesua azalduko dio. Monitorea aurretik prozesua pasatu duen boluntario bat da. Egoeraren ebaluazio bat egiten dute. Ondoren, gaixoak psikologoarekin hitzordua du, eta gero familia bilduko da psikologoarekin. Hurrengo hitzorduan gaixoa, familia eta psikologoa elkartzen gara eta berehala gaixoa terapietan hasten da. Astero talde terapiak ditu eta hilabetean behin terapia indibiduala. Familiek hamabostero talde terapia dute eta behar dutenean terapia indibiduala. Prozesuan gaixoari kontrol ekonomiko handia egiten zaio. Pertsona horrek bere bizitza normalean dituen gastuak zehazten dira eta soilik gastu horietarako dirua emango zaio. Gaixoak diru horrekin zer egin duen justifikatu beharko du.
Beraz, etxekoek gaixoaren gastuak kontrolatu behar dituzte.
Bai, eta familia horren rolak asko aldatzen dira. Esaterako, zure bikoteak zure gastuak kontrolatu behar ditu bat batean, edo zure amak edo aitak esan behar dizu dirua non gastatu behar duzun eta non ez. Familian aldaketa handia da, baina beharrezkoa. Izan ere, euro bakar batekin jokatu ahal da eta arriskua hor dago, jokora sarbidea edozein lekutan baitago: telefonoan, tabernan, joko etxeetan…
"Gaur egun adikzioa duten gehienak gizonak dira, 30 urte baino gutxiago dituzte eta kirol apustuetan jokatzen dute"
AUTO-DEBEKUA
Nola kontrolatu telefonoetatik apustu etxeetara ez sartzea?
Gaixoekin "auto-debekua" deritzogun prozesua egiten dugu. Hau da, zuk zure buruari jokatzea debekatzen diozu. Instantzia bat betetzen da eta estatuko zerbitzuetara bidaltzen da. Badu bere lana. Instantziaren baieztapena jaso ondoren, online jokoaren linea moztuko zaio pertsona horri eta ezingo du online jokatu. Horrek asko laguntzen du. Joko presentzialak probintzia bakoitzak kudeatzen ditu. Nafarroari dagokionez, hiru kirol apustu etxe, hiru bingo eta sei joko areto daude, horietako bat Altsasun. Horretaz gain, tabernetan 2002 txanpon makina eta 860 kirol apustu makina daude. Nafarroan auto-debeku prozesua egiten badugu, online sarbidea kentzen digute eta bingoetara sarbidea moztu, baina edozein taberna eta joko aretoetan sar gaitezke. Uztailean Jokoaren Lege berria aterako da eta aztertzen ari dira auto-debekua dutenei eta adin txikikoei joko aretoetan sarbidea nola debekatu.
Legediak zerbait gehiago jaso beharko luke?
Zerbait aurreratu da, baina asko falta da egiteko. Hutsune asko daude. Jokoaren publizitatearen inguruan, telebistan eta irratian soilik goizaldean jarri ahal da publizitatea, 01:00etatik 05:00etara edo 6:00etara, Loterías del Estado eta Once kanpo. Baina Sare Sozialak nola kontrolatu? Gaur egun gazteek Instagram erabiltzen dute gehien, eta hor ez dago mugarik. Txanpon makinak lege berrian ez dira inon sartzen eta berdin jarraituko dute. Asko dago egiteko.
Atzean interes handiak egongo dira.
Izugarriak. Honen guztiaren atzean enpresak daude, dirua irabazten duten enpresak.
Norbaitek jokoari lotutako arazo bat badu Aralar Ludopatia Elkartean ateak zabal-zabalik dituzue.
Etor daitezela lasai asko, bai gaizki daudenak, euren senitarteko eta lagunak… informazio guztia eta laguntza emango diegu. Asociación Aralar gure webgunean sartuta posta elektronikoak edo telefonoak daude. Gure elkartea gizarteratu nahi dugu, jendeak hor gaudela jakiteko. Institutuetara eta ikastetxeetara ere joaten gara gure elkartearen berri ematera, joko adikzioa dutenen adina asko jaitsi delako. Gaur egun gaztetxoak 14,7 urterekin hasten dira bataz beste online jokatzen eta 14,6 urterekin joko presentzialetan.
Adin txikikoek ezin badute legez jokatu, nola moldatzen dira?
Online jokatzeko Nortasun Agiria behar da, eta askok gurasoena sartzen dute. Bestalde, kirol apustu etxeetan txartel bat egin daiteke, eta txartel horrekin kirol apustu makinetan jokatu daiteke. Gainera, bankura joan eta identifikaziorik gabe txartel horrekin dirua atera daiteke. Aste honetan 18 urteko gazte bat etorri zaigu. Lanean hasi da, eta bere lehen hiru soldatak berehala gastatu zituen; hilabeteko hirugarren egunerako ez zuen dirurik. Bere kabuz jokoa uzten saiatu zen, ez zuen lortu eta laguntza bila etorri zen.
"Jokatzen duten hiru pertsonetatik bat emakumea da, baina soilik %10-20 doaz gurea bezalako elkarteetara"
EMAKUMEAK ETA JOKOA
Emakumeen ludopatia jarri duzue erdigunean. Zergatik?
Jokatzen duten hiru pertsonetatik bat emakumea da, eta horietatik soilik %10 edo 20 iristen dira elkarteetara. Zerbait gaizki egiten ari gara. Emakumeen rola zaintzari lotuta egon izan da beti: etxekoak zaindu eta lagundu. Hori barneratua duen emakume bati gehiago kostatzen zaio laguntza eskatzea eta adikzio bat duela aitortzea. Askoz ere gehiago estigmatizatzen dira emakumeak. Gure elkartean %10 emakumeak dira. Gizonak 18 urterekin has daitezke jokoarekin arazoak izaten, eta gehienbat kirol apustuetan jokatzen dute, arriskua eta trebetasuna lantzen diren jokoetan. Emakumeak, aldiz, beranduago hasten dira, euren zaintzaile rola bete dutenean, 40 urte ingururekin, eta gehienbat bingoan eta txanpon makinetan jokatzen dute. Oso ezberdina da. Bitxia den beste datu bat da elkartean dauden gaixo gehienak gizonak direla, baina haien babes pertsona gehienak emakumeak direla. Laguntzen gehienetan dago ama, emaztea edo alaba.
Emakumeek beranduago eskatzen dute laguntza.
Emakumeek isolatuta jokatzen dute, eta normalean okerrago iristen dira elkartera, bai fisikoki eta baita arazo gehiagorekin, gehiago aguantatzen dutelako. Oso gaizki daude, karga emozional handiarekin. Gainean daramaten motxila izugarria da. Baina behin etorrita, prozesua hobea da. Kontzienteagoak dira, gehiago konprometitzen dira eta prozesua azkarrago egiten dute. Horregatik egin dugu emakumeen kanpaina. Emakumeren batek arazoren bat badu identifikatu dezan, eta jakin dezala hor gaudela eta honek irtenbidea duela. Bestalde, talde terapietan agian egon daitezke 14 gizon eta emakume bat, eta bakoitzaren beharrak eta dinamikak ezberdinak dira. Asko dago lantzeko.
FORMAZIOA
Aralar Nafarroako Ludopatia elkartean ere ludopatiaren inguruko formazioa eskaintzen duzue.
Formakuntza saioak eskaintzen ditugu familiendako, gazteendako eta profesionalendako, eta baita teknologia berriei buruzko formazioa, euskaraz eta gaztelaniaz. Baita ikastetxeetan ere. Formazio hauek diruz laguntzen dira. Eta prebentzio tailerrak ere eskaintzen ditugu.
Pandemiak ludopatia kasuetan eragina izan al du?
Bai. Orain etortzen ari zaizkigun kasu gehienak pandemia garaian hasi ziren jokatzen. Pandemian online jokatzeko aukera zegoen, eta etxean sartuta hainbeste denborarekin, sekulako booma izan zen. Aparteko eragina izan zuen.