Futbola

Hiru talde sakandarrek puntuatu zuten

Guaixe 2022ko aza. 8a, 11:30
Lagun Artea eta Arrotxapearen arteko partida, larunbatean Zelai Berrin. OSKAR MAIZA

Altsasuk irabazi egin zuen, eta Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak berdindu

Asteburuan Preferente mailako bederatzigarren jardunaldia jokatu zen eta jardunaldi txukuna izan zen, gure hiru taldeek puntuatu zutelako. 

Altsasu izan zen hobekien aritu zen taldea. Altsasuk Doneztebe taldea hartu zuen Dantzalekun. Bi taldeek lehia polita izan zuten, baina Altsasuk hobeto kudeatu zituen izandako aukerak, eta horren fruitu Unai Rodriguezek 27. minutuan aurreratu zuen taldea. Doneztebe berdinketa lortzen saiatu zen, baina Julen Floresek 2 eta 1-ekoa ezarri zuen markagailuan eta gorritxoek airea hartu zuten. Partida bukaera aldera, 74. minutuan Doneztebek gola sartu eta 1 eta 2 hurbildu zen, baina Altsasuk ongi eutsi zuen eta 89. minutuan Ion Mendiak sartutako golarekin partida erabakita utzi zuten, 3 eta 1. 

Etxarri Aranatzek Amigo izan zuen aurkari izen bereko ikastetxean. Bi taldeak saiatu ziren, aukerak sortu zituzten, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan ez talde baten ez bestearen atean. Horrela, husnako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Lakuntzako Zelai Berrin Lagun Arteak Arrotxapea hartu zuen. Gauzak ez ziren batere ongi hasi talde lakuntzarrarendako, 10. minutuz Arrotxapea penaltiz aurreratu baitzen eta 23. minutuan iruindarrek bigarrena sartu baitzuten. Hala ere, Lagun Arteak ez zuen etsi eta tarteka itxura ona eman zuen. Bigarren zatian Yonatan Dávilak sartutako golari esker partidan sartu zen Lagun Artea, eta Iker Anduezak lortutako golarekin bina berdindu zuten lakuntzarrek. Azken minutuetan garaipenaren bila borrokatu ziren bi taldeak, baina puntu banaketarekin despeditu zen partida, lakuntzarrendako zapore berezia izan zuena. 

Sailkapena
Preferente mailako liderra Universidad de Navarra (21 puntu). Altsasu bosgarren da (17 puntu), Etxarri Aranatz hamahirugarren (10 puntu) eta Lagun Artea 18., azkena (4 puntu). Datorren asteburuan Arrotxapearen kontra jokatuko du Altsasuk, Etxarri Aranatzek Beriain hartuko du eta Leitzan jokatuko du Lagun Arteak, Aurreraren kontra.