Areto futbola

Gol baten aldearengatik irabazi eta galdu

Guaixe 2022ko aza. 10a, 10:00
Ibararte Xotak San Juanen kontra garaipen polita lortu zuen. XOTA

Areto futboleko Hirugarren mailan Ibararte Xotak bere partida irabazi zuen eta Aralar Mendik, aldiz, galdu

Asteburuan Hirugarren mailako areto futboleko bosgarren jardunaldia jokatu zen. Uharte Arakilgo Aralar Mendik Kirol Sport hartu zuen, eta partida oso borrokatua eskaini zuten bi taldeek. Gauzak oso oker jarri zitzaizkion Aralar Mendiri, Kirol Sportek lau gol sartu baitzituen segidan, baina sakandarrek ez zuten etsi eta atsedenaldia baino lehen lehen gola sartu zuen Ibai Martiarenak. Bigarren zatian erasoan jarraitu zuten eta Jon Iribarrenek sartutako bi golei esker 3 eta 4 hurbildu ziren, baina, tamalez, partidak ez zuen gehiagorako eman eta hiru puntuak Orkoienera joan ziren. 

Irurtzunen, aldiz, partida oso lehiatua eskaini zuten Ibararte Xotak eta San Juanek. San Juan taldea Hirugarren mailako oilarretako bat da, baina talde irurtzundarrak oso estu hartu zuen. Partida bukatzeko bost minuturen faltan Asier Gonzalezek San Juanen atea zulatu zuen, eta partida bukaerara arte ongi eutsi zuenez, garaipen ederra lortu zuen Ibararte Xotak. 

Sailkapenean Universidad de Navarra da liderra (13 puntu), Ibararte Xota bosgarren (9 puntu) eta Aralar Mendi hamargarren, punturik gabe. Larunbatean, 18:00etan, Tafallan jokatuko du Aralar Mendik, hamaikagarren postuan dagoen eta bere arerio zuzena den Vulcanizados Ruiz Tafa taldearen kontra. Ibararte Xotak, aldiz, larunbatean hirugarren sailkatua den Garbayo Chivite Cintruenigo taldea hartuko du Irurtzungo Atakondoan, 16:00etan.