Erkuden eta Urko

"Euskarak bizi duen egoerak kezkatzen gaitu"

Guaixe 2022ko aza. 17a, 13:32

Euskaltzaleak azaroaren 24ko bilera irekida deitu dituzte.

Sakanan euskararen bilakaerarekin kezkatuta dauden hainbat sakandarrek osatu dute Sakanako Euskaltzaleen Sarea, tartean Erkuden Barandiaran Goñi eta Urko Aierbe Sarasola.Talde irekian parte hartzeko euskaltzalea eta euskalduna izatea nahikoa da.

Sakandar euskaltzale guztiei ekimenarekin bat egiteko gonbidapena eginez aurkeztu du bere burua Altxa Burua! Sakanako Euskaltzaleen Sareak. Euskaltzaleak azaroaren 24an, osteguna, 18:00etan, Arbizuko udaletxean eginen den bilkura irekira gonbidatu dituzte. Sare euskaltzale sortu berriko kide diren Erkuden Barandiaran Goñi eta Urko Aierbe Sarasola eragile berriaren aurkezpen prentsaurrekoan izan ziren. 

Zerk eraman zaituzte sarea sortzera?
E. Euskaldun askoren moduan, kezkatuta gaude euskararen egoerarekin. Eta, horregatik, batez ere. Gainera, plazaratu dituzte kaleko erabileraren datuak, eta horrek gure kezka berretsi du. Ez da harritzekoa, euskaraz bizi ahal izateko egiturazko baldintzak gero eta zailagoak baitira Sakanan ere.

Zein da Sakanaren egoera?
U. Kale erabileraren datuak adierazle bat dira. Baina horretaz aparte, euskarak beste eremuetan bizi duen egoerak kezkatzen gaitu. Batetik, Nafarroako Gobernuaren menpeko zerbitzu publikoek ez dituzte euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen, esaterako, osasun etxean edo Foruzaingoan. Espainiako Gobernuaren menpekoek ezikusiarena egiten digute guztiz. Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da, ikasle gehienak euskaradunak izan arren. Bestetik, Altsasuko Iortia kultur guneko programazioak oso leku txikia egiten die euskarazko ekoizpenei. Horrekin batera, kirolean gure haur eta gazteen entrenatzaileak euskaldunak ez izatea oraindik tamalez ez da salbuespena. Aldi berean, kanpotik etortzen diren pertsonei askotan ez diegu harrera egokia egiten, gure hizkuntzaren edo gure ohituren berri ematen. Gainera, udal gehienei eta Mankomunitateari ere, euskaldunoi egungoa baino arreta handiagoa ematea eskatu beharrean gaude. Egia da euskarak aurrerapausoak eman dituela Sakanan azkenengo urteetan. Oraindik ere zeregin handia badago Sakanan euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko. Egiteko asko daude.

"Egia da euskarak aurrerapausoak eman dituela Sakanan azkenengo urteetan. Oraindik ere zeregin handia badago Sakanan euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko"


Toki administrazioa aipatu duzue. 
U. Aurten ere gure udalek Euskaraldiari atxikipena emango diotenez, argazki bat ateratzetik harago, euskararen eta euskaldunon aldeko benetako politikak gara ditzaten eskatu nahi genieke.

Zein dira zuen helburuak?
E. Euskaldunak euskaraz aritzeko erabakia hartzera bulkatu nahi ditugu. Horretaz aparte, gizarte esparru guztietan euskararen erabilera bermatzeko eta euskaldunon eskubideak errespetatuak izan daitezen ekintzak burutu nahi ditugu. Eta, oro har, euskararen erabilera sustatzea. Euskaraz bizi nahi dugulako zerbitzu publikoetan, merkataritza eta enpresetako zerbitzuetan, kirol jardueretan, kantuan eta dantzan, margotzean, etxean, kalean, pantaila guztietan, eskolan baita lantoki eta tabernetan ere.

Zeinek osatzen duzue sarea?
E. Edozeinek. Taldetxo bat bildu ginen, baina sarea osatzeko beharra ikusi genuen. Horregatik egin dugu deialdia. Edozein euskaltzale, euskaldun denak, parte har dezake. Denon beharra dugu. Guztion iritziak eta guztion ekarpenak behar ditugu. 

"Euskaltzaleak eta eragile euskaltzaleak saretu nahi ditugu, Ahaleginak batu"

Non biltzen zarete? 
U. Erosotasunagatik Arbizun bildu izan gara, erdigunean dagoelako. Erkudenek esan bezala, gonbidapena berrestea. Edozeini irekia den eragile bat da. Ez da talde, subjektu edo bestelako eragileek egiten duten lana ordezkatzera datorren talde bat. Baizik eta izenean bertan dagoen sarearen kontzeptu hori jorratu nahi dugu. Euskaltzaleak eta eragile euskaltzaleak saretu nahi ditugu. Denon ahaleginak batu nahi ditugu, elkarrekin aurrerapausoak azkarrago emanen ditugulako. 

Definitu dituzue sarearen egitekoak?
E. Guztiz ez. Baditugu helburu batzuk, baina definituta ez dago. Pausoz pauso joango gara egiten. Hutsuneak daude eta, beraz, hutsune horietan ekin nahi dugu, dudarik gabe; hor indarra egin nahi dugu. Baina guztiz definituta ez daude. Helburu batzuk ditugu. Esaterako, euskararen ezagutza izanik, jendeak erabil dezan bultzatzea. Eta, horretarako, baliabideak jarri behar dira. Baliabide horiek erraztuko ditugu, edo beste batzuei eskatuko diegu baliabideak erraz ditzaten. Pixka bat hortik joango da, segur aski. Baina hori denon artean erabakiko dugu. Euskara da gure ardatza, eta euskaldunon eskubideak bermatzea. Hori besterik ez dugu nahi. 

Nola eragin ere zehazteko izanen duzue, beraz.
U. Finean, sareko kideek eta parte hartuko duten herritarrek, denon artean zehaztuko dugu zer egin. Pausoz pauso joango gara. Esan bezala, denon arteko konplizitatearekin, sinergiak eta aliantzak sortuz bultzada berri bat ematea Sakanan euskara normalizazioari. Eta, azken finean, ibilian-ibilian joango gara zehazten egitasmoa. Sakanan momentutan ikusten dizkiogun beharrei erantzuten joango gara. Denon artean. 

Hurrengo hitzordua zehaztua duzue. 
E. Bai. Bilkura irekia izango dugu azaroaren 24an, 18:00etan, Arbizuko udaletxean. Gure hizkuntza bizia eta bizirik nahi dugulako, sakandar euskaltzale guztiei luzatzen diegu ekimen honekin bat egiteko gonbidapena. Beraz, ea betetzen dugun gelatxo hura. Bestela, gurekin harremanetan jartzeko sakanakoeuskaltzaleak@gmail.com e-posta helbidea erabil daiteke.