Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuegu eta zorionak! Zorionak Sakana. Batetik, urte guzti hauetan euskal presoen euskal herriratzea egia bihurtzen hasi dadin egindako lan guztiagatik, eta bestetik, Sarek antolatutako ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeagatik. Zuei esker iritsi gara honaino.
Urriaren 8an Donostian, milaka eta milaka herritar batu ginen Izan Bidea dinamikaren baitako azken kilometroak osatu eta eginiko bideak ekarritako lorpenak balioan jartzeko. Sakanatik ere, dozenaka lagun gerturatu ginen lehenik Donostiako kaleak koloreztatzera eta ondoren Ilunbeko jaialdira. Aldarria eta festa batuz, bultzada itzela eman genion guztion artean aurrera begira egiteko dugun bideari.
Orain, erronka berri baten aurrean gaude! Urriaren 8an bildutako indarrak hartu eta urtarrilaren 7ra begira jarriak gara. Izan ere, urte garrantzitsu baten hasieran kokatzen da aurtengo urtarrileko mobilizazioa; euskal presoen gehiengo zabala Euskal Herrian delarik amaituko dugu urtea. Egoera berri honek poza sorrarazten digu eta baita herri aktibazioaren eta kale aldarrikapenaren garrantzia eta balioa erakutsi ere. Horregatik, eta oraindik bidea egiteko geratzen zaigulako, urtarrilaren 7an Bilbon izatera gonbidatu nahi ditugu Sakanako herritar guztiak.
Euskal herriratzea urrats garrantzitsua izan arren, euskal presoek oraindik ere etxeratze prozesua gauzatzeko traba eta oztopo ugari jasaten dituzte salbuespen legediaren ondorioz. Horren adibide dira gradu progresioen aurrean fiskaltza eta Audientzia Nazionala izaten ari diren jarrera atzerakoia. Hori hala, lanean jarraitzeko beharra ezinbestekoa dela uste dugu, euskal presoek ere dagokien etxeratze prozesua normaltasunez gauzatzeko unea baita.
Erronka berri honi guztiok batera ekin nahi diogu eta Sakanan ere horretarako lanean jarraituko dugu datozen aste eta hilabeteetan. Gutun honen bitartez, sakandar guztioi gurekin bat egin eta eskualdean antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu, eta, nola ez, urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzeko gonbita luzatu.
Milesker eta animo, lortuko dugu!