Sakanako Enpresen Elkarteko (SEE) ordezkariak Maria Chivite Navascues lehendakaria, Mikel Irujo Amezaga Ekonomia eta Enpresa Garapen kontseilari eta Carlos Gimeno Gurpegi Hezkuntza kontseilariarekin elkartu ziren lastailaren 29an. Bileran ibarreko sozioekonomia garapen proiektuei buruzko informazioa trukatu zuten aldeek. Lanbide Heziketako institutuak enpresendako duen garrantzia azpimarratu zuten SEEkoek. Ikastetxean Sakanako industria sektore nagusia den industria metalurgikoaren adarretan profesionalen prestakuntza eskaintza izateko beharra nabarmendu zuten. Horrela, jubilatuko diren langileak ordezkatzeko aukera legokeela uste dute elkartean. Horretaz eta bestelakoez hizketatzeko bilera eginen dute elkartekoek eta Hezkuntza Departamentukoek aste honetan.
Labur bada ere, bilkuran digitalizazioaren eta berrikuntzaren erronkari aurre egiten lagunduko duen Dinabide moduko zentro bat izatearen garrantziaz hitz egin zuten. SEE Dinabide elkarteko kide da dagoeneko. Garciak eta Artetxek esan dutenez, "Dinabidek paper garrantzitsua izan dezake eta ibarreko prestakuntza eskaintza hobetzen lagundu dezake. Baliabide horiek enpresek eta ikastetxeek aprobetxatu behar ditugu".
Langabezia
Bileran, lehendakariak Nafarroako Gobernuko Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako txostena aurkeztu zuen, Sakanako lan egoera deskribatzen duena. Emandako datuen arabera, lastaila akaberan 868 sakandar zeuden lan bila, duela urtebete baino % 10,5 gutxiago. Datuak agerian uzten du langabezia Sakanan Nafarroan baino gehiago jaitsi dela, herrialdeko jaitsiera %4,5 baita. Ibarreko langabezia tasa %7,39koa zen, Nafarroakoa, berriz, %8,99.
Nafarroan bezala, Sakanan ere langabeziak emakumeei (%63) eta 54 urtetik gorakoei (%32,6) eragiten die bereziki. Prestakuntza mailaren arabera, ibarreko langabeen %61,9k derrigorrezko ikasketak baino ez dituzte. Gainera, langabezian dauden pertsonen ia herenak iraupen luzeko langabeak dira.