Nasuvinsa enpresa publikoarekin hitzarmen bana sinatuta dute Arbizuko eta Altsasuko udalek. Bakoitzak lur sail bana utziko dio Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoari han 35 urtetik beherako gazteei zuzendutako etxebizitzak egiteko. Arbizun, San Joango bidea kalean, 407,1 m2-ko lursailean eraikiko dira etxeak. Francisco Javier Razkin Flores alkateak azaldu duenez, bi erakundeetako arkitektoak harremanetan daude eraikiko diren etxebizitzen tipologia zehazteko. Antza, Nasuvinsaren asmoa da etxebizitza horien eraikuntzari udaberrian ekitea.
Gizonezkoa Altsasuko Galtzada kalean. Ezkerrean alokairuzko etxebizitzak eraikiko diren lursaila. ARTXIBOA
Altsasuko Udalak, berriz, 1.690 m2-ko azalera duen lursaila utzi du Nasuvinsaren esku. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "lehen fasean Ualdera eta Amandrea kaleetan 21 etxebizitza eraikiko dira. L itxura duen eraikin bat izanen da. Eta lehen fasea bukatu eta gehienez ere bost urteko epean enpresak beste 21 etxebizitza eraikiko lituzke". Ollok azaldu duenez, eraikinak 3 altuera izanen ditu eta solairu bakoitzean bi logela dituzten pisuak (80 m2), hiru logelakoak (90 m2) eta logela bakarreko bi pisu (60 m2) egonen dira. Etxebizitza bakoitzak lurpeko aparkalekuak ibilgailuendako bina plaza izanen ditu. Udalak, gainera, beheko plantan 596 m2 eskuratuko du. Alkateak jakinarazi duenez, "Nasuvinsak proiektua emateko ideia lehiaketa martxan jarri zuen". Bigarren faseko eraikinak beheko planta eta bi solairu izanen lituzke.