Sakana herri eskolak

″Guk lana ondo egitea guztion onurarako da″

Guaixe 2022ko aza. 17a, 14:02
Urdiaingo eskolako ikasle eta irakasleak herriaren goiko partean. UTZITAKOA

Ibarreko bederatzi ikastetxe publikoek osatzen duten sareak jaso du Sakana aipamen berezia saria, sakandarren boto bidez erabakitako saria.

Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Olatzagutiko ikastetxe publikoak, Haur eta Lehen Hezkuntzako herri eskolak, dira Sakana aipamen berezia saria jaso dutenak. D eredua guztietan dago eta A ereduko talde batzuk Irurtzunen eta Altsasun daude. Guztira 1.505 ikasle, 106 gela, 221 irakasle eta makina bat familia. Lierni Galarraga Lekuona ari da Sakanako herri eskolen koordinazio lanetan.

Herritarrek emandako saria. Zer dakar horrek?
Hautagai izatea ere sorpresa handia izan zen guretako. Hezkuntza eta eskola publikoa bizitzen ari den egoera bizita, oso ondo datorren sari bat da. Gure eskolek, irakasleek eta zuzendariek ondo merezita daukaten saria da. Oso pozik gaude. 

Sariak zer aitortzen die ibarreko herri eskolei?
Txalo egin digute eskolei eta eskoletan lan egiten dugun guztioi. Oso ondo dator beti lanean ari zarenean norbaitek esatea: "animo, ongi ari zarete, segi". Animoak eman dizkigu. Ez da erraza. Euskara da gure erronka nagusietako bat. Sakanara bizitzera etortzen diren kanpoko ikasleek, hizkuntzarik gabe datozenak, askotan eskola publikooi tokatzen ari zaigu egoera horiei aurre egitea. Eta eskolarendako esfortzu eta lan handia da. Azkenean, sariarekin eta aitortzarekin gure lana goraipatzen da, eta oso-oso ondo datorkigu.

Erronka gehiago dituzue?
Orain dela urte batzuk estrategia plana egin genuen, eskola eta sare bezala zer lortu nahi genuen zehazteko: kalitatea kudeaketan eta ikasleei akademikoki kalitatea ematea; eskualdean txertatzea; ikasleek beraien inguruari balioa aitortzea, bertako hizkuntzari, kulturari, ondareari… Testuinguru hori dugu. Eta beti etengabeko prestakuntza, gure ikasleendako ikasteko modurik egokienak eta hoberenak zein diren jakiteko. Urtero kanpo frogak egiten dizkigute eta haien emaitzak aztertuz hobekuntza planak egiten dira eskoletan. Horren arabera irakasleendako prestakuntzak antolatzen ditugu. Beti ere ikasleen akademia maila hobetzen saiatzeko. 

Elkarrekin sarea osatzen duzue?
Bai. Gure egiteko inportanteena, eta nirea bereziki, da eskolak elkar babestea eta laguntzea. Zuzendaritza talde batean sartzen diren berriak oso-oso eskertuta sentitzen dira, gainerako zuzendariengatik oso babestuta sentitzen dira. Momentu honetan, esate baterako, Hezkuntza Lege berriaren moldaketetan ari gara, programazioak-eta moldatzen. Eta segituan ereduak partekatzen dira, norberak nola egin duen… Etengabeko mugimendua daukagu. Badauzkagu partekatutako datu basea eta unitateak, sare sozialetan elkarrekin egunero komunikatzen gara… 


Iturmendiko eskola komunitatea; ikasleak, irakasleak eta gurasoak. UTZITAKOA

Noiz sortu zen sarea? 
Duela 12 bat urte ikastaro bat egin zen, eta bi behar ikusi ziren: koordinazioa eta eskolen arteko komuneko proiektuak aurrera ateratzeko pertsona bat egotea. Orduan sortu zen Sakanako Herri Eskolak izena, eta pixkanaka hasi zen saretzen, txikitik handira joan zen. 

Saretzean gurasoek zer paper dute? 
Eskola guztietan dauzkagu guraso elkarteak. Eskola kontseiluen beti daude ordezkatuta. Eta eskola bakoitzaren lan egiteko moduaren arabera, modu batera edo bestera, beti ateak zabaltzen dizkiegu parte hartzeko. Bederatzi eskoletatik hiru ikas komunitateak dira eta haietan sistematizatu samar daude gurasoen parte hartzeak eskolan eta baita gelan ere. Sortzen elkartearekin ere lan egiten dugu. Harekin koordinatuta hainbat dinamika ditugu: eskolek euskararen inguruan dituzten erronkak, urteroko eskualdeko festaren antolaketa…

Sarea zertan dabil gaur egun? 
Oso sinplea badirudi ere, guretako oso inportantea da ibarreko ikasleek elkar ezagutzea, eta eskolek ekintzak elkarrekin antolatzea. Nire egitekoetako bat hori izaten da. Esate baterako, azaro bukaeran Lekarozera hiru eskoletakoak elkarrekin astebeterako joanen dira. Azaroaren 17an beste bi eskoletakoak Iruñera joanen dira. Etengabe antolatzen ditut elkarrekin egiteko makina bat gauza. Orain dela gutxi, Sakanako Garapen Agentziaren bidez Aralarren hiru eskola egon dira. Hondakinen kudeaketari buruzko tailer batzuk bideratzen ari gara. Ondarea dela eta, Koskobiloko lezera irteera antolatzen ari gara ilbeltzerako-edo. Prestakuntzak egiten ari gara eskola txikietan, hainbat adinetako ikasleak elkarrekin baitaude. Lan egin eta denak irabazten ateratzeko hainbat lan antolaketa pentsatzen ari gara. Bestalde, Sakanako Enpresen Elkartearen berdintasun foroan parte hartu dugu eta proposamenak egin ditugu. Herrien bizi iraupenerako eta familia eta lana uztartzen laguntzeko eskatu dugu: herrietan 0-3 zikloa indartzea, doakoa, edo ahalik eta kalitate eta modurik egokienean antolatzen saiatzea; kontziliaziorako jangela, zaintza zerbitzuak eta udalekuak… Ikusten ari gara familia asko herritatik mugitzen direla eskolak ezin dizkielako zerbitzu horiek eman. Ez dugu uste udalek behar adinako balioa ematen diotenik neurri horiek daukaten garrantziari. Neurri horietarako laguntza baten beharrean ikusten ditugu familiak. Guraso elkarteen eskutan uzten da zerbitzu horiek antolatzea. Eta uste dut herri bezala oso estrategikoak direla. 

Eta etorkizunari begira? 
Koordinazio planak 87 helburu ditu. Zuzendaritza berri bat sartzen bada eskolan beti behar izaten da laguntza gehixeago, eta hor erronkak mila izaten dira. 

Jaiotze tasa txikia da. Eragina?
Normalean Hezkuntza Departamentuak datu horiek guk baino askoz lehenagotik dituzte esku artean. Egoerak iritsi aurretik aurreikuspen handia dute eta neurriak hartzen joaten dira. Guk, oraingoz, ez dugu eragin nabarmenik ikusi. 

Zer eginen duzue sariarekin?
Hautagai izatea jada saria izan da. Gauzen beharrik ez daukagu. Lanean jarraituko dugu, egiten dugunean sinesten dugu. Hori bai, denon beharra daukagu: hedabideak, udalak eta gizarte osoarena. Azkenean, Sakanako haritz txikien mintegiak gara eskolak, eta guk lana ondo egitea guztion onurarako da.