Tokikom komunikazio taldeak 10 urte

Tokiko komunikazioaren aldeko 10 urteko elkarlana

Guaixe 2022ko aza. 11a, 08:42

Guaixe fundazioa kide den Tokikomek, euskarazko tokiko hedabideen bateraguneak, bere hamargarren urteurrena ospatuko du gaur. Barrura begirako topaketa izanen da: ibilitako bidearen errepasoa, gogoetarako foroa eta Tokikom Sariak banatuko dira.

Euskarazko tokiko hedabideetako langileek Arantzazun dugu gaur hitzordua. Gaur guretako hartu dugu eguna. ArantzazuLAB aretoan elkartuko gara taldeko 28 bazkideen ordezkariak. Guztien artean 76 tokiko hedabide kudeatzen ditugu: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati, Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen direnak. 240 langile gara. Gu guztiok elkartzen gaituen Tokikom bateraguneak hamar urte bete ditu eta, jakina, ospatu beharra dago. Gaurko topaketak Elkarrekin bidea eginez leloa du. 

Azken urteetan udazkenero topaketa bat egiten dugu, baina aurtengoan antolatutako ekitaldia barrura begirakoa izanen da, taldea osatzen duten bazkideen arteko harremanak landu eta hurrengo urteetako lana enfokatzeari begira. Hamargarren urteurrenaren ospakizun publikoa egiteko, Tokikom beste ekitaldi handiago bat prestatzen ari da, 2023ko lehen hiruhilekorako.

Tokikom komunikazio taldeak, urtero moduan, bere sari banaketa eginen du. Baina aurtengo sariketa desberdina izanen da, taldeak bere sorreraren 10. urteurrenarekin lotu nahi izan baitu. Horregatik, aurten Tokikom Sariek kazetaritza lanak saritu beharrean hamar urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko ditu, "Tokikomeko bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzeko asmoz". 

Gehiago 
Sari banaketaz aparte, Tokikomek taldearen hamarkada bateko historia laburbiltzen duen ikus-entzunezko lan bat mustuko du. Dokumental horretan euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldeak orain arte egindako ibilbidea kontatuko da, ibilbide horretan zuzenean parte hartutako lekukoen azalpenen bitartez. 

Gaurko topaketan barne gogoetarako tartea ere izanen da, goizean zehar hainbat mahai inguru izango baitira. Haien bidez Tokikom komunikazio taldea osatzen duten tokiko hedabideen arteko iritzi trukea sustatu nahi da. Hausnarketa horren ardatzak izanen dira hedabideen sektoreak hurrengo urteetarako mahai gainean dituen erronkak: Tokikom beraren izaera eta funtzioa hurrengo urteetan, hedabideen finantzazioarekin lotutako erronkak, digitalizazioak dakartzan aukera berriak… Mahai inguru horietan, taldea osatzen duten hedabideen esperientziak eta espektatibak ere landuko dira.