Tokikom komunikazio taldeak 10 urte

“Elkarlanerako gune baten beharra zegoen”.

Guaixe 2022ko aza. 15a, 08:34

Mikel Irizar. Tokikomeko lehen lehendakaria (2012-2014)

2011. urtean hasi zen Tokikom gorputz propioa izaten. Topaguneko lehendakari zen Mikel Irizar Tokikomeko lehendakari bihurtu zen orduan, komunikabideen sektoreak bizi zuen egoeraren aurrean antolatu eta artikulatzeko premiak animatuta. 

Irizarren hitzetan, Tokikom sortzea premiazkoa zen. 90eko hamarkadaz geroztik euskara elkarteak eta tokiko komunikabideak sortuta zeuden, baina "bakoitza bere herrian antolatzen zen, tarteka eskualde mailako proiektuak ere sortu ziren arren. Bilakaera handiko esparru honetan, ordea, txikiegi gelditutako asko eta asko ere bazeuden. Tresnak konpartitzeko eta publizitatearen gaiaz hausnartzeko behar handia zegoen. Elkarlanerako gune berri baten beharra genuen". 

Ahulezien baturatik, indarra
Herri honetan ahuleziak batuz gauza asko egin direla eta Tokikom horren adibide dela dio Irizarrek: "Ahulezietatik indarra ere atera daiteke, lankidetzarako ikuspegia eta borondatea badago. Tokikomen sorreran ahuleziak bazeuden, baina baita indarrak ere. Goienaren esperientzia ezagutzen genuen, eta taldekatzeak zekartzan abantailak ere bai. Euskal komunikabideen sektorea bi solairuko etxe bat bezala irudikatzen hasi ginen: behean tokiko komunikabideak, herritarrekin batera informazioa lantzen; bigarren solairuan, nazio mailako medioak; eta tartean, bien arteko igogailuak. Hamar urteren ostean, formulazio honek egokia izaten jarraitzen du".

 

Elkarrizketa hau Puntua aldizkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu GUAIXEra.