Tokikom komunikazio taldeak 10 urte

"Euskal Herriko mapa margotzen ari gara"

Guaixe 2022ko aza. 15a, 12:53

Bea Aztiri eta Asier Abrisketa. Begituko kazetariak

Tokikomen sartu den azken tokiko komunikabidea da Arratiako Begitu. 2001ean sortu zen, Zertu Elkartearekin batera, eta dagoeneko hogei urteko ibilbidea dauka. Bertako kide diren Bea Aztirirekin eta Asier Abrisketarekin batzeko aukera izan dugu. Lehenak sortu zenetik dihardu Begitun lanean; bigarrena, berriz, Begitu Tokikomen sartu eta webgunearekin batera hasi zen bertan.

"Hasieran, Begitu paperezkoa zen eta hilabetekari bezala argitaratzen genuen. Gero hamabostekari izatera pasa zen, eta, iaztik hona, Tokikomi esker, salto digitala eman ahal izan dugu. Ez gara Tokikomera horregatik bakarrik batu, ordea, tokiko komunikabideen saretze honetatik eskaintzen zaizkigun baliabideak eta besteen esperientziak ezagutzeak laguntza handia ematen digu" dio Aztirik.

Mapa margotzen
Tokikomen sartzeak ekarritako onurez galdetuta, bi azpimarratu ditu, nagusiki, Asier Abrisketak. "Alde batetik, alde teknikotik laguntza ikaragarria da Tokikometik eskainitako plataforma gure lana aurrera eramateko. Gu kazetariak gara, ez programatzaileak. Zentzu horretan eskaintzen zaizkigun baliabideak oso lagungarri zaizkigu. Bestalde, saretzeari garrantzi handia ematen diogu, eta Tokikomek eman digu aukera hori. Euskal Herriko mapa bat margotzea polita bakarrik ez, uste dut oso beharrezkoa dela".

 

Elkarrizketa hau Puntua aldizkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu GUAIXEra.