Tokikom komunikazio taldeak 10 urte

Tokikom-ek bere bazkideak saritu ditu

Guaixe 2022ko aza. 14a, 11:31

Guaixe fundazioko ordezkaritza zabala izan zen Arantzazun ostiralean.

Toki komunikabideen bateraguneak, Tokikomek, bere lehen hamarkada bete du. Tokikom Sarien zazpigarren edizioa ospatu zuen ArantzazuLABen ostiralean. Kazetaritza lanak saritu izan diren aurreko edizioetan ez bezala, aurten komunikazio taldea osatzen duten proiektu guztiak izan ziren sarituak, Guaixe fundazioa barne.

Tokikom komunikazio taldeak bere bazkide guztiak saritu zituen ostiralean, taldea ofizialki eratu zenetik 10 urte bete berri direnean. Horrela, elkarrekin egindako bidea ospatu eta aldarrikatu nahi izan du. Tokikom sortzeko erabakia hartu zuen Euskaltzaleen Topagunetik hasita eta joan den urtean talderekin bat egin zuen Begitu hamaboskarira arte, saritu guztiek sorpresaz eta atseginez hartu zuten jasotako omenaldia.

Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendari Joxe Rojasek azaldu zuenez, “perspektiban jarrita, espero genuena baino askoz ere gehiago aurreratu dugu Tokikom martxan jarri zenetik. Aurrerapen hori, oinarrian, bazkide guztiek denbora honetan egindako ahalegina eta bultzadari esker izan da, eta iruditu zaigu gaurkoa aukera ezin egokiagoa zela ahalegin eta lorpen horiei benetan duten meritua aitortzeko″.


Taldeko komunikazio proiektu guztietako kideak sarituak izan ziren.

Komunikabide taldetik komunikazio taldera
Sariak banatzeaz aparte, ostrialeko ekitaldian errepaso azkar bat eman zaio Tokikomen
historiari 10 urte, hamaika ahots ikus-entzunezkoaren bidez.  Baina iraganari baino, etorkizunari begiratzeko eguna zen. Bazkideak eurak protagonista izan diren mahai inguruetan, Tokikomek talde gisa hurrengo urteetarako dituen erronkak izan ziren hizketa gai. “Handienetako bat Tokikomen beraren izaera eraldatzea da”, azaldu zuen Alaitz Artolazabal, Zuzendari Nagusiak, “gure hausnarketa estrategikoan onartuta daukagu Tokikom komunikabide talde izatetik komunikazio talde izatera pasatu behar dugula, eta horren inplikazioak zehazten joan behar dugu pixkanaka-pixkanaka”.


Arantzazun elkartutako guztiak.

Finantzazio formula berriak
Bigarren erronka handi bat taldearen zein osatzen duten komunikabideen finantzazioan datza. Tokikomeko presidenteak, Iban Arantzabalek, bi ildo nagusi azpimarratu zituen: “Alde batetik, munduko beste komunikabide guztiek bezala, formula berriak bilatu behar ditugu gure komunitatearen sostengua handitzeko: kidetza formula berriak sortu, produktu berriak eskaini, harreman estuagoa garatu tokian tokiko merkatariekin… Eta ,bestetik, dirulaguntza publikoen gaian ere, erakundeekin azken urteetan landutako akordioetan sakondu eta formula berriak adostera jo beharko genuke, betiko laguntza lehiakorren eskematik atera eta hitzarmen egonkorragoak lortu, oraingo laguntzen ziurgabetasunarekin amaitzeko”.

2023an ospakizun publikoa
Arantzazuko ostiraleko ekitaldia barrura begirako ariketa bat izan zen, bazkideen gogoak eta
espektatibak sinkronizatzeko saiakera bat, baina ez da izango Tokikomek hamargarren urteurrenarekin lotuta egiten duen ekitaldi bakarra. Aste honetan Tokikomeko dozena bat lagunek ostatutako taldea Bartzelonara joango da, ACPC- Associació Catalana de Premsa Comarcal elkarteak bere 40. urteurrena ospatzeko antolatutako topaketetara.

Gainera, Tokikomek aurreratu du 2023an jardunaldi publikoak antolatuko dituela, Europako tokiko komunikabideen errealitatea eta erronkak hizpide izanen dituena.