Errigorak Euskaraldiari eman dio lekukoa

Guaixe 2022ko aza. 15a, 13:00

Errigora eta Euskaraldiko kideak elkarrekin eman zuten prentsaurrekoa. UTZITAKOA

Udazkeneko kanpainari esker 13.000 saski banatuko eta 200.000 euro bideratuko dira euskalgintzaren egitasmoetara. Bestalde, ostiralean hasiko da Euskaraldian oraindik izena eman daiteke www.izenematea.euskaraldia.eus webgunean.

Iruñeko Geltoki espazioan Errigorak Euskaraldiari lekukoa pasa zion atzo. Ibai Sueskun Errigora-ko kidearen hitzetan, Nafarroa erdialde eta hegoaldeko dozenaka nekazarik bildutako uztatik 24 ekoizlek saskietako produktuak jarri dituzte; Errigoraren ehunka boluntariok mezulari eta eskaera biltzaile lanak egin dituzte; Aek, Sortzen eta Ikastolen Elkartea antolaketan hartu dute parte; hainbat eragilek eta erakundek bat egin dute kanpainarekin eta milaka kontsumitzailek egin dute eskaera. Lastailean, Ablitas eta Tuteratik Euskal Herriak bat egiteko egindako deiak erantzun bikaina izan du beste behin. Euskarari, elikadura burujabetzari eta auzolanari bultzaka darrai Errigorak, txikitik handira, modu praktikoan.

Gaineratu duenez, ″Nafarroa bat egiteko nahia bera plazan izan da. Eztabaida gaiztoez harago, euskarak lurraldean mugarik ez izateko eta nafar guztiek eskubide berdinak izateko aldarria hedatu da″. Errigoraren udazkeneko kanpainak nekazari eta ekoizleendako onuragarria izateaz aparte, beste emaitza bat utzi du: ″200.000 euro gehiago izango dira Lodosa, Tutera eta Bianako ikastoletan, Ager osoko AEK-ren euskaltegietan bekak banatzeko, eskoletan D ereduko lerroak bultzatzeko eta  Agerraldia egitasmoaren baitan urte guztirako agenda zabala osatzeko″.

Sueskunek Azkoienen azaroaren 5ean izan zen Agerreko euskaltzaleen Topaketetan honakoa azpimarratu zuen: ″hunkigarria izan da nola bat egin duten euskaltzaleek, elkar ezagutu eta elkarrekin euskararentzako erronka zahar berriak partekatzeko. Karkar, Zarrakaztelu, Tutera, Mendabia, Biana,  Lizarra, Kaseda, Zangoza, Oteiza, Tafalla, Kaparroso… Ager zonaldeko herri eta eskualdeen ordezkaritza zabala batera eta ilusioz aritzea itzela izan da″. Bere iritziz, ″mugimendua saretzen ari da, Agerraldia; euskarari hauspo berria eman nahi dion mugimendua″. Gaineratu duenez, ″heldu diren asteetan eskuz esku iritsiko dira milaka etxetara saskiak eta auzolan horrek Euskaraldiarekin bete-betean bat egingo du″.

Hiru egun hasteko
Euskaraldia hasteko hiru egun baino ez dira gelditzen; eta Saioa Goñi, Euskaltzaleen Topaguneko kidearen esanetan, ″ehunka herri, elkarte, entitate eta boluntario batu dira ariketa soziala aurrera ateratzeko antolaketan. Mugimendu handia sumatzen da, eta urteek ematen duten esperientzia ere nabari da ariketa azaltzeko eta ulertzeko sakontasunean″. Euskaraldian parte hartuko dutenek ariketa egingo dutela berresteko garaia da orain. Milaka belarriprest eta ahobizik baieztatu dute jada ariketa sozialera batuko direla, baina oraindik egin ez duenak www.izenematea.euskaraldia.eus webgunean egin dezake. 

Aurten, Euskaraldiak, ariketaren inguruan belarriprest eta ahobiziek izan ditzaketen erronkak ikustarazi nahi ditu. Horretarako, Zein erronka izango duzu zuk Euskaraldiak irauten duen bitartean? galdetu nahi die herritarrei. Goñik azaldu duenez, ″askotariko erronkak dituzte herritarrek hamabost egun hauetarako: buruan duzun lagun horrekin hamabost egunetan euskaraz mintzatzea, saltoki berrietan lehen hitza euskaraz egitea, okindegiko saltzailearekin elkarrizketa elebidunak izaten saiatzea… Aldaketa txiki, ertain eta handiekin etorriko baita aldaketa hizkuntza ohituretan″. Ahobizi edo belarriprest izango diren guztiei egin die eskaera: ″grabatu mugikorrarekin zuen erronka, eta igo zuen sare sozialetara, @euskaraldia aipuarekin eta #HitzezEkiteko traola erabilita″. 

Bestalde, Euskaraldiaren ikusgarritasunak garrantzia handia du ariketa egiteko unean, giroa sortu eta lasaitasuna ematen baitu euskaraz lasaiago hizketatzeko. Beraz, balkoietan, leihoetan eta erakusleihoetan banderatxoak jartzeko deia egin dute Euskaltzaleen Topagunetik, www.denda.euskaraldia.eus webgunean daude salgai eta herrietako batzordeek ere salgai dituzte.

Eta ikusgarritasun horrekin lotuta, ariketa egiteko hain beharrezkoa den txapa dago, ″egunero-egunero paparrean jantzita eramateko″ deia egin du Goñik, ″ariketa egin edo ez egitearen aldea egon baitateke inguruan txaparik ez topatzeak″.