Futbola

Altsasuk eta Lagun Arteak puntu bana eta Etxarrik batere ez

Guaixe 2022ko aza. 15a, 14:30
Etxarri Aranatzek ezin izan zuen Beriain taldea mendean hartu.

Preferente mailako hamargarren jardunaldiak bi berdinketa eta porrot bat ekarri ditu

Asteburuan Preferente mailako hamargarren jardunaldia jokatu zen. 

Altsasuk El Iratin jokatu zuen Rotxapearen kontra. Arerio zuzenen arteko partida zen Iruñean jokatutakoa, lehia bizia. Bi taldeak gol aukerak sortzen saiatu ziren, baina ez zituzten gauzatu, ez lehenengo zatian ezta bigarrenean ere. Horrela, partida husnako berdinketarekin despeditu zen, golik gabe. 

Etxarri Aranatzek Beriain taldea hartu zuen San Donato zelaian. Hau ere arerio zuzenen arteko partida zen, beraz, sailkapenari begira erabakigarria. Lehen zatian nor baino nor lehiatu ziren bi taldeak, eta atsedenaldira joan baino lehen Beriainek gola sartu zuen, penaltiz. Bigarren zatian partidari buelta ematera atera ziren etxarriarrak, baina 53. minutuan Beriainek bigarren gola sartu zuen eta nahiz eta etxarriarrak saiatu, ezinezkoa izan zuten Beriainen defentsa gainditu. Horrela, 0 eta 2 galduta bukatu zen Etxarriko partida. 

Azkenik, Lagun Arteak Leitzan jokatu zuen, Aurrera taldearen kontra. Leitzarrak ziren faboritoak, baina Lagun Arteak sorpresa eman zuen 12. minutuan Unai Bakaikoa beteranoak sartutako golari esker markagailuan aurreratuta. Bigarren zatiko 57. minutuan Unai Zubiriak Lagun Artearen hirugarren gola sartu zuen, baina leitzarrek makineria martxan jarri eta 72. minutuan 1 eta 2 hurbildu ziren. Bost minutu beranduago leitzarrek ate propioan gola sartu zuten eta 1 eta 3 aurreratu zen Lagun Artea, baina lakuntzarren pozak gutxi iraun zuen minutu bat beranduago Aurrera 2 eta 3 hurbildu zelako eta azken minutuan, penaltiz, Aurrerak hirunako berdinketaren gola sartu zuelako. Garaipena eskura izan zuten lakuntzarrek, baina azken minutuan ihes egin zien. Gutxienez puntu bat ekarri zuten Ardiskil zelai zailetik. 

Sailkapena eta datorrena
Preferenteko sailkapenean aldaketa egon da eta Aibares taldea da lider berria (22), Beti Casedanori, Universidad de Navarrari eta Amigori puntu bat aterata. Altsasu bosgarren da (18 puntu), Etxarri Aranatz hamabosgarren (10 puntu) eta Lagun Artea hemezortzigarren, azkena (5 puntu). 

Asteburuan Altsasuk Leitzako Aurrera taldea hartuko du Dantzalekun, hamabigarren den Salesianosen kontra lehiatuko da Etxarri Aranatz eta Lagun Arteak sailkapenean bigarren den eta lidergoa jokoan duen Beti Casedano hartuko du Zelai Berrin.