Tokikomek Kataluniako Tokiko Prentsaren Egunean parte hartuko du

Guaixe 2022ko aza. 18a, 10:03

Kataluniako tokiko prentsaren elkartearen 2021eko jardunaldia. UTZITAKOA

Kataluniako tokiko prentsaren elkarteak, ACPC-k, bere 40. urteurreneko ospakizunen barruan antolatutako ‘Dia de la Premsa Comarcal’ topaketan parte hartuko du Tokikomen ordezkaritzak. 

Euskarazko tokiko prentsa batzen duen Tokikom komunikazio taldeko ordezkaritza batek Bartzelonan emanen du asteburua. Guztira dozena bat lagun joango dira topaketara, guztiak talde teknikoko kideak eta bazkideen ordezkariak direnak. Tokikomen ordezkaritzaren helburua da aukera aprobetxatzea besteengandik ikasteko eta berak egin duena beste batzuei erakusteko. 

Kataluniako tokiko prentsaren elkarteak, Associació Catalana de Premsa Comarcalek, lau hamarkada bete ditu eta, horregatik, bi eguneko egitaraua prestatu du. Kataluniar eta euskaldunez aparte, Balear Uharteetako eta Valentziako toki komunikabideen elkarteetako ordezkariek ere parte hartuko dute topaketan: Associació Premsa Forana de Mallorca,  Associació de Premsa Local de Menorcak, Associació de Premsa Comarcal Valenciana keta Associació de Premsa Comarcal Valencianak. 

Ostirala
Topaketa ostiral arratsaldean hasiko da, eta hartan bertaratutako sei elkarteetako ordezkariek elkar ezagutu eta iritziak trukatzeko tartea izanen dute. Aurreneko saioa lurralde bakoitzeko errealitateak ezagutu eta konparatzeko izango da. Horren barruan, Tokikomek bere tresna digitalen mapa aurkeztuko du, UKTko Gorka Zabaletaren eskutik. Bide batez, itzulpen automatikoko teknologiaren demo txiki bat ere egingo du, ORAI NLPko Igor Leturiaren laguntzaz.

Segituan, toki komunikabideen publizitate merkatuaren inguruko mahai inguru bat
izango da, eta hartan hitza hartuko dute ACPCko Sita Vilaró eta Xavier Jimenezek, Tirabol-eko CEO Joan Campek eta Tokikomeko zuzendarinagusi Alaitz Artolazabalek.

Larunbata
Topaketaren bigarren saioa digitalizazioaren ingurukoa izanen da eta bi gai nagusi izanen dira: edizio digital eta analogikoen arteko harremana eta bizikidetza eta adimen artifizialak tokiko prentsan joka dezakeen papera. Testuinguru horretan, UAB unibertsitateko Santiago Tejedor i Cristinak ACPCren ikerketa saria irabazi duen lana aurkeztuko du: “La Intel·ligència Artificial. Futur de la premsa del territori?”

Jarraian, Joxe Rojasek Tokikomen adimen artifizialeko tresnak aurkeztuko ditu, eta, Valentziako toki komunikabideen elkartetik, Sergio Sanchis-ek paperaren eta digitalaren arteko bizikidetzaz jardungo du, betiere toki komunikabideen esparruan. Bukatzeko, Nació Digital-en editoreak, Marc Bastek egunkari digitalak errentagarri egiteko moduez hizketatuko da. Jardunaldia Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko presidenteak, Xavier Xirgo-k itxiko du.