Areto futbola

Aralar Mendiren lehen garaipena

Guaixe 2022ko aza. 17a, 10:40
Aralar Mendikoak, lehen garaipena pozez ospatzen. ARALAR MENDI

Seigarren jardunaldian iritsi dira merezitako hiru puntuak. Ibararte Xotak, aldiz, ezin izan zion partidari buelta eman

Asteburuan Areto Futboleko Hirugarren mailako jardunaldia jokatu zen, Aralar Mendirendako zorionekoa. Uharte Arakilgo taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Tafallan, Vulcanizados Ruiz Tafa taldearen kontra, partida azkar eta lehiatuan. Aralar Mendik maldizioa apurtu nahi zuen, eta dena ematera atera zen hasieratik. Eneko Cruzek partida hasi eta berehala taldea aurreratu zuen, baina Tafak berdintzea lortu zuen 20. minutuan. Erotzeko moduko minutuak izan ziren horiek, 22. minutuan Aralar Mendiko Jon Iribarrenek bi gol sartu zituelako. Berehala Tafak partidan sartzea lortu zuen, 2 eta 3 hurbildu baitzen, baina Eneko Cruzek uharte arakildarren laugarrena sartu zuen. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen eta launa berdintzea lortu zuen Tafak, partida gogortuz. Baina azken txanpan Aralar Mendik ongi asmatu zuen eta Jon Iribarrenen eta Jon Arenazaren golekin 4 eta 6, garaipen sendoa lortu zuten uharte arakildarrek, ederki ospatu zutena. 

Aldiz, Irurtzunen ospakizunik gabe geratu zen Ibararte Xota, Garbayo Chivite Cintruenigoren kontra 2 eta 3 galduta. Sailkapenean bigarren den Cintruenigoko taldeak bere nagusitasuna ezarri zuen lehen minutuetatik eta bi gol sartu zituen berehala, baina Ibarartek ez zuen etsi. Partidari buelta ematen saiatu ziren, eta 2 eta 3 gerturatzera lortu zuten, Asier Gonzalezen eta Iraitz Bearen golei esker. 

Sailkapenean Universidad de Navarra da lehena (13 puntu). Ibararte Xota zazpigarren da (9 puntu) eta Aralar Mendi bederatzigarren postura igo da (3 puntu). Larunbatean sailkapenean bosgarren den Bonel Construcciones Ablitasen kontra jokatuko du Ibarartek, 17:00etan, Ablitasen. Aralar Mendik, aldiz, atseden jardunaldia du. 

Emakumezkoetan, Xotak atseden
Emakumezkoen lehen senior mailan Xotak atseden jardunaldia zuen. Lacturale Orvinak jarraitzen du lider (12 puntu) eta Xota seigarren da (6 puntu). Igandean Murchanten jokatuko du Xotak, 12:00etan, sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena den Talleres Recarte Murchanteren kontra.