Astekaria

"Ergoienan harrera oso ona egin zidaten"

Maider Betelu Ganboa 2022ko aza. 22a, 14:00

Pili Calvo Valero, Lizarragako botikan.

Lizarragako botikak 25 urte bete dituen honetan ilusioz eta gogotsu jarraitzen du Pili Calvo Valero botikariak. Botikaria izateaz gain, psikologo eta entzule lanak egiten ditu maiz, ergoendarren konfiantza irabazi duelako

1. Iruindarra izaki, nola erabaki zenuen botika Lizarragan zabaltzea?
Nafarroako hainbat botikatan ordezkapenak egiten nituen, baina neure botika izan nahi nuen. Orduan botikak zabaltzeko legedia zorrotzagoa zen, populazioaren araberakoa baitzen. Nafarroan soilik hiruzpalau tokitan jarri zitekeen botika bat, horietako bat Ergoiena zen, eta oso ongi komunikatuta dagoenez, animatu nintzen.

2. Tokia bilatzea erraza izan zen?
Ez. Neure asmoa bajera batean zabaltzea zen, baina Lizarragan ez zegoen bajerarik. Kontzejuak hiruzpalau lursail publiko zituen, neure eskaria onartu, eta botikaz gain etxebizitza ere egin nuen.

3. Herri txikiak izaki, negozioak funtzionatuko ote zuen kezka zenuen?
Horrenbesteko ilusioarekin eta hain gogotsu etorri nintzenez, ez nuen aukera hori planteatu ere egin. Hiru herrietan neure burua aurkeztu nuen eta harrera oso ona izan zen. Benetan. Ergoendarrek zerbitzua bertan izatea asko eskertzen dute.

4. Datuak ikusita, bezero gehienak edadetuak izango dira.
Bai. Iritsi nintzenean 65-70 urte zituzten bezero askok gaur egun 90-95 urte dituzte. Adin horretako asko daude. Ergoienakoa oso zaharkitutako biztanleria da. Badago herrian geratu denik, herrian etxea egin duten gazteak, nolabaiteko errelebo bat. Baina gehienak nagusiak dira. Hemen urte txar bat badago, herri erdia joaten zaizu.

5. Ergoienan etxebizitza edo lursailak salduko balituzte, jendea gehiago geratuko litzateke bertan?
Baietz uste dut, baina herri txikietan familiaren ondarea saltzea kosta egiten zaie. 

6. Botika gainean bizi zarenez, bezeroak edozein ordutan etortzen al zaizkizu?
Batzuetan ordutik kanpo etortzen dira, baina beti arrazoizko kasuren bat dagoenean. 

7. Botikaria, psikologoa, konfiantzazko entzulea... denetarik.
Hori nire lanbidearen alde ona da, bezeroek deitu eta edozein arazo kontatzeko duten konfiantza hori. Ni ere halakoa naiz, eta badakite edozer gauza kontatu ahal didatela. Bezeroen konfiantza irabazi dudala sentitzen dut. Gehienak maitagarriak dira, oso ongi tratatzen naute. Badago bat perretxikoak ekartzen dizkidana, edo arrautzak... Nolabait, eurekin ongi portatzen zaren sentsazioa duzu. Esker ona. 

8. Pandemia nola bizi izan zenuten?
Jende nagusia izutu zen eta askok zalantzak argitzeko deitzen zidaten. Batzuei botikak etxera eramaten nizkien, baina ez zen izu egoera bat izan, inola ere. Ergoienan ez zen coronavirusak jota inor hil. Ezta bat ere. Osasun mentalaz horrenbeste hitz egiten den honetan, esango nuke jendea, orohar, okerrago dagoela. Bezero batzuk botika-ostean sartu eta hustu egiten zaizkit. Beste batzuk, aldiz, ez dute zer duten adierazi nahi izaten.

9. Zein da botikan gehien saltzen dena? Automedikaziorako joera handia dago?
Gehien saltzen direnak parazetamolak eta analgesiko antiinflamatorioak dira. Analgesian modak izaten dira. Gaur egun naxoprenoekin eta ibuprofeno eta parazetamolarekin gabiltza. Automedikazioarena, bai, gertatzen da. Esango nuke gazteak automedikatzen direla gehiago. Nagusiek oinaze handiak aguantatzen dituzte, askotan gehiegi.

10.  25 urte. Zein da balorazioa?
Ona, momentuz kontentu nago, ilusioz eta gogotsu. Agian faltan botatzen dudana da jende gazteago etortzea, nire jakintza proban jartzeko. Azalean errosazeoa dut, zer gomendatuko zenidake? Eta halakoak. Bestalde, gazteak lasaitasun osoz etortzen dira. Konfiantza badago. Guardian dagoenean asko datoz hurrengo eguneko pilula eskatzera. Beti esaten diet kontu handiz erabili beharrekoa dela, larrialdiko botika baita. Ezin da inoiz antisorgailu gisa erabili behar. Sekulako bonba hormonala da gorputzarendako.

11. Asteburuan San Klemente festak ospatu dituzue. 
Bai, gustura. Festa hauek bereziak dira, sekulako arriskua dute (kar, kar...). Lizarragan gustura bizi gara, nahiz eta eguzkiak ez duen asko jotzen. Adarra jotzen digute horrekin, baina hala da, aitortu beharra dugu. Bereziki neguan nabaritzen da: oso luze egiten da. Argi faltak geure izaeran ere eragina du, zalantzarik gabe, baina Lizarragan oso-oso gustura gaude.