Atletismoa

Sakandarren Behobia-Donostia

Maider Betelu Ganboa 2022ko aza. 21a, 11:30

Guztira 55 sakandarrek osatu zuten 57. Behobia-Donostia, giro ederrean

Beste behin, 57. Behobia-Donostia lasterketa korrikalarien festa ederra izan zen. Fortuna klubak antolatutako lasterketak zituen 20 kilometroetan barna jende andana zegoen izena eman zuten milaka korrikalariak animatzen, giro bikainean. Pandemiaren murrizketa guztiak alde batera utzita, normaltasunez ospatu izan zen lasterketa berezia. 

Probak zapore kataluniarra izan zuen, bai parte hartzeari dagokionez –ia 6.500 atleta kataluniarrak ziren– eta baita kirol merituak aintzat hartuta, probako bi irabazleak, Nan Oliveras (1:01:21) eta Cristina Silva (1:11:31) kataluniarrak baitziren, Oliveras Olotekoa eta Silva Bartzelonakoa. Lehen euskaldunak Chakib Lachgar (1:02:00, laugarren postuan) eta Elena Silvestre (1:14:02, hirugarren postuan) errenteriarrak izan ziren. 

Beroa izan zen lasterketaren protagonista nagusia, termometroak 20 gradutik gora markatzen baitzuen lasterketa pil-pilean zegoenean. Antolakuntzako bozgorailuetatik, ongi hidratatzeko eta gehiegi ez estutzeko deia egiten zieten korrikalariei. Hala ere, 125 pertsonak bero kolpea jasan zuten eta osasun langileek aurrekoez gain, bi bihotzeko artatu behar izan zituzten. 

Kopuruak
Ia 30.000 korrikalari zeuden izena emanda Behobia-Donostia herri lasterketan, 29.732 korrikalari zehazki, eta azkenean 25.753 pertsona irten ziren. Horietatik 24.184 iritsi ziren helmugara,  1.234 deskalifikatu zituzten eta 341k lasterketa utzi egin zuten. Emakumeen parte hartzeak igotzen jarraitzen du, korrikalarien %28,53 emakumezkoak baitziren. 

Behobia-Donostia osatu zuten nafarrak 1.114 izan ziren. Horien artean daude proba nagusia bukatu zuten 53 sakandarrak, 43 gizon (%81) eta 10 emakume (%19). Eta baita irristaketa modalitatean aritu ziren bi sakandarrak ere. Beraz, guztira 55 sakandarrek osatu zuten Behobia-Donostia, joan zen urtean baino bat gutxiagok. Korrikako proban Jabi Gasanz altsasuarra (1:10:35) eta Marta Irañeta irurtzundarra (1:34:05) izan ziren lehen sakandarrak, eta irristaketan David Gonzalo uharte arakildarra, sailkapen absolutuan bederatzigarren postuan (35:34). 


“Giroa paregabea zen; uste dut hori ez dela inon ikusten”
Jabi Gasanz Barragan KORRIKALARIA

Zer moduz joan zen proba?
Ongi, nahiko ongi, espero nuen denboratik nahiko gertu. Bero handia egiten zuen, eta gorputzari ezin zitzaion asko eskatu. 20 gradutik gora eta hezetasun handia, horrek eragina du. Gorputzak energia gehiago behar du ongi funtzionatzeko. 

Orain arte egin duzun denborarik onena izan al da?
Nire lehendabiziko Behobia-Donostia izan da. Mendi lasterketetatik nator, eta orain arte ez dut asfaltoan halako distantzia luzerik egin, baina aurten saiatzea erabaki nuen. Ataungo lasterketetatik Behobiara proba luzeagoak egiten aritu naiz, gustura. 

Behobiak izen handia du. Espero zenuena izan da?
Bai, giroa paregabea zen. Uneoro jendetza korrikalariak animatzen… Uste dut hori ez dela inon ikusten. Gorabeheraz beteriko lasterketa izan arren, ez zitzaidan gogorregia iruditu. Datorren urtean berriz hor egongo gara. Gainera, aurten egindako denborari esker, aurrerago aterako naiz, beraz, askoz hobe. 


“Espero nuena baino hobea izan da”
Marta Irañeta Poyo KORRIKALARIA

Zure lehendabiziko Behobia izan da?
Bai, eta espero nuena baino hobea izan da. Bero gehiegi zegoen, hego haizea eta deshidratatzeko arriskua, baina buruarekin korrika egin nuen, poliki, pultsazioak kontrolatuz, eta ongi. Behobia disfrutatzeko lasterketa bat da, oso polita. Jende asko zegoen, ibilbide guztian barna korrikalari guztiak animatzen. Nik flipatu nuen. Musikariak, batukadak… sekulako giroa zegoen. 

Espero zenuen denbora egin al zenuen?
Ordu eta erdi eta ordu eta 40 minutuko tarte horretan egin nahi nuen proba, eta ordu eta 34 minututan egin nuenez, oso pozik nago. Nire lehen Behobia denbora horretan egitea... handia izan da. Astebete lehenago Iruñeko Harresien Lasterketa egin nuen Behobia-Donostia prestatzeko. Gustura ibili nintzen, oso pozik nago bi lasterketetan egindakoarekin.

Behobiara engantxatu al zara?
Guztiz! Data hori azpimarratuta daukat nire datorren urteko egutegian!


Sakandarrak 57. Behobia-Donostian
Proba nagusia (20 km)
Gizonak:
1. Nan Oliveras 1:01:29
115. Jabi Gasanz 1:10:35
128. Asier Estarriaga 1:10:49
170. Sergio G. Eulate 1:11:46
201. Eukeni Goikoetxea 1:12:22
290. Ivan Sobredo 1:14:09
453. Aritz Munarriz 1:16:39
1029. Javier Borrega 1:21:11
1213. David Mutiloa 1:22:26
1394. Iñaki Azkona 1:23:30
1666. Emilio Guirado 1:24:42
1708. Arkaitz Galarza 1:24:53
1937. Joseba Galarza 1:26:06
1972. Hodei Ciganda 1:26:16
2212. Joxeja Maiza 1:27:20
2612. Jon Ander Fernandez 1:28:46
2700. Imanol Guerrero 1:29:06
4349. Fernando Montero 1:34:11
4606. Alejandro Pain 1:34:56
4652. Pedro Jose Rodriguez 1:35:02
4864. Eduard Casanovas 1:35:37
5079. Iñigo Rekalde 1:36:09
5772. Gaizka Mtz. De Albeniz 1:37:52
5778. Jon Lapuente 1:37:52
5993. Emilio Carabias 1:38:20
6300. Adrian Jaka 1:38:56
7181. Kaxi Estarriaga 1:40:37
7704. Iñaki Paniagua 1:41:41
7822. Juan Pedro Ariz 1:41:56
7876. Juantxo Azurmendi 1:42:04
8025. David Fuentes 1:42:26
9629. Diego Lopez 1:45:19
10771. Iban Martin 1:47:33
10969. Santi Agirre 1:47:53
11091. Gorka Perianez 1:48:06
11277. Ruben Cantero 1:48:24
12164. Javier Rekalde 1:49:59
12354. Iñaki Mauleon 1:50:19
12505. Iñigo Orella 1:50:36
14183. Jose Luis Rubio 1:53:38
16127. Karlos Alonso 1:57:17
16558. Raul Erice 1:58:03
18413. Iñigo Zapirain 2:02:00
18930. Jose Antonio Augusto 2:03:17

Emakumeak:
158. Cristina Silva 1:11:31
4299. Marta Irañeta 1:34:05
4370 Ainhoa Markinez 1:34:15
5879. Leire Mugika 1:38:05
8163. Erkuden San Martin 1:42:44
8575. Maitane Txueka 1:43:32
13154. Elena Guzman 1:51:47
13404. Olatz Monreal 1:52:18
19920. Nerea Argüelles 2:06:09
22521. Saioa Jimenez 2:16:43
23445. Leticia Goñi 2:24:28

Irristaketan (20 km)
Gizonak:
1. Alberto Aleman 35:12
9. David Gonzalo 35:34
23. Javier Gonzalo 41:01

Emakumeak:
17. Idoia Mtz. De Lafuente 40:06

* Behobia-Donostiako zerrendetan, baina denborarik gabe: Carlos Manero, Marijo Arza, Aritz Etxeberria, Jon Mendia, Aitor Mendia, Ibon Paularena, Alatz Agirre, Aizea Beraza eta Iñaki Razkin.