Hamar urte bete dira euskarazko tokiko hedabideak elkartu eta Tokikom sortu genuenetik. Aurretik, Euskaltzaleen Topaguneko adar bat zen hedabideen lantaldea, harik eta 2012an nortasun propioa hartu zuen arte. GUAIXE fundazioa lantaldean egon da hasieratik eta, beraz, baita Tokikomen sorreran ere. Hedabideen bateragunearen urteurrena ospatu beharra zegoenez, hura osatzen dugun proiektuetako kideek Arantzazun hitzordua jarri genuen ostiralean.
Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendari Joxe Rojasek azaldu zuenez, “perspektiban jarrita, espero genuena baino askoz ere gehiago aurreratu dugu Tokikom martxan jarri zenetik. Aurrerapen hori, oinarrian, bazkide guztiek denbora honetan egindako ahaleginari eta bultzadari esker izan da, eta iruditu zaigu gaurkoa aukera ezin egokiagoa zela ahalegin eta lorpen horiek benetan duten meritua aitortzeko″. Horregatik, azken urteetako ibilbidea kontuan hartuta, Tokikomen parte diren proiektu guztiek saritu zituen. Baita GUAIXE fundazioa ere. Izan ere, ″zailtasun larriei buelta emateko modua topatu eta eskualdeko komunikazio proiektua egonkortzen asmatu du GUAIXEk, betiere komunitateak lagunduta eta sare ikuspegia oso presente izanda″. Horregatik, hain zuzen ere, jaso du GUAIXEk saria, Alaitz Artolazabal zuzendari nagusiak azaldu zuenez.