Euskaltzaleek erronkak azaleratu dituzte

Guaixe 2022ko aza. 21a, 15:04

Euskaraldian zein hizkuntza ohitura berri lortu nahi dituzten zehatz dakite ahobiziek eta belarriprestek

Azken bi asteetan ibarreko makina bat herritan Hitzez ekiteko ekitaldiak antolatu dira Euskaraldia dela eta. Herrietan sortutako batzordeek Euskaraldiko banderolak eta beste saldu, izenak hartzeko eta txapen banaketarako ekitaldiak antolatu dituzte gehien bat. Horrela jaso dute sakandar ugarik belarriprest edo ahobizi txapa. Baina, ohi bezala, azken momentuan izena eman eta gero txapa eskuratzeko larri ibili denik izan da bazterretan. Eta, gainera, ez zuena aurreko edizioetako txaparik etxean opatzen.

Aipatutako ekitaldietan batzordekideek sakandarrei Euskaraldiaren bizipen hobea izateko modua azaldu diete: nork bere buruari erronka edo helburu bat jartzea. "Euskaraldirako erronka edo helburu bat edo batzuk jarriz gero, ariketa sozialak irauten duen bitartean hori betetzen ari den ebaluatzeko aukera izanen dugu. Eta helburua edo erronka betetzeko neurriak har ditzakegu Euskaraldia bitartean. Ariketa bukatzean ere gure helburuak lortu ditugun ebaluatzeko aukera izanen dugu", azaldu digu Sakanako Euskaraldiko arduradun eta Olatzagutiko batzordekide Amaia Iparragirre Mendiak. Gaineratu duenez, "behin ariketa soziala bukatuta, jarritako erronka edo helburua bete dugun jakinen dugu. Lortu badugu poza handiagoa izanen da. Ez badugu lortu zertan hobetu dezakegun jakinen dugu".

Iparragirrek azpimarratu duenez, "erronkak eta helburuak norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta inguruko pertsona eta erakundeetan eragiteko tresnarik eraginkorrenak dira". Gaineratu duenez, "benetako erronka Euskaraldiko 15 egunen ondoren lortutako hizkuntza ohituren aldaketari eustea da".

Inkesta