GUAIXE FUNDAZIOAk bere artxiboko 1.522 argazki digitalizatu ditu

Guaixe 2022ko aza. 24a, 09:04
Guaixeko erredakzio taldea 1995ean: Aitziber Etxaiz Soria, Olatz Irizar Martinez eta Amaia Amilibia Salgado. ARTXIBOA

GUAIXE hilabetekarian eta OIXE astekarian 1994 eta 2004 urteen artean argitaratutako argazkiak dira paperetik ordenagailura pasa direnak. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin batera garatutako elkarlan proiektu baten helburua izan da.

Aspaldi itxita zeuden karpetak zabaldu eta barruan zeuden argazkiak begiratu. Urteka, gaika eta herrika antolatuta daude, baina erabileraren poderioz, nahasketaren bat ere bada. Horiek atzeman ondoren, GUAIXE fundazioaren paperezko argazki artxiboa digitalizatzen eman du azken asteak Gema Lakuntza Lopez lankideak. Tarteka, argazkia eskuan, "ai ama!" esaka entzun dugu, edo barre txikiak egiten. Harritu da Bildotsaren kofradiak Etxarri Aranatzen 1996ko ilbeltzean egindako bilkuraren berri izatean. Altsasuko Domingo Lumbier Eskolen eraikinak beste garai bateko oroitzapenak ekarri dizkio. 1995eko Korrika Kulturaleko Uharte Arakilgo eta Lakuntzako herri kirol saioak ikustean jabetu da gaur egun halakorik ez dela egiten. 1995eko Arbizuko duatloiko argazkiak gogoan dituela, janzkeran izandako aldaketak ere harritu dute. 

Irudiak digitalizatzen ari zela, tarteka, Lakuntzak galdetu izan du: "ba al dakizu zein den hau?" Argazkietako pertsonak identifikatzen lankideez aparte, fundazioko kide izan ziren Amaia Amilibia Salgado eta Izaskun Bengoetxea Delgadoren laguntza izan du, baita Floren Beraza Gastesirena ere. Lana despedituta, 1994an fundazioa sortu zenetik 2004ra bitarteko paperezko 1.522 argazki dira digitalizatu dituenak. 

 

Bilera
Fundazioaren egitekoen artean zegoen eginkizuna zen irudi artxiboa digitalizatzea. Baina horri azken bultzada eman diona Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE) izan da. Haren izenean Anabel Arraiza Artieda fundazioarekin harremanetan jarri zen martxoan eta elkarlan proposamena egin zuen. Arraizak azaldu zuenez, "Wikipedia hobetu eta zabaltzea dugu. Euskaraz, auzolanean. 2020an Ttipi Ttapa aldizkariarekin landutako proiektuak emaitza bikainak izan zituen (2.000 argazki digitalizatuta) eta GUAIXErekin antzeko elkarlana egin nahiko genuke". 

San Joan egunez, Tokikom, EWKE eta GUAIXEko ordezkariek bilera egin zuten, eta etxerako lanekin atera ginen. Garilaren baterako jakinarazi zuen fundazioko koordinatzaile Goizeder Anton Iturraldek 1.500 bat argazki izanen zirela, "baina baheketa egin beharko da, nahikotxo errepikatuta daudelako". Gaineratu zuenez, "aldizkarietan argitaratu ondoren, egileei edo jabeei bueltatutako argazki asko daude. Hor hutsune bat dugu". 

Denon eskura
Egindako lanak GUAIXE fundazioari balio izan dio bere argazki artxibo guztia formatu digitalean izateko. Sinatutako akordioari jarraituz, digitalizatutako argazki funtsa EWKEren esku geldituko da eta Wikimedia Commons atarian jarriko dituzte. Azken hori Wikimedia fundazioaren proiektu bat da zeinetan irudi, soinu eta multimedia fitxategi askeak biltzen diren. Wikipedia fundazioaren proiektu guztiak bezala Wikimedia Commonsek ere lizentzia askea du, Creative Commons edo CC. Beraz, atarian jarritako edukiak edozeinek erabili eta editatu ditzake. Aukera hori izanen da GUAIXE FUNDAZIOko argazkiekin ere aurki, CC lizentzia librean partekatuko baitira. Geroz, argazki horiek nahi duen guztiak hartu, eta nahi duen funtziorako erabil ditzake. Baldintza bakarra bete behar da: argazkiaren jabetza intelektuala aitortzea, hau da, irudia GUAIXErena dela esatea. Argazki horiek bere baitan erabiltzeaz aparte, badago editatzeko aukera ere. Hori egiten den kasuan, argazkiaren egilea nor den adierazi beharko da, eta baita argazki hori editatuta dagoela ere. Gainera, behin hori eginda, berriz ere lizentzia librean partekatu beharko da irudia.