Hiru hitz ditu aurtengo Euskaraldiaren leloak. Aurrenekoari erreferentzia eginez, Irurtzungo batzordeko Blanka Ilundain Etxeberriak esan duenez, ″hitza da komunikatzeko dugun tresnarik indartsuena. Ahobiziek eta belarriprestek hitza eskainiz eta hitza eskatuz jokatzen dugu″. Azpimarratu duenez, ″hitzekin zubiak eraiki eta sareak jos ditzakegu. Hitzez sentitzen gara komunitate″. Eta ″hitzarekin elkar eragiten dugula″ gaineratu du. Ilundainen esanetan, ariketa sozialak iraunen dituen hamabost egunetan ″hitzez arakatuko ditugu ezezagunak zaizkigun territorio berriak″.
Bakaikuko batzordeko kide Arantxa Jungitu Aseginolatzak leloko bigarren hitzari erreparatu dio. Bere iritziz, ″ekintza da nahi dugun hori errealitate bihurtzeko baliabidea. Ekimenen bidez piztu dugu komunitatea, mantendu dugu sua bizirik. Ekinez lortuko dugu kalea irabaztea″. Bakaikuarrak gogorarazi duenez, ″ekintza herria gara, milaka lagun mugiarazi eta auzolanean aritzeko gaitasuna duen herria″. Azpimarratu du Euskaraldian milaka boluntarioren ekintzak lotuko direla eta, horrela,″ekinez irabazten ditugu espazioak, babesguneak, ariguneak. Ekinez egingo ditugu gure elkarte, enpresa eta erakundeak euskararentzako abegikor″. Horregatik, ekiteko dei egin du: ″harreman sareak ugaritzeko, ekimena ohiturak aldatzeko, ekina inertziak astintzeko″.
Leloko azken hitzaren inguruan Lakuntzako batzordeko Ainara Lopetegi Lopez hizketatu zaigu: ″txapak jarrita ingurukoei gure nahia erakusteko garaia iritsi dela adierazten dugu. Gainera, babesturik, taldean, batera aritzeko garaia da Euskaraldia″. Lakuntzarraren iritziz, ″orain da pauso sendoak emateko garaia. Egindako aukera pertsonalak eta kolektiboak gehituz bide berriak zabalduko ditugulako eta, horrela, ohiturak eta joko-arauak aldatuko ditugulako″. Hirurek nabarmendu dute Euskaraldian zehar eskuratzen diren lorpenak, ″nahiz eta txikiak, ertainak edo handiak izan, beste askorekin batera gizartearen inertziak aldatzeko baliagarriak izanen dira″. Iritsi baita hitzez ekiteko garaia.