Futbola

Jardunaldi tristea gure taldeendako

Guaixe 2022ko aza. 22a, 10:20

Altsasuk galdu egin zuen Dantzalekun.

Preferente mailan Altsasuk, Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak galdu egin zuten

Preferente mailan asteburuan hamaikagarren jardunaldia jokatu da eta gure hiru taldeendako jardunaldi negargarria izan da, hiru taldeek galdu dutelako. 

Altsasuk Leitzako Aurrera taldea hartu zuen igandean Dantzalekun. Leitzarrak erasoan hasi ziren hasieratik, eta ia konturatu gabe 12. minuturako 0 eta 2 aurreratu ziren, Altsasuren harridurarako. Gorritxoak saiatu ziren, baina lehen zatian ezin izan zioten partidari buelta eman. Bigarren zatian, leitzarren atera iristen hasi ziren altsasuarrak, 75. minutuan Eneko Galarzak gola sartu eta Altsasu 1 eta 2 gerturatu eta partidan sartu are. Bi taldeak lehia gogorrean sartu ziren. Azken minutua zoratzekoa izan zen, talde bakoitzak gol bana sartu zuelako. Jose Joaquin Montoyak sartutako golari esker bina berdindu eta puntu bat lortzeko aukera izan zuen Altsasuk, baina Leitzako Koldo Hernandorenak altsasuarren asmoak zapuztu eta Aurrekoak 2 eta 3 irabazita itzuli ziren Leitzara. 

Etxarri Aranatzek salestarretan jokatu zuen Salesianosen kontra. Kasu honetan ere, partida hasi eta berehala aurreratu zen Salesianos, 15. minutuan Diego Gabarik sartutako golari esker. Etxarrik ez zuen etsi eta berdintzen saiatu zen, baina ezin. Azken txanpara arte borrokan aritu ziren etxarriarrak, baina 90. minutuan Salesianosen bigarren golak partida erabakita utzi zuen eta punturik gabe geratu zen Etxarri. 

Bukatzeko, Lagun Artea taldeak sailkapenean hirugarren den eta lidergoagatik borrokatzen duen Beti Casedano taldea hartu zuen larunbatean Zelai Berrin. Partidan nor baino nor lehiatu ziren bi taldeak partida entretenigarri eta borrokatuan. Lehen zatian bi taldeak saiatu ziren, baina ez zuten arrisku gehiegirik sortu, Beti Casedanok bereziki. Bigarren zatiak joera berbera zuen 67. minutuan Beti Casedano Lagun Arteako atera iritsi eta Diego Apesteguik Casedakoen aldeko lehen gola sartu arte. Lakuntzarrak partida berdintzen saiatu ziren, baina 90. minutuan Apesteguik, atzera ere, gola sartu eta Lagun Arteak 0 eta 2 galdu arte. 

Sailkapena
Aibares taldeak jarraitzen du lider (25 puntu), Universidad de Navarra (24 puntu),  Beti Casedano (24 puntu) eta Amigo (24 puntu) taldeen aurretik. Altsasu seigarren postura jaitsi da (18 puntu), Etxarri Aranatz hamabosgarren da (10 puntu) eta Lagun Artea hemezortzigarren, azkena (5 puntu). Datorren asteburuan hirugarren den Beti Casedanoren kontra jokatuko du Altsasuk Casedan, Etxarri Aranatzek Universidad de Navarra bigarrena hartuko du eta sailkapenean hamazazpigarren eta arerio zuzena den Ilunberri izango du aurkari Lagun Arteak.